SEI HILEBETEKO EPEAN IKUSKARITZA ETA KONTROL ZERBITZUA INDARTZEKO NEURRIAK AURKEZTEKO ESKATU DEUTSIE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ALDUNDIARI

  • Osokoak EH Bilduren mozino bat onartu dau, Gizarte Ekintzako sailak kontratazino kopurua eta behargin barriek izango daben laneko profila jasoko dituan plangintzea egin daian, 2026an zerbitzu horren plantillea handitzeko.


(Gernikan, 2025eko zezeilaren 19an). Gaur goizean Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak Aldundiak Gizarte Ekintza Saileko Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzua indartzea eskatzen eban EH Bilduren mozino bat onartu dau. Batzar Nagusietako ekimenak talde guztien aldeko eretxia jaso dau, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiarena izan ezik, talde hori abstenidu egin da-eta, proposamena “ez dalako nahikoa”. 

Onartutako mozinoak puntu bi jasoten ditu. Lehenengoan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egiten deutsie Gizarte Ekintza Sailari, sei hilebeteko epean Gizarte Ekintzako Batzordean aurkeztu daizan Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzua indartzeko hartuko dituan neurriak. Horreen artean, egingo dituan kontratazinoen kopurua eta behargin barriek izango daben lan-profila. Eta bigarren puntuan, neurrien betearazpenaren kronogramea aurkeztu daiala eskatzen jako Foru gobernuari, behargin barriak 2026an beharrean egon daitezan.

Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak, proposamenaren defendatzaileak, gogora ekarri dau Aldundiak, kontroleko azkenengo osokoan, Ikuskapen eta Kontrol zerbitzua indartzea proponidu ebala. Duquek adierazo dauenez, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatu andreak 2023ko Gizarte Zerbitzuen Ikuskapen eta Kontrol Planaren emaitzak aurkezteko azaroan egin zan batzordean emon eban balantzeak aztertutako urtean emon ziran ez-beteteen gorakadak eragindako datu “kezkagarriak” jarri ebazan mahai gainean. Balantze horren arabera, “387 zentro ikuskatu ziran eta 238 zentrotan 377 baldintza material eta funtzionalen ez-beteteak azaleratu ziran”, ekarri dau gogora Duquek.

Foru gobernuari eusten deutsien talde biek Gizarte Ekintza Sailak lan hori areagotzeko eta Bizkaiko gizarte zentroei egiten jakezan kontrolak handitzeko azkenengo urteetan egin dauen beharra defendidu dabe. Jane Eyre Urkieta batzarkide jeltzaleak azaldu dauenez, arlo hori daborduko ikuskapen eta kontrol zerbitzuaren egoereari buruzko azterketea “egiten ari da”. Lehenengo neurrietako bat 2025ean “9 ikuskatzaile” sartzea izango da.

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak, bere aldetik, EH Bilduk onartu ez dauen zuzenketa-eske batean, testuari beste hiru puntu gehitzea defendidu dau. Zehatzago, plan orokor barria idaztea; urteko ofiziozko ikuskapen-planek zerbitzu-tipologia bakotxa arautzen dituen dekretuetan jasotako baldintza guztiak egiaztetan dirala bermatzea; eta ikuskapen eta kontroleko gastua sailaren aurrekontuaren % 0,5era arte handitzea.


ZATIKETA EUSKEREA DALA-ETA 

Beste alde batetik, urteko ohiko bigarren osokoan, guztiz kontrakoak izan diran EH Bilduk eta Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako mozino bik, Aldundiaren 2021eko LEPa baliobakotu dauen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) azkenengo epaiaren aurrean Aldundiak izan behar dauen jokabideari jagokonez zatituta dagoan Bizkaiko Parlamentua erakutsi dabe. Proposamen bietako batek be ez dau aurrera egin, Foru gobernuari eusten deutsien talde biak (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) kontra agertu diralako. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldea abstenidu egin da bietan, eta proposamena aurkeztu daben taldeek euren ekimenen alde bozkatu dabe.

Ekimenetako bat defendidu dauen Rakel Goñi EH Bilduko batzarkideak bere mozinoan adierazo dauenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren azkenengo epaiek eta erabagiek euskerea bizibarritzeko politika publikoak garatzeko bidea “oztopatzen” eta “ezegonkortasun juridikoa sortzen” dabe. Horregaitik, aurkeztutako errekursoen bidean beharrean jarraitu daiala eskatu deutso Bizkaiko Foru Aldundiari. Ganera, legean aldaketak egitea eskatu dau, justiziaren “irakurketa gaiztoak eta maltzurrak saihesteko”, eta, holan, ez daitezala beste administrazino batzuentzat “abisu” bihurtu, euren hizkuntza eskakizunak nasaitu daiezan.

Bizkaiko Talde Popularraren mozinoak, bere aldetik, Aldundiak errekurso horreek kentzea proponiduten eban, aurrekariak ikusita, Irungo edo Donostiako udalen kontrako epaiak aitatuz, barriro kontrako epaia jasoko dabela ikusten dalako. Holan, Raquel González talde horretako bozeroaleak, indarrean dagoan legeak ezarten dituan euskerazko plazen ehunekoak bete daizala eskatu deutso Aldundiari, bere berbetan deialdi guztietan, “% 47koa” izan behar dalako. 2021eko LEPak “% 89,87an” ezarri eban ehuneko hori, eta 2022ko LEPak “% 92,2an”. “Zentzutasuna, sen ona eta baliabide publikoak ez xahutzea” eskatu dau.

Beste alde batetik, Richar Vaquero Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak bere taldearen abstentzinoa defendidu dau ekimen bietan, batean zein bestean “aldeko zein kontrako errazoiak” dagozalako, eta esan dauenez ehunekoen burrukak “ez dau laguntzen” “zaurgarritasun” egoeran dagoan hizkuntza –euskerea– normalizetan.

Bien bitartean, Berta Campo sozialistak bere taldearen lana defendidu dau, “akordio handi guztietan” dagoalako, hizkuntza ofizial bien erabilera orekatuari jagokonez, eta euskerearen eskakizuna lanpostuaren eta errealidade soziolinguistikoaren arabera egokitzen dauen Euskal Sektore Publikoan euskerearen erabilerea normalizetako 19/2024 Dekretua onartu dala ekarri dau gogora.

Mikel Bagan jeltzaleak, bere aldetik, gai hori “konfrontazino politikotik ateratea” eskatu dau, eta Aldundiak daborduko aurkeztu dauen kasazino errekursoaren alde agertu da, beste epai batzuek adierazotakoaren arabera “ibilbide judiziala” egon badagoalako. Justizia Auzitegi Nagusiaren 30/2024 epaia aitatu dau. Epai horren arabera, administrazino bakotxak dauka hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna ezarteko “eskumena”. Ehunekoei jagokenez, ez dagoala “ehuneko zehatzak marketan dituan legerik” erantzun deutso Baganek PP taldeari.


TARIFA EREDUARI BURUZKO IBILBIDE ORRIA

Bukatzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu EH Bilduk aurkeztutako mozino bat, Aldundiak, urtea bukatu baino lehen, Bizkaiko garraio publikoan bidaia kopurua eta erabiltzaileen errentak kontuan izango dituan tarifa sistemea ezarteko jarduketen kronogramea eta ibilbide orria aurkeztu daizan. Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin da, eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia baino ez da proposamenaren alde agertu.

Foru gobernuari eusten deutsien eta kontrako botoa emon daben Batzar Nagusietako taldeen esanetan, lan hori “daborduko egiten ari da”. Ignacio Jerónimo sozialistaren berbetan, Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako diputatuak zemendiaren 17an Batzar Nagusietako batzorde batean iragarri eban ibilbide orri hori. Jeronimok “errentan eta erabileran oinarritutako” tarifa sistemea gauzatzeko epe laburrean egin diran eta egingo diran “aurretiazko” pausu “progresiboak” zehaztu ditu. Horreen artean honeek aitatu ditu: Bizkaibusen aurtengo “apirilaren 1etik aurrera” egindako barruko transbordoak; aurtengo “lehenengo hiruhilekoan” gauzatutako eremuen sinplifikazinoa –5etik 3ra–; edo tarifen bateratzean eta garraio “guztien” arteko barruko transbordoetan “daborduko lanean aritzea”.


ALDAKETEA BATZAR NAGUSIETAKO MAHAIAN

Saioaren hasieran, Osokoak Rakel Goñi Lacar Mahaiko Bigarren Lehendakariordetzarako izendatzea onartu dau, oraintsu kargua itxi dauen EH Bilduko Idoia Buruaga Barcena alderdikidearen ordez. Mahaiko kide barriak 14 boto jaso ditu, eta Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, barriz, 3 boto. Isilpean egindako bozketa bakarrean 31 boto zuri eta baliobako bat be izan dira. Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakariak esker oneko berbak izan ditu Buruagarentzat, “Bizkaia hobea eregiten” laguntzeagaitik eta Agintaldi hau hasi zanetik izan dauen jarrera eraikitzailearengaitik.