POLITIKA PUBLIKOETAN UMEEN ESKUBIDEEN IKUSPEGIA TXERTATZEKO ESKATU DEUTSIE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK FORU ALDUNDIARI

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeen erdibideko zuzenketa-eskea, Gizarte Ekintza Sailean umearen eskubidea funtsezkotzat joten dala bermatzeko neurriak jasoko dituan plan pilotua ezarteko.
     
  • Osokoak Bizkaiko basoen kudeaketea aztertzeko EH Bilduk planteau dauen batzordea sortzea be onetsi dau.


(Gernikan, 2024ko zezeilaren 21ean). Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien urteko lehenengo ohiko osokoa erdibideko zuzenketa-eske bat aho batez onetsita itxi da gaur. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek aurkeztutako erdibideko zuzenketa-eske horretan umeen eskubideak Aldundian “funtsezkoak” dirala bermatzeko neurriak jasoten dira. Ganerako taldeen babesa be jaso dauen hiru taldeen akordioak, sail guztietako politika publikoetan adinbakoaren interes gorena sartzea eskatzen eban Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldearen mozino bat aldatu dau. Azkenik, eta adostutako zuzenketa-eskean oinarrituta, lehenengo eta behin Gizarte Ekintzako arlotik hasiko da, prozesu pilotu baten bitartez. 

Parlamentuko ekimena, joan dan barikuan Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Umeen eta Nerabeen Legea, hau da, umeak, “babeseko subjektu” izan beharrean, “zuzenbideko subjektu” bihurtzeko bidean aurrera egiteko lege esparru barria onartu eta egun batzuetara etorri da. Etorkizuneko dekretu arautzailearen zain, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie Aldundiari, politika publikoetan adinbakoaren interes gorenaren zehaztapena eta ebaluazinoa sistematizetako laneko hainbat tresna sartu daizan. Bozeroale batzuen eretxiz, hori “aitzindaria” izango da.

Hain zuzen be, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie Aldundiari, Gizarte Ekintza Sailean CRIA ebaluazinoa eta CRIE azterketea gauzatu daizan. Nazio Batuek onartutako eta Arartekoak bermatutako prozesuak dira, eta umeen eskubideen ikuspegia foru-eremu horretako politika publikoetan txertatzea errazten dabe.

Ondorioz, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie sail horri, diagnostiko fasea, umeen eskubideetan oinarritutako eraginaren ebaluazino prozedurea eta prozesuaren urte arteko balorazinoa jasoko dituan eta “apurka-apurka zabalduko dan prozesu pilotua” ezarri daian, gero ganerako sailetara bideratu ahal izateko.

Aho batez onartutako testuak, arautegiak, estrategiak, programak, planak eta aurrekontuak egiteko ardura daukien personei prestakuntzea gehitzea be jasoten dau, “adinbakoaren interes gorena behar dan moduan zehazteko eta ebaluetako”. Hasieran Bardintasun Sailerako adostu ziran bardintasun politikakaz eta genero eraginari buruzko txostenakaz egin zan gauza bera egin beharko litzateke, ekintza politiko hori Aldundiko ganerako sailetara zabaltzeko, Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak, onartu dan ekimenaren sustatzaileak, azaldu dauenez.


BAZTERTUTAKO EKIMENAK

Beste alde batetik, osokoak ez ditu onartu Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena ezta erantzun-eskeetatik eratorrita EH Bilduk planteau dituan hiru mozino be.

Lehenengo eta behin, Bizkaiko Talde Popularrak, “Okupazinoaren kontrako Foru Plana” ezartea defendidu dau, “erreala, serioa eta gero eta handiagoa” dan arazoari aurre egiteko hainbat neurrigaz. Bizkaiko Batzar Nagusietako ganerako taldeen eretxiz errealidadea “oso bestelakoa” da, eta arauz besteko proposamena atzera bota dabe, etxebizitzaren arazo nagusia, gazteek eta familiek etxebizitzea eskuratu ahal izatea dalako. 

Okupazinoaren arazoa existiduten da, baina “hondarrekoa” da, eta Foru Administrazioak ez dau gai horretaz arduratu behar, Aldundiak ez daukalako eskumenik etxebizitzaren edo herritarren segurtasunaren arloan. Batzar Nagusietako hainbat taldek salatu dabenez, PP taldeak “hauteskundeetako lehia bat hurreratzen dan bakotxean” aurkezten dau gai hori. Gogora ekarri dabenez, daborduko badago lehenengo eta bigarren etxeen jaubeak babesten dituan figura juridikoa, bizilekuaren bortxaketea.

Beste alde batetik, koalizino abertzaleak zerga sistemearen ebaluazino integralaren, garraio publikoko deskontu politikearen eta eskola kirolean sexu abusuak saihesteko neurrien inguruko beste hiru mozino aurkeztu ditu. Foru Gobernuari eusten deutsien talde bien gehiengo osoak atzera bota ditu kontroleko azkenengo osokoko erantzun-eskeetatik sortutako hiru ekimenak. 

Aldundia daborduko lantzen ari dan “erreforma fiskalari” jagokonez, hiru hilebeteko epean zerga sistemearen ebaluazinoa egitea eskatu dau EH Bilduk. Bertan, PFEZaren eta Soziedadeen azterketea gehitzeaz gain, arautzeko gaitasuna daben ganerako zergak ebaluauko dira. 

Koalizino abertzaleak, arrakastarik barik, erabiltzailearen “erabilerearen ohikotasunaren eta errenta mailaren” erispideen araberako tarifa sistema komuna planteau dau. Egoeraren araberako neurrietatik (% 50eko deskontuak urte amaierara arte) egiturazkoagoetara pasetea litzateke kontua. Neurri horreek garraio-agintaritzakaz koordinauta eta egutegi jakin bategaz ezarri beharko litzatekez. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldea baino ez da proposamen bien alde agertu, proposamena aurkeztu dauen taldeak talde morearen zuzenketa-eske bana onartu eta gero. 


Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek Raul Mendez EH Bilduko ordezkariaren jarrerea kritikau dabe, gai horren inguruan “akordiorik lortu gura ez izateagaitik”. Aldundiak hainbat hobekuntza hartu ebazan bere gain joan dan zemendian, garraio publikoa hobetzeko “asmo handiko” plana aurkeztean. Ignacio Jerónimo sozialistak eta Jesús Lekerikabeaskoa jeltzaleak adierazo dabenez 2023 eta 2027 urteen artean Bizkaiko garraio publikoa hobetzeko eta optimizetako neurriak gauzatzeko akordio proposamenean, gaur proposamena egin dauen taldeak planteetan eban “gauza bera” jasoten da, hau da, erabiltzaileak euren ohikotasunaren eta errentaren arabera sarituko dituan tarifa sistemea sortzea. Batzarkide biek gogora ekarri dabenez, plan horretan, BGPren aldi baterako tituluak Bizkaibusen sartzea, 5 eremutik 3ra pasauta, Bizkaiko zonakatzea sinplifiketea, garraio aldaketak kentzea, Bizkaibusen maiztasunak hobetzea eta gobernantza eredu barria sartzea be gehitu dira.

Horrez gain, osokoak ez dau EH Bilduren mozino bat onartu. Bertan, Eusko Jaurlaritzari eskaria egiten jakon, datorren ikasturterako, CPED Kirolenen, Kirol Irakaskuntzak emoten dituan zentro publiko bakarrean, “Kirol eta aisialdiko testuinguruetan umeak eta nerabeak babesteko ordezkaria” izeneko figuran espezializetako aukerea emongo dauen titulazinoa martxan jarri daian. Halaber, titulazio guztietan gai horri buruzko irakasgai espezifiko bat sortzeko eskatu dau, umeek eta nerabeek jasan daikiezan indarkeriei aurre egiteko (sexu-abusuak, indarkeria mota desbardinak...).

Gai horretan, Foru Gobernuari eusten deutsien talde biek, onarpenik jaso ez dauen osoko zuzenketa-eskea aurkeztu dabe, Gasteizko Gobernuari zuzendu beharrean Aldundiari zuzendutako neurriakaz. Bere eskumenen esparruan, adin txikikoen kirol arloko eskubideen kontrako jokabideak desagertuarazoteko neurriak ezarri daizala eskatzen jakon Foru Gobernuari. Komunikazino-ekintzak eta kirol-erakundeetatik kanpoko profesionalek kudeatutako arreta-zerbitzua proponiduten ziran.


BASO EREDUA AZTERTZEKO BATZORDEAREN SORREREA

Amaitzeko, osokoak, EH Bilduk proponiduta, legealdi honetan errealidade izan behar dan lurraldeko mendiei buruzko hurrengo foru arauaren eztabaidan sakontzeko azterketa batzorde bat sortzea onetsi dau Batzar Nagusietan. Talde guztiek aldeko botoa emon dabe, abstenidu egin dan Bizkaiko Talde Popularrak izan ezik, ez sakoneko gaiarengaitik, “oso teknikoa” dan eztabaideari ekiteko aukeratu dan figuragaitik baino. Aukeraketa horrek foru araua denporan luzatzea ekarri leike, kexau da Raquel González bozeroalea.

Iratxe Arriola EH Bilduko batzordekideak, sektorearen erronkei eta aukerei berme osoz aurre egiteko “ahalik eta adostasun handiena” lortzeko balioko dauen espazioa sortzea defendidu dau. Bere berbetan, batzorde horri esker, Bizkaiko mendien egoereari buruzko datuak lortu ahal izango dira, eta “mendien ustiapen jasangarriagorantz lan egiteko aukera ona da”. Hausnartzeko denporea dago, “arauak marketan dauen zerumugea 2050a izango litzatekelako”, defendidu dau.

Jesús Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak balioan jarri dau Aldundiak azken urteetan sektoreagaz koordinauta egin dauen beharra. “Ez da inoiz horrenbesteko baso azalerarik egon Bizkaian”. Euskadiko Egurraren Behatokiaren zifrak erabiliz egiaztau dauenez, “130.000 hektarea” aitatzen dira, eta horreetatik “30.000” publikoak dira eta “60.000” baso kudeaketa jasangarrikoak. Gaur egun, sektorea BPGren “% 1,5a” da, eta “300 milioi eurotik gorako diru-sarrerak” ditu. “18.000 personari” emoten deutse lana eta “20.000 jaube” biltzen ditu. Zifra horreek gorabehera, Batzar Nagusietako bere taldea “beste eredu batzuk” ezagutzeko prest dago, eta hori “aberasgarria” izango da foru araua barrikusteko.