BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK “GERNIKAKO ARBOLEAREN ENBAXADORE” IZENTAU DABE ATHLETIC CLUB
- Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Mahaiko ordezkariakaz batera, Gernikako Arbolearen oinordeko bat entregau deutso Athleticeko ordezkaritza bati, talde bizkaitarraren Europako hurrengo jomugea dan Pragan landatu daiten.
(Gernikan, 2025eko zemendiaren 21ean). Gernikako Batzar Etxeak Athletic Club “Gernikako Arbolearen Enbaxadore” izentetako ekitaldi ofiziala hartu dau gaur eguerdian. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Mahaiko gainerako kideakaz batera, Gernikako Arbolaren kimu bat emon deutse, jagokon ziurtagiri ofizialagaz, Ibaiganeko klubeko kide diran Jose Angel Iribar Kortajarenari; Nerea Ortiz Olarra 1. Presidenteordeari eta Johana Ruiz-Olabuenaga Larrea Arlo Sozialeko Zuzendariari. Haretx gazteak Praga uria izango dau helmugea, Athleticek Europa Champions Leaguen izango dauen hurrengo jomugea.
Daborduko persona enbaxadoreak dituan Athletic, Gernikako Arbolearen lehenengo ordezkaria da munduan zehar, bere berezko balioak Arbola honek mendez mende gorpuzten dituan balioakaz lotuz. Gernikako Arbolearen oinordeko bat Europan zehar joango da espedizino zuri-gorriagaz, bere sustraiei lotuta dagozan balioak zabaltzeko. Hurrengo jomugak Praga eta Bergamo izango dira. Uri horreetan, zaleak eta talde bietako ordezkariak alkartuko dira kimua landatzeko eta herrien arteko alkartasuna, adiskidetasuna eta errespetua sinbolizetako.
Gernikako Arbolea “askatasunaren, bizikidetzearen, autogobernuaren, errespetuaren eta bakeagazko konpromisoaren sinboloa da” da, azpimarratu dau Otaduik, eta Athleticek, beste balio batzuen artean, “inklusinoa, nortasun kulturala eta herri-harrotasuna” gorpuzten ditu. Printzipio horeekaz, “Gernikako Arbolearen Enbaxadore” proiektuak gure baliorik sakonenak partekatu gura ditu “horreek hartzeko eta hedatzeko borondatea daukien guztiakaz”. Gaur, beraz, biak be ehun urtetik gorakoak diran Athleticen eta haretxaren bideek bat egiten dabe. “Gogotara jatorku gure zuztarrek indartsu egiten gaituela eta batera ditugun balioek bildu egiten gaituela, muga guztiak gorabehera. Errespetua, alkartasuna, talde lana, gure nortasunaganako fideltasuna eta gero eta hobeak izateko grina dira biltzen gaituen balioak, eta horreexek, sinbolikoki, zabaldu gura ditugu Europara be”, esan dau Batzar Nagusietako lehendakariak.
Familia zuri-gorri osoaren izenean, Nerea Ortiz Olarra 1. presidenteordeak “harrotasuna” eta “esker ona” adierazo ditu, goraipamen hori jasoten lurraldeko lehenengo erakundea dalako. Athletic Clubek Follow Something Unique ekimena sortu ebanean –azaldu dau– talde zuri-gorriaren balioak Txapeldunen Ligako aurkari europarren urietara eroateko helburuagaz egin zan. Eta Gernikako Arboleak “garena” sinbolizetan ebala pentsau zan. Lur honetan zuzter sakonak dituan, belaunaldiz belaunaldi transmitidutako historia dauen eta Euskal Herriaren nortasuna dan haretxa. Gaur Gernikako Arbolearen ondoan ernatu dan idea Athleticentzat “gure balioak landatzeko modu bat da: Identitatea, askatasuna, komunitatea, errespetua, kiroltasuna”, laburbildu dau.




