BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ARGIZAIOLA 2023 SARIKO ARGAZKIRIK ONENAK ERAKUTSIKO DITUE

  • Euskadiko argazki “lehiaketen lehiaketea” Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzako Erakusketa Aretora itzuliko da, Euskadiko Argazki Alkarteen Federazinoak antolatzen dauen lehiaketara aurkeztutako 180 argazkien arteko aukeraketa txikiagaz (28). 
     
  • Erakusketea urriaren 27ra arte egongo da zabalik, 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera doakoa da.

 
(Bilbon, 2023ko urriaren 5ean). Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzako erakusketa aretoak Argizaiola Sariaren 43. edizinoko 28 argazki erakutsiko ditu datorren urriaren 27ra arte. Horreen artean, lehiaketea antolatzen dauen Euskadiko Argazki Alkarteen Federazinoak konbidauta baino parte hartzen ez dan lehiaketa horretan sarituak izan diran hiruak egongo dira.
 
Argizaiola Saria 2023 erakusketea gaur inaugurau da Bilbon (Hurtado de Amezaga kalea, 6), arratsaldean egin dan ekitaldian. Bertan izan dira Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako lehendakaria, Juan Armentia Euskadiko Argazki Alkarteen Federazinoko presidentea, Imanol Zubiaurre aurtengo Argizaiola Sariaren irabazlea, eta akzesita lortu daben biak, Javier Ortiz eta Andrés Basilio.
 
Argizaiola Saria indarrak barrituta eta “Euskadin dogun argazki-mailea erakusten dauen kalidade handiagaz” itzuli da Batzar Nagusiakaz dauen hitzordura, Otaduik azpimarratu dauenez. Lehiaketea “klasikoa da argazkilaritzaren zaleentzat”, eta aukerea herritarrek “inguratzen gaituen eguneroko bizitza ikusteko ikuspegi desbardinak” kontuan hartu daiezan. Erakutsitako lanek, "Ideetan ez eze, sentimenduetan, emozinoetan eta balioetan be jarten dabe arretea", adierazo dau.
 
43 edizinoetan zehar, Argizaiola haziz joan da egile eta argazki lehiaketa barriakaz. Juan Armentiak iragarri dauenez, datorren urteko edizinoan “beste lehiaketa bi” gehituko dira, eta horrek zaildu egingo dau azkenengo epaia. Edizino honetan, Erika Barahonak (Guggenheimeko argazki saileko koordinatzailea), César Azkaratek (arkitektoa eta argazkilaria) eta Luis Martínezek (igazko Argizaiola Sariaren irabazlea) osatutako epaimahaiak lan “gatxa” izan dau, aurkeztutako lanen “maila aparta” dala eta.
 
Erakusketak, Bilboargazki Bilboko Nazinoarteko Argazki Jaialdiaren barruko erakusketan bildu diran hainbat gai eta teknika dituen argazkien aukeraketea jasoten dau. Euskadiko Argazki Alkarteen Federazinoak dauela mende erditik antolatzen dau Argizaiola Saria. Lehen edizinoa 1973an egin zan. Euskadin egindako lehiaketetan ezagunak diran argazkilariak bakarrik aurkeztu daitekez bertara. Aurton aukeratu diran argazki lehiaketak honeek izan dira: Nikolas Lekuona (Ordizia), Beasaingo Hiria + Igartza Saria, Tolosa Herria, Zumaia Hiria, Bergara Hiria, Legazpi Hiria, Indalecio Ojanguren (Eibar), Irun Hiria, Nazioarteko Gipuzkoa Saria (Donostia), Photoka Saria (Gernika-Lumo), Ramón Serrás (Zarautz), Lux Splendida (Vitoria-Gasteiz) eta UK Foto (Sopela).
 
ARGIZAIOLA SARIA 2023 ARGAZKI ERAKUSKETA
Urriaren 27ra arte
Lekua: Bizkaiko Batzar Nagusiak (Hurtado de Amezaga kalea, 6. 48008 Bilbao)
Ordutegia: astelehenetik barikura, 08:00etatik 20:00etara
Sarrera doan