LAS JUNTAS GENERALES DE BIZKAIA INSTAN A LA DIPUTACIÓN A REFORZAR LOS MECANISMOS PARA QUE LAS ENTIDADES QUE RECIBEN SUBVENCIONES FORALES MEJOREN LA INFORMACIÓN PÚBLICA

  • Batzar Nagusietako talde guztiak Foru gobernuak diru-laguntzen onuradun diran erakunde pribaduei zuzendutako 2017ko gidea eguneratzeko erdibideko zuzenketa-eskearen alde agertu dira, “bete beharreko betebeharrak sakonduz eta zehaztuz, batez be ekonomia eta finantza arlokoak”.


(Bilbon, 2024ko zemendiaren 28an). Zortzi urte igaro dira “Bizkaiko Foru Aldundiaren Diru-laguntzak Jasoten dituen Erakunde Pribaduentzako Gardentasun Gidea” egin eta argitaratu zanetik, eta talde guztiek eguneratze bat egiteko unea dala eretxi deutsie gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On Eta Gardentasunerako Batzordean. Ondorio horretara heldu dira EH Bilduren arauz besteko proposamenaren eztabaidan. Proposamenean, diru-laguntzak jasoten ebezan erakundeen euki ekonomiko-finantzarioko informazinoaren publizidadeari buruzko betebeharrak jasoten ebazan eta 2017an prestau zan gida hori eguneratzea eskatzen zan.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeakaz akordioa lortu ostean, batzordeak aho batez onetsi dau, azkenean, publizidade aktiboko arauak betearazoteko hainbat gai jasoten dituan erdibideko zuzenketa-eskea. Obligazinoa aurrekontu-ekitaldi batean Bizkaiko Foru Aldunditik zenbateko jakin batera iristen diran laguntzak edo diru-laguntzak jasoten dituen erakunde pribaduei zuzenduta egongo litzateke. Gardentasunari buruzko Foru Arauaren arabera, 100.000 euro baino gehiago jasoten dituen erakundeei aplikauko litxakie, edo euren urteko diru-sarrera guztien % 40 Aldundiaren laguntzak edo diru-laguntzak diranean, gitxienez 5.000 eurora heltzen badira.

Erakunde horreentzako, Bizkaiko Foru Aldundiak, diru-laguntzak jasoten dituen erakunde pribaduei zuzendutako gardentasunari buruzko gidea sortu eban 2017an, baina Aldundiak berak argitaratu dituan datuen arabera, “ez da nahikoa izan”, Idoia Buruaga EH Bilduko batzordekideak azaldu dauenez. Azken lau urteetan ausazko 79 kontrol egin dira, eta horreetatik 44 erakundek ez dabe bete foru arauan ezarritakoa. Bete ez eben erakundeen artean, 34k 100.000 euro baino gehiago jaso ebezan, 7.814.785,95 euro guztira. Eta 5.000 euro baino gehiago jaso ebezan beste 10 erakundeei Aldundiak 309.858,23 euroko diru-laguntzea emon eutsen.

Diru publikoa danez, eta erakunde horreek Gardentasunari buruzko 1/2016 Foru Arauan ezarritakoa bete behar dabela eta egindako kontrolen erdiak baino gehiagok foru arau horretan ezarritakoa ez dabela bete kontuan izanda, koalizino abertzaleak gida hori eguneratzea planteau dau bere hasierako arauz besteko proposamenean. Hori bai, Batzar Nagusietako talde guztiek argi itxi dabe ez beteteak ez dauela esan gura irregulartasunak dagozanik, baizik eta, daben tamainarengaitik, erakunde batzuek, beharbada, zailtasunak daukiezala araudi hori beteteko.

Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeek sinatu daben eta Batzar Nagusietako ganerako taldeek (Bizkaiko Talde Popularrak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak) be babestu daben erdibideko zuzenketa-eskeak Aldundiaren diru-laguntzak jasoten dituen erakunde pribaduen gardentasun mailea hobetzera bideratutako puntu bi ditu. Alde batetik, lehenengo puntuan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egiten deutsie Aldundiari, diru-laguntzen onuradun diran erakunde pribaduei zuzendutako 2017ko gidea eguneratu daian, “bete beharreko betebeharrak sakonduz eta zehaztuz, batez be Bizkaiko Foru Aldunditik jasoten dituen laguntzetatik edo diru-laguntzetatik eratorritako betebehar ekonomiko-finantzarioak”.

Bigarren puntuaren bitartez, eta kontuan izanda Gardentasunari buruzko Foru Arauaren helburua informazinoa eta jarduera publikoa dirala eta ez dagoala zehapenerako araubiderik, Aldundiari Gardentasunaren eta Datu Edegien Planaren barruan “indartze jarduerak” egin daizala eskatzen jako, erakunde pribaduek Gardentasunari buruzko Foru Araua hobeto bete deien.


HERRITARREN PARTE-HARTZEA

Ahozko erantzun-eske baten bitartez, EH Bilduk herritarren parte-hartzea hobetzeko diseinau dan parte-hartzeko prozesuari buruzko erantzunak eskatu deutsoz Foru gobernuari batzorde berean, une honetan Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen ari diran Aurrekontuak egiteko orduan ikusi dan ekarpen txikia dala eta. EH Bilduko Idoia Buruagak adierazo dauenez, 2025eko Kontuen aurrean “herritarren 12 alegazino” baino ez dira aurkeztu, eta ganera, koalizino abertzaleagaz “erlazinoa” daukien eragileek aurkeztu ditue.

Ager Izagirre Loroño Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako diputatuak gogora ekarri dauenez, daborduko badago herritarrek Aurrekontuen eta Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen dan beste edozein Foru Arau proiekturen aurrean alegazinoak aurkeztu daiezan parte hartzeko mekanismoa. 2025eko Kontuek, hain zuzen be, Foru Administrazinoan bertan parte hartzeko prozesuak hobetzeko partidea “handitzea” jasoten dabe. Herritarren Parte-hartzerako 2024-2027 III. Foru Planak “26” arteko parte-hartze prozesu desbardin jasoten ditu.

Buruagak adierazo dauenez, Aldundiak eredu “zaharkituak” ditu, eta parte-hartzearen ezaugarri nagusia “ez dagoala parte-hartzerik” da. Adibide lez, herritarrek azkenengo aurrekontuei egindako ekarpen eskasa edo foru plan horri ekarpenak egiteko orduan Bizkaiko herritarren “% 99,8” kanpoan geratu izana jarri ditu. Izagirrek emondako datuen arabera, “1.600 personak” hartu eben parte.