BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ZERBITZU DIGITALEN IRISGARRITASUNARI BURUZKO ARAUDIA BETETEKO ESKATU DEUTSIE ALDUNDIARI

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak foru webguneen eta egoitza elektronikoaren irisgarritasuna hobetzea eskatu dau, desgaitasunen bat daukien personen eskubideak bermatu daitezan.
     
  • Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako ohiko saioan ez dira onartu oposizinoak energia barriztagarrien proiektuak geldiarazoteko edo Leioa eta Getxo arteko metroaren 1. linearen lurperatzea Trenbideen Lurraldeko Arloko Planean sartzeko egin dituan eskariak, beste gai batzuen artean.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek behin betiko onetsi ditue Mundakako armarri eta bandera barriak. 


(Gernikan, 2025eko bagilaren 18an). Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien ohiko osokoak desgaitasunen bat daukien personen eskubideak bultzatzeko defentsea adostu dau, pitzadurarik barik. Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe EH Bilduren mozino batetik sortutako Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeen zuzenketa-eskea, foru erakundeak aurrez aurrekoak ez diran kanalen bitartez emoten dituan zerbitzuei jagokenez egin beharreko beharrak amaitu daizan eskatzeko Aldundiari. Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie, irailaren 7ko 1112/2018 Errege Dekretuan jasoten diran irisgarritasun erespideak bete daizan, eta foru webguneetan eta egoitza elektronikoan “derrigorrezko” irisgarritasun baldintzak “ahalik eta arinen” ezartea eskatu deutsie. 

Batzar Nagusietako talde guztiek onetsi daben zuzenketa-eskean aldaketarik barik sartu da koalizino abertzalearen mozinoaren lehenengo puntua. Bertan, Bizkaian desgaitasun-gradua autortzea eskatzen daben personen balorazino- eta orientazino-prozeduran laguntza teknikoko programea garatzeko hurrengo lizitazinoan araudi hori bera jaso daiala eskatzen jako Aldundiari, persona guztien irisgarritasuna kontuan hartu daiten. 

Gai horri buruzko eztabaidea joan dan maiatzaren 28ko Kontroleko Osokoan EH Bilduk egindako itaun batean sortu zan. Itaun horretan, talde horrek, bere sailak Aldundiaren zerbitzuetan eta egoitzetan desgaitasunen bat daukien personen irisgarritasuna bermatzeko eta errazteko emon dituan neurrien ganean galdetu eutsan Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako diputatuari. Diputatu andreak Aldundiak Legealdi honetan desgaitasunaren arloan garatu dituan programak, jarduerak, proiektuak, aurrekontuak eta diru-laguntzak zehaztu eta azaldu ebazan.

Gaurko eztabaidan, desgaitasunen bat daukien personek daukiezan eta beteten ez diran eskubideei buruzko hainbat gai aitatu dira. Oposizinoko taldeetatik gogora ekarri dabenez, oraindino “hobetu daitekezan gaiak” dagoz Aldundiaren egoitzetarako irisgarritasun fisikoari edo egoitzetako plaza “falteari” jagokenez. PPk gogora ekarri dauenez, adibidez, “2.800 persona baino gehiago” dagoz mendekotasunaren balorazinoaren zain, eta II. eta III. gradua daben “450 persona” inguru egoitzako plaza baten zain.

Foru gobernuari eusten deutsien taldeen eretxiz, Bizkaia “buruan dago irisgarritasunari jagokonez”. Juan Otermin Eraso sozialistak balioan jarri dau Aldundiak oztopoak kentzeko eta desgaitasunen bat daukien personen eskubideak babesteko egin dauen beharra. Bere eretxiz, hori “betebeharra” izan behar da Administrazino Publikoentzat. Lan horretan, Oterminek bizitza independenteari emoten jakon laguntzea, Bidaideak erakundearen bitartez hobetu dan garraio publikoa, kultura irisgarria edo persona horreek “eurengan eragina daben planetan parte hartzeko konpromisoa” aitatu ditu. Hori bai, autortu dauenez, oraindino egoitzetako plazen, laguntza ekonomikoen eta irisgarritasunaren ataletan “gauza asko dagoz egiteko”.


ENERGIA BARRIZTAGARRIEI BURUZKO EZTABAIDEA

Eguneko gai zerrendako beste gai bati jagokonez, Talde Berezia-Podemos Bizkaiak, Eneritz De Madariaga Martinen bitartez, trantsizino energetiko “bidezkoa, publikoa eta jasangarria” bultzatzeko mozino baten bidez zabaldu dau eztabaidea. Bere berbetan, “adostasuna” dago energia barriztagarrien proiektuen garapenari buruz, baina gizarte, politika eta ekonomia arloetan horreek gauzatzeko “desadostasunak” dagoz. Hori dala eta, interes horreek “energiaren demokratizazinoaren, ingurumenaren babesaren eta herritarren partaidetzaren bidez” lerrokatzeko mozinoa aurkeztu dau.

Planteau diran eskaeren artean, foru erakundearen kontrako txostena jaso daben energia barriztagarrien proiektuak instaletako baimenak errekurritzea eta Energia Barriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) onartu arte proiektu horreek geldiarazotea eskatu deutsie Aldundiari, “gaur egungo kaosa eta espekulazinoa saihesteko” “energiaren sektorea dalako bidea marketan dabilena”. Bizkaiko Batzar Nagusietako ganerako taldeek kontrako botoa emon dabe, abstenidu egin dan EH Bilduk izan ezik.

EH Bilduk, alde batetik, eta Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeek, bestetik, osoko zuzenketa-eske bana aurkeztu ditue. Hasteko, Iker Casanova Alonso EH Bilduko bozeroaleak erregai fosilen erabilerea atzean itxiko dauen sistema “publikoa” bultzatzera garoazan “klima-larrialdiaren” aurrean gagozala ekarri dau gogora. “Berandu gabilzanez, Eusko Jaurlaritzaren aldetik proiektuak edozelan ugaritzen ari dira”, kritikau dau. Datuek “eskala desbardinetako proiektuetara garoez” eta Bizkaian “oso proiektu handi gitxi dagoz”, baina konponbidea ez da “teilatuak eguzki plakez betetetik” etorriko, azterlan batek erakusten dauenez horren bidez behar dan energiaren “% 10a” baino ez litzatekelako sortuko. Casanovak ingurumena babesteari jagokonez “erispide autoexijenteak” apliketako eskatu dau, alkarrizketea eta adostasuna, konpentsazino neurriak eta kontrol publikoa erabilita.

Foru gobernuari eusten deutsien talde biek, euren aldetik, martxan dagozan proiektuak ez geldiarazoteko eskatu dabe, “berandu gabilzalako”, Europak 2030ean “% 32ko” potentzia barriztagarria lortzera behartzen dauelako, eta gu “% 17an” gagoz, Goyo Zurro Tobajas bozeroale sozialistak egiaztau dauenez. Beste alde batetik, Axier Garate Azpitarte jeltzaleak adierazo dau bere taldea ez dagoala proiektuak eta inbertsinoak geldiarazoko leukezan “moratoria” baten alde, eta, aldi berean, adierazo dau “administrazino prozedurak geldiarazotea eskatzea zuzenbidearen kontrakoa izango litzatekela”. Imanol Pradales Lehendakariak Gobernu zentralari egindako eskaerak ekarri ditu gogora. Izan be, oraintsu, Euskadiko industria-sareak proiektuak garatzeko energia gehiago behar dauela adierazo dau Lehendakariak.

PP taldea bat etorri da EH Bildugaz, energia barriztagarrien plangintzea “txarto” egin dala esatean, baina ez da martxan dagozan proiektuak gelditzearen alde agertu. Inbertsino pribaduko sustapen publikoaren alde agertu da, “positiboa” izango litzateken lankidetza publiko-pribaduko eredua garatzeko, LPS onartu eta gero. Euskadik produkzino barriztagarriko defizita dauka, izan be, “energia eolikoagaz 153 megawatt baino ez doguz sortzen, eta Estadu osoan 30.000 megawatt sortzen dira”, adierazo dau adibide lez.


ONARTU EZ DIRAN BESTE EKIMEN BATZUK 

Saioan oposizinoaren beste lau ekimen eztabaidatu dira, baina horreek be ez dira onartu. Oposizinoko talde nagusiak, EH Bilduk, Beatriz Ilardia Olangua batzarkidearen bitartez, Bizkaiko Prebentzino, Su-itzaltze eta Salbamentu Zerbitzuan emakumeen presentzia sustatzeko plana proponidu dau. Eta Arantza Sarasola Lartategik, arauz besteko proposamen batean, Udalkutxako Ezustekoen Funtsa erabiltea defendidu dau, udalek, hainbat gairen (mutualistak eta hidrokarburoen iruzurra) eraginagaitik 57,7 milioi euro itzuli behar izateak eta 2024an diru-sarrera fiskalak murrizteak eragin dauen “zartadea” murrizteko. 

Bizkaiko Talde Popularrak proponidutako gaiei jagokenez, Pablo Gómez-Guadalupe García-Tejedor batzarkideak Getxo eta Leioa arteko Metro Bilbaoko 1. linearen lurperatzea Trenbide Arloko Lurraldeko Arloko Planaren barrikuspenean sartzea defendidu dau, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) gaur egun Leioa eta Areeta arteko tarteari bakarrik jagokozan lurperatzearen baldintza teknikoak eta ekonomikoak gauzatzeko egingo dauen azterlana zabaltzea. Batzarkide bera, gai horren inguruko zerbitzu guztiak bateratuko dituan Ekintzailearentzako Arreta Gune doakoa eta irisgarria sortzearen alde agertu da, baina ez ditu ganerako taldeak konbentzidu. 


MUNDAKAKO BANDEREA ETA ARMARRIA 

Eguneko gai zerrendako azkenengo puntuan, osokoak, talde guztien baiezkoagaz, abstenidu egin dan PPrena izan ezik, Mundakako udalerriko armarria eta banderea onetsi ditu. Holan, itxi egiten da udalerriak 2024ko urtarrilean hasi eban Bizkaiko Lurralde Mugapeei buruzko Foru Arauan ezarritako legezko prozedurea. 

Saioak, aurreko osoko batean Gernikan Teresa Laespada Martínezen ordez Euskal Sozialistak taldeko batzarkide lez jesarri zan Isaac Berges Fernández sozialistearen bateragarritasunari buruzko txostena aho batez onartzeko be balio izan dau.