KULTURA SUSTATZEKO ZERGA PIZGARRIAK EGUNERATZEN ETA ZABALTZEN DITUAN FORU ARAUAREN PROIEKTUAREN EZTABAIDEARI EKIN DEUTSIE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK

  • Aldundiak Europaren baiezkoa dau daborduko, eta ikus-entzunezko ekoizpenetarako, zuzeneko ikuskizunetarako eta liburugintzarako zerga pizgarri horreek 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera apliketea espero dau.

 

(Bilbon, 2022ko urriaren 6an). Aldundiak Kultura Sustatzeko Zerga Pizgarriak Eguneratzen eta Zabaltzen dituan Foru Arau proiektua aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordean. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzako diputatuak pizgarri horreen zehaztasunak emon ditu, EH Bilduk eskatuta. Pizgarri horreek Soziedadeen ganeko Zergan eta PFEZn aplikauko dira 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, Bizkaiko parlamentuan onartu ostean. Europako Batzordeak udan baimendu eban Aldundiaren Gobernu Kontsejuak onartutako aurreproiektua. 

Artikulu biren bitartez egituratzen diran aldaketa horreek onartu eta gero, Bizkaia izango da ikus-entzunezko ekoizpenak (atzerriko ekoizpenak eta formatu digital barriko ekoizpenak barne) eta arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunak zergen esparruan sustatzeko Europako Batzordearen baimena daukan Estaduko lurralde “bakarra”.

Araugintza-proiektua Ogasun eta Finantzetako Batzordean aurkezteko unean, Iruarrizagak esan dau Aldundiaren helburuak “Bizkaia kultur ekoizpenerako lurralde erakargarri lez indartzea eta zergadunei berme juridiko osoa eskaintzea” dirala. Bigarren helburu hori udan lortu zan, Europaren adostasunagaz, baina, ohartarazo dauenez, Batzar Nagusietako izapideetan “garrantzi handiko” aldaketarik egon ezkero, barriro eskatu beharko jako oneritxia Batzordeari.

Soziedadeen Ganeko Zergan hiru pizgarri sartzen dira. Lehenengoak, ikus-entzunezko lanak ekoiztera bideratutakoak, % 35etik % 60ra bitarteko kenkaria izango dau, Bizkaian egindako gastuen eta inbertsinoen ehunekoaren arabera, eta beste % 10 handituko da euskera hutsean filmautako obrea bada. Gaur egun, ikus-entzunezko ekoizpenetarako kenkaria ez jake apliketan atzerriko ekoizpenei, ez eta formatu digital barriei be, eta % 30ekoa edo % 40koa da euskera hutsean filmautako ekoizpenetarako.

Beste alde batetik, arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunetarako kuota likidoan % 30eko kenkari barria egongo da. Ikuskizuna euskeraz bada, kenkaria % 40raino igongo da. Sortutako kenkaria ezingo da 1.000.000 eurotik gorakoa izan. Baldintzen artean, ezarten da zergadunak irabazien % 50 gitxienez ikuskizun barriak egiteko inbertidu beharko dauela barriro.

 

Eta industria-ekoizpenaren aurreko euskarri fisikoa egitea ahalbidetzen daben liburuak argitaratzeagaitik kuota likidoaren % 5eko kenkaria jasoteko eskubidea egongo da. Gaur egun kenkari hori “asko erabilten ez dan arren”, “kontzeptuagaitik mantenidu da, erabilgarritasunagaitik baino gehiago”, Iruarrizagak adierazo dauenez. Izan be, Ogasunarentzat 50.000 euroko kostua izan eban egindako azkenengo balancean.

Beste alde batetik, Aldundiak Errentaren ganeko Zergaren 88.1 artikulua be aldatu gura dau, persona fisikoei kenkari eta muga berberak apliketako.

Batzar Nagusietako taldeen txandan, EH Bildu kexaz agertu da aldaketa horreek enpresa sareari zuzenduta dagozalako. Arantza Urkaregiren eretxiz, “oso enpresa gitxiri” egiten deutsie mesede. “Gitxiago ordaintzen jarraitzeko” egindako kenkariak dira. Koalizino abertzaleko batzordekidea kexaz agertu da, baita be, proiektuaren txosten ekonomikoak ez dauelako kenkari horreen zenbatekorik jasoten. Genero-txostenari jagokonez, “pausu gehiago” emoteko eta enpresa horreen atzean nor dagoan bilatzeko eskatu dau.

 

ERREFORMA FISKALAGAZ GORA ETA BEHERA

Beste alde batetik, EH Bilduk, ahozko galdera-eske baten bidez, azkenengo erreforma fiskal bien (2013 eta 2018) ebaluazinoa egitea eskatu dau barriro, eta, ostean, “atoan” erreforma fiskal bat hastea. Iruarrizagak barriro azpimarratu dauenez, gaur egungo “ziurbakotasun” egoereak (Ukrainako gerrea, egoera ekonomikoa…) eta pandemiaren urte gogor biek (2020 eta 2021) asko baldintzatzen dabe ebaluazino hori egitea. Egoera honetan egin ezkero “distortsinoak” sortu daitekez. Diputatuak ziurtatu dauenez, ebaluazinoa egin egingo da, baina “egonkortasuna” dagoanean.