BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ADIMEN ARTIFIZIALAREN GARAIAN ALDUNDIAREN ERALDAKETA DIGITALERAKO ESPARRU JURIDIKO “INTEGRALA” BULTZATU GURA DAUEN FORU ARAU-PROIEKTUAREN EZTABAIDEA HASI DABE

  • Ager Izagirre Loroño Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da personengan eta datuaren gobernantzan oinarritutako helburuagaz adimen artifizialaren erabilera etikoa arautzen dauen eta aurrez aurreko arretea bermatzen dauen arau-proiektua zehazteko.


(Bilbon, 2026ko zemendiaren 2an). Bizkaiko Foru Aldundiak baliabide elektronikoen erabilereari eta Bizkaiko foru-sektore publikoaren eraldaketa digitalari buruzko Foru Arau Proiektua aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean. Ager Izagirre Loroño Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetako foru diputatua Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordera etorri da, foru sektore publikoaren eraldaketa digitalerako “beste pausu bat” dan arauzko testu horren nondik norakoak eta irismena azaltzeko.

Bere esku-hartzean, Izagirre Loroñok azpimarratu dau ekimena erakundeari espedienteak digitalizetera bideratutako eredu tradizionala gaindituko dauen zeharkako tresna juridikoa emoteko sortu dala. Foru diputatuaren berbetan, “kontua ez da, beraz, prozedurak digitalizetea bakarrik, eraldaketa digitala modu integralean antolatzea baino, teknologia eta datuak zerbitzu hobeak emoteko erabiliz eta, aldi berean, personen eskubideak bermatuz”.

Foru ordezkariak arau-proposamena funtsezko zazpi ardatzetan egituratu dala azaldu dau: herritarren eskubideak, datuetan oinarritutako kudeaketea, personengan zentrautako zerbitzuak, irisgarritasun unibersala, adimen artifizial etikoa, informazinoaren segurtasuna eta erakundeko koordinazino teknologiko korporatiboa. Horrez gain, behin betiko idazketak zuzenbide administratiboan eta administrazino publikoetan erreferentziazko aditu eta foru sail desbardinetako teknikariak lankidetzan aritu diran prozesu partehartzaile eta tekniko zabalaren ekarpenak jaso dituala azpimarratu dau.

Artikuluei jagokenez, diputatuak azpimarratu dau testuak persona fisikoek komunikazinorako bidea aukeratzeko daukien eskubidea sendotzen dauela eta arrakala digitalaren aurrean aurrez aurreko eta telefono bidezko arretea babesten dauela. Modu berean, adimen artifizialaren erregulazinoan jarri dau arretea, eta nabarmendu dau guztiz automatizautako erabagiak debeketan dirala, erespen subjektiboak edo diskrezionalak eskatzen badabez, eta giza ikuskapena eta algoritmoen erregistro publikoa sortzea eskatuta.

Agerraldiaren amaieran, foru diputatuak erakundeak erregulazino horregaz bilatzen dauen azken helburuari buruzko amaierako laburpena emon dau. “Eraldaketa digitala zerbitzu publiko hobeak emoteko, herritarren eskubideak indartzeko eta administrazino hurbilagoa, ulergarriagoa, seguruagoa, fidagarriagoa eta inor atzean itxiko ez dauena eregiteko erabiltea da kontua”, esan dau.

 

BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Horren ostean, Batzar Nagusietako taldeek arauzko testuak sortu dituan kezka eta zalantza nagusiak azaldu ditue. Halan, Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroalea “arduratuta” agertu da barne gobernantzako egiturearen zehaztasun faltagaitik, eraldaketaren jarraipenagaitik eta profil profesional barriak behar diran arren, aurrekontu memoriarik ez dagolako. De Madariagak zalantzan jarri dau datu publikoen kontrola nahikoa blindau barik lankidetza publiko-pribadua handitzea, eta “eragin handiko” erespideak, adimen artifizialean oinarritzen ez diran sistema algoritmikoetarako bermeak baztertzea, gainbegiraketako agintaritza independentearen zehaztapena eta zergen arloko ordezko araubidea argitzea eskatu dau.

Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, bere aldetik, aitortutako eskubideak indarrean zelan gauzatuko diran galdetu dau, aurrez aurreko eta telefono bidezko arretea bermatuko daben bulegoen, ordutegien eta beharginen ganeko zehetasunak eskatuz, baita epearen barruan aurretiazko hitzordua lortzeko mekanismoak be. Horrez gain, baliabide elektronikoen bitartez hartu-emonak izatera behartuta dagozan kolektiboen baliabideen erabilgarritasuna zelan egiaztauko dan, akatsak zuzentzeko orduan “fede ona” nork eta zein erespideren arabera balorauko dauen, eta adimen artifiziala gainbegiratzeko agintaritza independenteak autonomiari buruzko zein berme eta zein baliabide izango dituan argitzea eskatu dau.

Juan Otermin Eraso Euskal Sozialistak taldeko batzordekideak babes orokorra agertu deutso proiektuaren orientazinoari, baina haren aplikazino praktikoa planifikazinoaren, baliabide nahikoen eta zerbitzu publikoaren benetako hobekuntzak bermatzen dituen ebaluazino-mekanismoen bidez zehaztu behar dala azpimarratu dau. Holan, adimen artifizialean oinarritutako erabagien aurrean giza gainbegiraketa independentea indartzea, kontratautako soluzino teknologikoen kontrol publikoa ziurtatzea, fede onez egindako akatsak erregularizetako eskubidea (zerga-esparruan be bai) mugatzea eta lurralde osoan inklusino digitala zaintzea planteau dau.


EH Bilduko Aitor López Vázquezek, bere aldetik, testuaren konplexutasun teknikoa aitortu dau, eta zer hutsune juridiko zehatz bete gura diran eta ekimena Aldundiaren urteko plan arauemoilean zergaitik ez zan agertzen zehaztea eskatu dau. López Vázquezek sailen arteko heldutasun digitalaren erritmoak harmonizetako eta beharginen prestakuntzagazko desorekak saihesteko interesa agertu dau, eta adimen artifiziala ganerako lurraldeakaz eta Eusko Jaurlaritzagaz koordinauta arautzeko preminea azpimarratu dau, gai horri buruz Legebiltzarrean egin barri diran lanak aitatuz (txosten baten sorkuntza).

Eta bukatzeko, Celia Gómez Devesa Euzko Abertzaleak taldeko batzordekideak modu positiboan balorau dau foru ekimena “estrategikoa, integratzailea eta inklusiboa” dala esanez, eta erakundeen modernizazinoa artikuletako behar dan segurtasun juridikoa emoten dauela azpimarratu dau. Bere esku-hartzean batzordekide jeltzaleak egindako lan tekniko “sakona”, erreferentziazko juristakaz izandako lankidetzea eta azkenengo testuan sentsibilidade desbardinak jasotea ahalbidetu dauen entzute aktiboko eta gizarte-kontrasteko prozesua azpimarratu ditu.