BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK PERSONEN ETA ENPRESEN ERROTZEA ARDATZ HARTUTA HASI DABE 2026RAKO ZERGA-NEURRIEN EZTABAIDEA
- Ogasun eta Finantza Batzordea Foru Arauaren proiektuaren eukia ezagutzeko alkartu da gaur, Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren azalpeneko agerraldian.
- Oposizinoko taldeek foru arauaren proiektua kritikau dabe, bere eukiagaitik, eta Bizkaiko Batzar Nagusietatik pasau barik eta bere gobernuko bazkideagaz adostu barik neurriak lehenengo Madrilen aurkeztu izana leporatu deutse EAJ-PNVri.
(Bilbon, 2026ko irailaren 23an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordea Bilbon alkartu da gaur, 2026rako zerga-neurrien Foru Arauaren proiektua aztertzeko eta eztabaidatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren azalpeneko agerraldia barne hartu dauen saioan. Saioan zehar, Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak ekimenaren ardatzak zehaztu ditu batzordekideen aurrean. Azalpen horren ostean, Mahaiak, aurreikuspenen arabera urriaren 21ean amaituko dan zuzenketa-eskeak aurkezteko epea zabalduko dau.
Bere esku-hartzean, Itxaso Berrojalbiz Zabala diputatuak azpimarratu dau arauaren proposamenak helburu nagusi bati erantzuten deutsola: “personen, enpresen eta jarduera ekonomikoaren errotzea indartzea Bizkaian, danon artean Bizkaia oparoagoa eta solidarioagoa egiteko asmoz”. Ogasuneko arduradunak defendidu dauenez, bizi-proiekturako aukerak eskainita eta erabagi-guneei lurraldean eutsita, “Bizkaia hobea, lehiakorragoa, kohesionatuagoa eta etorkizunerako prestatuagoa eregiten ari gara”, “etorkizuneko proiektu ilusionagarria sortzearen” garrantzia azpimarratuz.
“Mezu” hori zabaldu baino lehen, diputatuak arauaren proiektua lau bloke nagusiren bidez azaldu dau: biztugarrien bidez enpresen eta beharginen errotzea enpresen transmisinoan, jarduera ekonomikoen jarraitutasuna sustatzea, belaunaldien arteko erreleboa eta talentu kualifikatua erakartzea eta fidelizatzea.
Proposatutako barritasunen artean, proiektuak % 30eko murrizketea sartzen dau enpresen transmisino jakin batzuetan sortutako plusbalioetan, beti be jarraipena bermatzen bada.
Jarraipen eta enpresa-errotze helburu horretan sartzen da, halaber, behargin bakotxeko urteko 12.000 eurorainoko abantaila fiskalakaz enpresako akzinoak edo partaidetzak jasoteko aukerea, baita kooperatiba baten bazkide lez sartzeko edo enpresan partaidetzea eskuratzeko baldintza onuragarrietako maileguetarako sarbidea be.
Beharginentzat, gastu kengarri barri bat sartu gura da, urteko 2.000 eurokoa, lan-arrazoiengaitiko mobikortasun geografikoa konpentsetako, lekualdaketaren urtean eta hurrengo hiru urteetan.
Testuan etenbako prestakuntzarako eta prestakuntza dualerako biztugarriak sartzen dira, egitasmo horreekaz lotutako kontratuei jagoken soldata-kostuen % 20ko kenkaria txertatuz.
Horrez gain, % 15eko kenkari barria ezarten da gizarte intereseko etxebizitzaren alokairua bultzatzeko funtsetan gordailututako zenbatekoetarako, urteko 750 euroko kenkari-mugeagaz.
Aurreikusitako neurrien artean osasun-aseguruen primen % 20ko kenkaria dago, asegurudun bakotxeko gehienez 1.500 euroko oinarriagaz, eta baita % 20ko kenkaria be gimnasio eta kirol-jardueretako gastuetarako, gehienez 1.000 euroko oinarriagaz.
Azkenik, ibilgailu barriak erosteagaitik % 5eko kenkaria ezarten da, hamar urte baino gehiagoko antxinakotasuna daben ibilgailuak aldez aurretik txatarratzeari lotuta, eta Elizan edo beste erakunde batzuetan jasandako kalte fisiko edo psikikoakaitik adinbakoei emon beharreko kalte-ordainen salbuespena planteetan da.
BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK
Neurri bakotxa baloratzen sartu barik, Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak zalantzan jarri ditu araua sortzeko prozesua eta Foru gobernuko bazkideen arteko desadostasun publikoak, proiektua, bilketa publikoaren kaltetan, errenta eta inbertsore jakin batzuei mesede egiten deutsen “pribilegio fiskalen bidera” itzuli dala baieztatuz, 2025ean bere taldeagaz adostutako progresibotasun, birbanaketa eta babes sozialetik urrunduta. Horregaitik guztiagaitik, erreformak gitxiengoari mesede egiten deutsola eta desbardintasun soziala handitzen dauela eretxita, Madariagak bere taldeak osoko zuzenketa-eskea aurkeztuko dauela iragarri dau, proiektua atzera botatzeko eskatuz.
Bizkaiko Talde Popularraren aldetik, Raquel González Díez-Andino bozeroaleak be proiektua “zaharkituta” geratu dala kritikau dau, gobernuko bazkideak be zalantzan jarri dauen testua aurkeztu dauelako. PPko ordezkariak “ameskeria” eta Bizkaiko Ogasunaren izen ona eta sinesgarritasuna kaltetzen dauen “publizidade faltsuko” ariketa lez kalifikau dau azalpeneko agerraldia. Horrez gain, kritikau egin dau zerga-neurriak lehenengo Madrilen enpresa handien aurrean aurkeztu izana, foru parlamentuan zehaztu edo adostu baino lehen, eta baieztatu egin dau proposamena daborduko “deskafeinatuta” geratu dala, gobernu-taldeko kideen arteko desadostasun publikoak eta ondorengo egokitzapenak dirala-eta. Talde Popularraren bozeroaleak bere taldeak foru arauaren proiektuari zuzenketa-eskeak aurkeztuko deutsezala iragarri dau.
Alberto Álvarez Castrejón Euskal Sozialistak taldearen ordezkariak, bere aldetik, bere alderdiak “foru arauaren proiektu hau ez dauela gustuko” adierazo dau, eta gaitzespen hori Mikel Torres idazkari nagusi eta lehendakariordearen bitartez jentaurrean errazoitutako adierazo ebela ekarri dau gogora. Halanda be, sozialisten ordezkariek azaldu dabe erantzukizun instituzinonaletik eta iruzur fiskalaren kontrako burrukea edo jarduera ekonomikoaren sustapena lako printzipioak partekatuta, EAJ-PNVgaz hiru lurralde historikoetarako oinarrizko “akordio landua” lortu dabela. Gai horreek arauaren proiektura eroango dira parlamentuko izapidetzean, arauari “kontrola, gardentasuna eta orokortzea” emoteko helburuagaz, “inbertidutako baliabide publikoen ebaluazino zorrotza eta itzulera soziala” bermatuta, esan dau.
Arantza Sarasola Lartategik, EH Bilduren izenean, ez dau onartu foru arauaren proiektua, bere eretxiz ez dalako birbanatzailea, eta sektore publikoaren eskumenen esparruen pribatizazinoan sakontzen dauelako, osasun arloan eta etxebizitzan, besteak beste. Koalizino abertzaleko ordezkariak kritikau egin dau, baita be, neurriak Madrilen aurkeztu izana, enpresa handien aurrean, Batzar Nagusiak eta Bizkaiko herritarrak bigarren mailan itxita. Modu berean, Sarasola arduratuta agertu da Foru Gobernuaren ziurbakotasunagaitik, eta adierazo dau Batzar Nagusietara bialdu dan testua Gobernu Kontseiluak onartu eban berbera dala, “koma bakar bat be ez dala aldatu”, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek akordioa iragarri eben arren. Modu berean, zalantzan jarri dau etxebizitza-funtsetan inbertiduteko aurrezteko gaitasuna dabenei biztugarri fiskalak emotea.
Aitor Arregi Osoro Euzko Abertzaleak taldeko batzordekideak modu positiboan balorau dau arauzko ekimena, “zabala” eta “asmo handikoa” dala esanez, eta azpimarratu dau jarraipena emoten deutsola zergen aurreko barrikuspenari, fiskalidadea lurraldeko erronka ekonomiko eta sozial nagusiei aurre egiteko tresna lez erabilten dauelako. Planteau diran neurrien artean, deslokalizazinoa saihesteko familia enpresen jarraitutasuna babestea, profesional gazteak eta kualifikauak erakartera eta errotzera zuzendutako neurriak, eta higiezinen merkaduaren ustiapena saihesteko mekanismoak bermatuz interes sozialeko etxebizitzak alokatzeko hirugarren sektoreagaz lankidetza publiko-pribadua egotea azpimarratu ditu. Azkenik, bere alderdia enpresa sarearen eta Bizkaiko herritarren onerako izango dan behin betiko araua adosteko prest dagoala adierazo dau.