BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EHUKO INCREARTE MASTERREKO IRATXE BARCINA BARRANTES ETA NURIA PÉREZ GARCÍA IKASLEEN ERAKUSKETA BATERATUA INAUGURAU DABE

  • “Aho Arkeologia” izeneko erakusketeak Bizkaiko parlamentuaren Bilboko erakusketa-aretoa hartuko dau gabonilaren 3ra arte (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – beheko solairua). Sarrerea dobakoa da.

 

(Bilbon, 2026ko zemendiaren 5ean). Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa-aretoak foru parlamentuak eta Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Arte Ederren Fakultadeak daukien akordioaren emoitzea dan beste erakusketa bat hartuko dau. “Aho Arkeologia” da, Ikerketa eta Sormena Artean Masterreko (InCreArte) ikasle biren lan bateratua. Iratxe Barcina Barrantesen eta Nuria Pérez Garcíaren (Solonur) erakusketea gabonilaren 3ra arte egongo da zabalik 08:00etatik 20:00etara etenik barik, astelehenetik barikura. Sarrerea librea da.

Iratxe Barcina Barrantesen lana ezkutukora eta azaleratutakora dago zuzenduta. Zuloa, egurra eta gorputza pentsamentua sortzeko eta materiari esanahi barria emoteko leku potentzial lez agertzen dira bere piezetan. Begirada eskultoriko nabarmenetik, obreak gorputzari dei egiten deutsan espazio-gailu aktibo lez jarduten dau, eta ohiko begiradea bizitzeko modu barrietara desbideratzeko gai da.

Nuria Pérez (Solonur) “Erre-forma” egiteko borondatetik abiatzen da bere jardunbidean, materiari itxura asko emoteko aukera lez ulertuta, aurreikusgarriegia dan bilakaeratik aldentzeko. Tailerra laborategi lez ulertuta, bere prozesuak hizkuntzagaz estu-estu lotuta dagoz; hizkuntza azken buruan desagertu egiten da, zantzuei lekua emoteko: berbazkoak ez diran hondarrak, keinu bihurriak, iragankorrak eta ezegonkorrak dira, eta horreen bidez ezarten dabe gorputzek eta materiak euren arteko komunikazinoa.

Erakusketak bidean geldiune bat egitea proponiduten dau egile bien ikerketetan, sortzaileak eta obrak gelditu, alkarri begiratu eta uste baino askoz gehiago partekatzen dabela aitortzeko espazioa eskainiz. Keinua, zopea, hazurra, iretargia eta ibaia lako motiboak birritan agertzen dira aretoan zehar, horreetako bakotxaren irudimen pertsonal eta esperimentaletik artikulauta.

Erakusketa hau Bizkaiko Parlamentuak EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz lurraldean prestakuntzea jaso daben talentu gazteen lana ezagutzera emoteko helburuagaz dauen akordioaren beste kapitulu bat da. Lankidetza honi esker, Batzar Nagusiek erdiguneko espazioa eskaintzen dabe graduondoko prestakuntzea amaitzen dabenen sormena jenteari hurreratzeko. 2011tik ekimenak hiru erakusketa hartzen ditu urtero foru egoitzan.