BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK IRUNE MERINO BARQUERO ETA OT PRIETO VELASCOREN “TRIPA DE MONA” ERAKUSKETEA INAUGURAU DABE
- Pinturaren materialtasuna aztertzen daben orio-lanez osotutako erakusketea, Foru parlamentuaren eta Euskal Herriko Unibersidadearen (EHU) arteko lankidetza hitzarmenaren emoitzea da.
- Erakusketea bagilaren 26ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.
(Bilbon, 2026ko bagilaren 2an). Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoak (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbon) Irune Merino Barquer (Anoeta, 2003) eta Ot Prieto Velasco (Roses, 2002) artisten “Tripa de Mona” baterako proposamen artistikoa hartuko dau gaur hasi eta datorren bagilaren 26ra arte. Doan bisitau ahal izango dan erakusketeak, EHUko Pintura Masterreko ikasle horreen hogei bat artelan biltzen ditu, batez be oihalezko eta egurrezko euskarrien ganean orioz eginak.
Erakusketea irudia materiaren eta kolorearen bidez eraikitzearen inguruan egituratzen da, pintura-praktika prozesu metatzaile eta bizi lez ulertuta. Artista bien lanean, koloreak protagonismo osoa hartzen dau eta pinturea errepikapenak eta tematze materialak markautako etenbako eraikuntza-egoerarantz mobiduten daben barruko tentsinoak sortzen ditu. Irune Merino Barquerok zirroborroa edo ikutu daitekezan elementuak erabiltzen ditu bere irudiei presentzia tragikomikoa emoteko, eta Ot Prieto Velascoren lana, barriz, aurkikuntza eta ezegonkortze gune lez margotzearen esperientzian oinarritzen da.
Aurkezpen ekitaldian, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Mahaiko kideakaz eta Damaris Pan Vega EHUko Pintura Masterreko irakasle eta koordinatzaileagaz batera, arlo publikotik sortzaileen belaunaldi barriei laguntzearen garrantzia azpimarratu dau. “Guretzat, harro egoteko modukoa da bide profesionalaren hasiera horretan zuekaz egon ahal izatea, zuen lana eta munduari emoten deutsazuen begiradea erakusteko espazio hau eskainiz”. Modu berean, azpimarratu dauenez, erakusketak “uniberso desbardin bi” alkartzen diran lekuan, “etenbako esplorazino eremuan” sartzeko konbitea egiten dau. Holan, Batzar Nagusiak “kulturarako topagune” bihurtuko dira barriro, talentu gazteak ikusgaitasuna, babesa eta aukerak topau ahal daian.
Erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskal Herriko Unibertsidadeak (EHU) 2011n sinatu eben lankidetza hitzarmenaren barruan urtero antolatzen diran hiru erakusketetatik lehenengoa da. Hitzarmenaren helburua Arte Ederretako fakultadean master-ikasketak amaitzen dituen ikasleei ikusgaitasuna eta laguntzea eskaintzea da, arte garaikidea eta begirada sortzaile barriak herritar guztiei helarazoz.
Datu interesgarriak:
Izenburua Tripa de Mona.
Artistak: Irune Merino Barquero eta Ot Prieto Velasco.
Lekua: Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoa (Hurtado de Amezaga, 6. Bilbao).
Egunak: 2026ko bagilaren 2tik 26ra.
Ordutegia: astelehenetik barikura, 08:00etatik 20:00etara. Sarrera doan.