BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EHU-KO INCREARTE MASTERREKO IKASLEEN ARTELANEN “HIRUZPALAU METRO” ERAKUSKETEA INAUGURAU DABE
- ANDRÉS RIVAS RODíS eta TERESA CAMACHO BELMONTE artisten sormenak beteko dau, zemendiaren 29ra arte, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoa Bilbon (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo).
(Bilbon, 2024ko azaroaren 6an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Eder Fakultadeak daben akordioaren emaitzea dan beste erakusketa bat jasoko dau. “HIRUZPALAU METRO”, Artearen Sorkuntza eta Ikerketa Masterreko (InCreArte) ikasle bik batera egindako lana da. ANDRES RIVAS RODíSen eta TERESA CAMACHO BELMONTEren erakusketea zemendiaren 29ra arte egongo da zabalik, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte, astelehenetik barikura. Sarrera doakoa da.
Andrés Rivas Rodísek (Santiago de Compostela, 2000), Arte Ederretan graduaua Universitat Politècnica de Valèncian eta Teresa Camacho Belmontek (Alacant, 1997), Arte Ederretan graduaua Alteako Unibersidadean, alkarregaz egin eben masterra 2023-2024 ikasturtean. Aldi horretan 40 metro karratuko tailer txiki bat konpartidu eben, eta bertan egin ebezan gaurtik aurrera Batzar Nagusietan ikusgai egongo diran 20 artelanak. Hain zuzen be, lan horreek hilebeteetan asmau ebezan lekuaren dimentsinoak sortze-lanaren berezko elementu bihurtu ziran.
Lan egin eben espazioa –hortik dator erakusketaren izena– “ikusmen, bizikidetza, jarduketa edo baita gure adierazpen artistikoaren beraren ohiko moduak be dislokau ebazan interferentzia elementu” lez jaso eben biek. Erakusketak esperientzia partekatu hori islatzen dau, prozesu bat beste artista bategaz batera eta leku berean egiten danean zelan edegi eta kutsatu daiteken erakutsiz. Euren pintura deribazinoen bitartez, erakusketan “egunerokotasunaren eta espazio intimoen arteko alkargunea” aztertzen dabe biek, “tailerreko mugak deseginez eta espazio komun eta hedakorra sortuz”.
Emoten dau euren margolanek ez dabela ezer komunean. Alde batetik, paleta grisaxka, metalikoa, baltz eta urdin hotzakaz; eta, bestetik, gorri asea, dardaratsua, pototik atera eta oihalera doan pinturea. Pintura batzuen inguruak zurrunak eta ebagitzaileak dira, planoan eusten diran egitura irmoak; beste aldetik, erorteko ilusinoagaz olgetan daben egitura ezegonkorren sistemen bidez ezarten dan pintura-prozesua. Tailer txikia kontzeptu desbardinen arteko loturea izan zan. “Ez dago benetan kontrakorik edo antagonikorik, dana batera existiduten da eta alkarrizketa espazio partekatu berean”, esan dabe.
Batzar Nagusien eta EHUko Arte Ederretako Fakultadearen arteko erlazinoaren emaitzea dan erakusketa barri hori gaur goizean hasi da, eta artista biak, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Mahaiko kideak egon diran ekitaldian. Otaduik, beste behin be, Leioako “gure artisten harrobi gaztetik” sortzen diran erakusketa-proposamenen “originaltasuna” azpimarratu dau. Erakunde bien arteko ekimen bateratuak ikasleek “barruan daroen landubako diamantea” leuntzeko balio dau.
Batzar Nagusietako lehendakariak gogora ekarri dauenez, erakusketa hori, Bizkaian trebatutako talentu gazteen beharra erakusteko Bizkaiko Batzar Nagusiek EHUko Arte Eder Fakultadeagaz orain dala hamar urte baino gehiagotik daben akordioaren beste kapitulu bat da. Horretarako, Batzar Nagusiek erdiguneko espazioa lagaten dabe, euren heziketa zikloa amaitzen daben unibersidadeko ikasleen sormena Bizkaiko ikusleengana errazago heldu daiten. Hitzarmen horren ondorioz, 2011tik urtero hiru erakusketa antolatzen dira graduondoko ikasketak unibersidade-zentroan amaitzen dituen ikasleakaz.