BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GORABIDE OMENDU DABE BERE HIRUROGEIGARREN URTEURRENEAN

  • Gernikako Batzar Etxean egindako harreran Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak alkartearen gizarte-lana eskertu dau

(Gernikan, 2022ko maiatzaren 11n). Bizkaiko Batzar Nagusiek omenaldia egin deutsee gaur Gernikako Batzar Etxean Gorabide osatzen daben familia, erabiltzaile, profesional eta boluntario guztiei, alkartearen hirurogeigarren urteurrena dala-eta. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Mahaiko ordezkariak izan dira Batzar Nagusien egoitzan egindako aintzatespen ekitaldian. Bertan, kolektibo horretako berrogeta hamar bat kide be egon dira, Susana Gorbeña Etxebarria presidentea buru zala.

Mende erdi baino gehiagoko bizitzan, Gorabide funtsezko erakundea izan da adimen-desgaitasuna daben personen eskubideak defendiduteko, eta kolektibo horren ahalduntzea lortu dau. “Irmotasunez eta denpora guztian lan eginez lortu dozue kontzientzia publikoa biztea adimen-desgaitasuna daben pertsonen bizitzari eta familia- eta lan-arazoei buruz” eta horregaz, “garrantzi handiko aldaketa sozialak” lortu dirala azpimarratu dau Otaduik, eta “lanean jarraitzera adimen-desgaitasuna daben pertsonak guztiz gizarteratu daitezan” animau ditu alkarte horren inguruan dagozan persona guztiak.

Beste alde batetik, Gorbeñak, Bizkaiko parlamentuak emondako harreraren ostean “bihotz-bihotzez” eskertuta, Gorabideren eta lurraldearen artean dagoan lotura “sendoa” gogorarazo dau. “Izan be, familien alkarte aitzindaria gara lurraldeko adimen-desgaitasunaren mobimenduan. 4.900 familia erabiltzaile, 465 profesional eta 270 boluntario baino gehiagogaz, adimen-desgaitasuna daben personen bizi-kalitatea hobetzen eta persona horreek guztiz gizarteratzen laguntzen saiatzen gara”, esan dau. Alkartearen helburuen artean “adimen-desgaitasuna daben personek egin leikien ekarpen guztiari balioa emotea dago, gizarte hobe, bidezkoago eta solidarioagorantz eboluzionetako, etorkizuneko Bizkaia eregiteko eta sendotzeko hain beharrezkoak eta ezinbestekoak diran balioak finkatuz, horreen artean aniztasuna, enpatia, ekidadea eta inklusino osoa”.

Itxaso Ormaza Gorabideren erabiltzailea, bere aldetik, eskertuta agertu da bizkaitar guztien etxean egin jaken harrerea dala-eta. “Ilusino handia egiten deusku 60. urteurrena ospatzeko hemen egoteak. Eskerrik asko gu hartzeagaitik. Adimen-desgaitasuna dogun personok laguntzak baino ez doguz behar besteen bardinak izateko”, esan dau, eta guztion artean “askoz gizarte hobea lortzen ahalegindu behar garala” azpimarratu dau.

Berbaldien aurretik, Batzar Nagusietako lehendakariak, Gorabideko berrogeta hamar kide ingurugaz, horreen artean Txema Franco zuzendari gerentea, Gernikako Batzar Etxeak gordetzen dituan altxorrak ezagutzeko ibilbidea egin dau. Otadui konbidauakaz –gehienak Gernikako zentroen erabiltzaileak– batera ibili da Batzar Nagusien egoitzaren kanpokaldetik eta barrukaldetik. Konbidauek arreta handiz jarraitu ditue hainbat puntu interesgarritan emondako azalpenak: Gernikako Arbolan, Leiarpeko Aretoan edo Osoko Batzarren Aretoan.