BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GAUR HASI DITUE 2025EKO LURRALDEKO AURREKONTUEN PROIEKTUA AZALTZEKO SAIOAK

  • Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak hasi dau gaur goizean Ogasun eta Finantzetako bederatzi batzordeetatik lehenengoa, bere sailerako 160,9 milioi euroko gastua iragarriz, aurtengo aurrekontuan jasotakoa baino % 3,83 gehiago.


(Bilbon, 2024ko azaroaren 6an). Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak zabaldu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan foru Gobernuak 2025ean aurrera eroan gura dituan partida, programa eta inbertsinoak azaltzeko informazino saioak, urriaren 31n erregistrau zan Aurrekontuen proiektuaren arabera. 

Aldundiaren 10.660,8 milioi euroko aurrekontu osotik, 1.650,3 milioi sailek erabilgarri daben aurrekontura bideratuko dira, zorraren jaulkipena eta amortizazinoak (350 milioi) eta Aldundi osoko beharginen gastuak (272 milioi) alde batera itxita. Berrojalbizek 2025eko Kontuen “izaera soziala” azpimarratu dau, Gizarte Ekintzarako aurrekontua dalako gehien hazten jarraitzen dauena. Sail horretara 729 milioi bideratuko dira, sailen esku dagoan guztiaren % 44a.

Ogasun eta Finantzetako Sailari jagokonez, Berrojalbizek 160,9 milioi euroko aurrekontua izango dau, hau da, igaz baino % 3,83 gehiago. Beharginen –1.080 lanpostu– gastuak Ogasun eta Finantzetako Sailaren aurrekontuaren (91,2 milioi) % 56,67a dira, eta beste partida handi batzuk informatika zerbitzuei jagokez. Lantikek 41 milioiko gastua izango dau, eta herritarrei arretea emotea helburu dauen Zugaztelek, barriz, 8,5 milioi euro.

Proiektu “estrategikoen” barruan, Berrojalbizek azpimarratu dauenez, bere sailak hurrengo urtean egingo dituan ahaleginak zerga-sistemea berrikustera, Batuzen bitartez iruzur fiskalaren kontra burrukatzera, zergadunei laguntzera, katastroa eguneratzera eta Ekonomia Itunaren defentsara, garapenera eta sustapenera bideratuko dira.


AZPIEGITURAK ETA LURRALDE GARAPENA, AURREKONTU HANDIENA DAUEN BIGARREN SAILA

Eguneko bigarren batzordean, Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak baieztu dauenez, bere sailak 246,6 milioi euro izango ditu datorren urterako azpiegitura arloko politika publikoak gauzatzeko, hau da, % 1,46 gehiago.

Laburbilduz, Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, bere sailak lurraldeko errepideen kontserbazinoan eta segurtasunean gastauko dau aurrekontuaren ia erdia –120 milioi–. 2025eko mugarrien artean, Ogasun eta Finantzetako Batzordean egin dauen esku-hartzean hainbat jarduketa azpimarratu gura izan ditu: itsasadarraren azpiko tunelaren eraikuntzaren hasierea (5 milioi), Markinako saihesbidea (15 milioi), Enkarterrin egingo diran bide hobekuntzak eta Errekaldeko saihesbidea (2,5 milioi) eta Sollube, Ermua Urtia, Ermua Mallumendi, Elorrio-Kanpazar eta Barazarreko hirugarren erreiaren eraikuntza proiektuak.

Modu berean, 2025ean, Azpiegituretarako Sailak Barrikuntzarako eta Jasangarritasunerako II. Plana gauzatzen jarraituko dau, eta gauza bera egingo dau mobikortasun jasangarriagoa bultzatzeko azpiegiturak eregiteko. Atal horretan, itsasadarreko bulebarra eta Barakaldo-Erandio oinezkoentzako zubia eregiteko eta hainbat bizipistari edo bidegorriri erantzuteko 56 milioiak nabarmentzen dira (Bilbo-Basauri-Etxebarri, Etxebarri-Markina, Alonsotegi, Erletxe-Larrabetzu eta Erletxe-Boroa).

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailak beste 18,3 milioi erreserbauko ditu Avanzadako lanak bukatzeko, 5,11 milioi Ugaskoko tunela konpontzeko, 1,8 milioi Malmasin-Basauri lotunearen segurtasuna hobetzeko, eta orain dala urte batzuetatik konprometiduta dagozan beste partida batzuk, Gerediaga-Elorrio errepideko 51,1 milioiak edo hileko gastu mugea finantzatzeko 10,5 milioiak.

Bideak ez diran azpiegiturei jagokenez, Aldundiak 2 milioi jarriko ditu Sestao Bain, 1,1 milioi Bizkaia Torrean, 2,57 milioi Meaztegi Golfean eta 550.000 euro bideratuko ditu Bizkaia Frontoiaren estalgia konpontzera. 

Bizkaia orekatuaren ardatza beteteko, plangintzearen arloan Bilboko, Arratiako eta Durangaldeko Lurralde Plan Parzialei ekingo deutse Alzagak zuzentzen dauen sailak. Ganera, 320.000 euro Bizkaiko Errepideen II. Lurralde Plan Sektorialera bideratuko dira.


67,5 MILIOI EUSKERA, KULTURA ETA KIROLERAKO

Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak itxi dau gaur arratsaldean Batzar Nagusietan 2025eko Bizkaiko Aurrekontuak azaltzeko lehenengo jardunaldia. Berak zuzentzen dauen sailari jagokonez, guztira 67,5 milioi euro izango ditu bere eskumenen barruan dagozan programei diruz erantzuteko, hau da, % 2,13 gehiago.

Programei jagokenez, euskereari emongo jakon bultzadea 8.482.000 eurokoa izango da. Ekimenen artean, euskerazko aisialdi programak gauzatzera bideratutako 2,2 milioi euroak nabarmendu ditu Arrizabalagak. Barritasunen artean, Bilbao Basketekin sinatutako 15.000 euroko hitzarmena nabarmendu behar da. Ganera, 1.250.000 euro gordeko dira ingurune digitalean euskerea sustatzeko. 

Kulturea izango da sail horretako hiru eurotik ia bi jasoko dituana, hau da, 43,6 milioi. Lurraldeko museoen sareak 17,5 milioi jasoko ditu. Horreetatik 6,5 milioi Bizkaikoa sareko zentroei jagoke, eta ganerakoa beste 18 museoren artean (Guggenheim, Arte Ederrak...) banatuko da. Errekalde Aretoaren eta Arte Ederren Museoaren barrikuntzek 2.164.000 euroko inbertsinoa jasoko dabe. Azkenengo museo horretako areto barriak 2025ean edegiko dira. 

Arrizabalagak Kultura Zuzendaritzearen programetan jasoten diran beste partida batzuen barri emon dau, industria-ondarera bideratutakoa, besteak beste. 1.250.000 euro gorde dira Euskal Errotak eraikina erabarritzeko eta Bermeoko Ortube atunontzia konpontzeko. BOSek 6 milioi euro baino gehiago jasoko ditu eta ondare arkeologikoak, etnografikoak eta dokumentalak, barriz, 1.980.000 euro.

Azkenik, kirolak, “balioak ezagutarazoteko, gizarteratzeko eta transmitiduteko” bitarteko legez, 11.618.000 euro jasoko ditu Aldundiaren aurrekontuetatik. Nabarmentzekoak dira eskola kirolera (2.770.000 euro), Bizkaia frontoira (2,2 milioi), kirol instalazinoen barriztapenera (1,4 milioi), kirol federazinoetara (milioi 1) eta Bizkaialde Fundazinora (750.000 euro), besteak beste, zuzendutako partidak.