BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GAUR HASI DITUE 2023KO LURRALDEKO AURREKONTUEN PROIEKTUA AZALTZEKO SAIOAK
- José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzako diputatuak gaur arratsaldean ekin deutso Ogasun eta Finantzetako bederatzi batzordeetako lehenengoari, eta 65,7 milioi euroko gastua iragarri dau bere sailerako, urte honetarako aurrekontuan jasotakoa baino % 2,4 gehiago.
(Bilbon, 2022ko azaroaren 8an). Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzako diputatuak emon deutse hasierea Foru Gobernuak 2023an egin gura dituan partidak, programak eta inbertsinoak azaltzeko informazino-saioei gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, urriaren 31n erregistrau zan aurrekontu-proiektuan oinarrituta. Aldundiaren aurrekontu osotik (9.808,1 milioi euro), 1.540,5 milioi sailen aurrekontu erabilgarriari jagokoz, 236 milioi hartzen dituen zorraren jaulkipena eta amortizazinoak eta 250 milioikoak izango diran beharginen gastuak kenduta.
Ogasun eta Finantza Sailari jagokonez, Iruarrizagak 65,7 milioi euroko aurrekontua izango dau, hau da, % 2,4ko igoerea. Zenbateko ekonomiko horri sail horren mende dagozan beharginen gastuak (81,2 milioi) gehitu ezkero, sailaren gastua 149 milioira igongo litzateke.
Beharginen gastuez gain (gastuaren % 54a), beste partida handiak Lantik eta Zugaztel foru-soziedadeek emoten dituen informatikako eta telefono bidezko laguntza zerbitzuei jagokez, guztira 50 milioi euro inguru.
Zehatzago esanda, Foru Plan Informatikoaren programak 40,9 milioi euro hornitzen ditu Lantikek emondako zerbitzu informatikoak ordaintzeko, baita zerbitzarien eta informazino-sistemen mantentze-lanak, Batuzerako garapen informatikoak, Errentea, zerga barriak eta zerga-informazinoaren trukeak ordaintzeko be, besteak beste.
Ogasun eta Finantza sailaren Aurrekontuan, milioi askoko beste partida batzuk be nabarmentzen dira, horreen artean eraikinak manteniduteko “2 milioi euro baino gehiagokoa”, katastroa kudeetako “ia 3 milioi eurokoa”, beharginen, ibilgailuen eta higiezinen aseguruak kontratetako “2 milioi eurotik gorakoak”, eta foru-titulartasuneko higiezinen OHZren ordainketari jagokozenak, bai eta “2 milioi eurotik gorakoak” diran posta-komunikazinoen gastuenak be, laburbildu dau Iruarrizagak.
Azkenik, foru arduradunak aurreratu dauenez, 2023an sailak 1,5 milioi euroko aurrekontua egin dau Bilboko Foru Ogasunaren egoitza nagusian obrak egiteko eta bulegoko altzariak erosteko.
2022ko aurrekontu osoaren gauzatze-mailari jagokonez, Ogasun eta Finantzako diputatuak abenduaren 31n “% 95etik oso gertu” egongo dala jakinarazo dau.