BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK KONTROLERAKO OSOKOA EGIN DABE GAUR GEREDIAGAKO BATZAR ETXEAN

  • Durangaldeko alkateak Abadiñoko hitzorduan egon dira. Oposizinoak Karrantzako biometano-plantearen, 2027ko garraio publikoko hobarien, Burdin Hesiaren, foru etxebizitza-politikearen eta AHTk Bilbora heltzearen inguruko itaunak egin deutsez Aldundiari.

 

(Gerediagan, 2026ko urriaren 28an). Gerediagako Batzar Etxeak Legegintzaldiko azkenengoa izango dan urriko ohiko kontrolerako osokoa hartu dau Durangaldeko foru egoitza historiko honetan. Durango, Zaldibar, Abadiño, Atxondo, Otxandio, Mallabia, Elorrio eta Ermuko alkateak bertaratu diran saioan guztira hamar gai landu dira, Itaunen eta Ahozko erantzun-eskeen artean erdibana banatuta.

 

KARRANTZAKO PURIN-PLANTEA

Osokoaren lehenengo itauna Eneritz de Madariaga Martin Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak aurkeztu dau. Verdalia Bio Karrantzak Las Torcachasen sustatu dauen purinak tratetako eta biometanoa ekoizteko plantearen proiektuaren inguruan itaundu deutso Arantza Atutxa Lejarreta Ingurune Naturaleko eta Nekazaritzako foru diputatuari. Azalpenean zehar batzarkideak urtean 125.000 tona purin baino gehiagok eta akuiferoak kutsatzeko arriskuek haranean sortzen daben gizarte eta politika arloko kezkea gero eta handiagoa dala ohartarazo dau. Bere esku-hartzean proiektuaren inguruan informazino kontraesankorrak egotea kritikau dau –adibidez, garraio-kamioien eguneroko kopurua–, 2010ean geldituta geratu zan huts egindako Karrantzako Minda plantearen aurrekaria gogora ekarriz eta Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-espedientean Aldundiak egin dauen balorazinoaren inguruko gardentasuna eskatuz.

Erantzunean Arantza Atutxa foru diputatuak Bizkaiko Aldundiak ez dauela enpresa-ekimen pribadu hori sustatzen, ez finantzatzen, ezta bertan parte hartzen be argitu dau, foru jarduketea lurzoru urbanizaezinaren ganeko afekzinoari buruzko derrigorrezko sektore-txostenera mugatuz. Atutxak nekazaritzako lurzoruaren kontsumoa ahalik eta gehien gitxitzeko 2010ean gelditu ziran obretako partzelak berrerabiltzeari esker nekazaritza-afekzinoa bateragarria dala ondorioztatzen dauen txostenaren eukia zehaztu dau. Horrez gain, erakundeak proiektua eraikuntza-enpresak neurri zuzentzaileak derrigorrez zorrotz beteteari lotu dauela nabarmendu dau diputatuak. Neurri horreen artean dagoz, adibidez, hondeaketa-lanak hasi aurretik lur emankorrena babestea, eragindako larre- eta laborantza-guneetan barriro ereitea, itxiturak ordezkatzea eta laboreak barriro landatzea, jagokezan kalte-ordainakaz.

 

GARRAIO PUBLIKOKO HOBARIAK 2027AN

Beste itaun batean Raúl Méndez Urigoitia EH Bilduko batzarkideak Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiari argitasuna eskatu deutso 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera Bizkaiko garraio publikoko hobarien jarraipenaren inguruan. Méndezek nabarmendu dau gaur eguneko hobariek milaka familiaren gastua arindu dabela eta mobikortasun jasangarria sustatu dabela, baina kezkea azaldu dau datorren ekitaldirako ziurtasun- eta aurrekontu-informazino faltearengaitik. Horrez gain, batzarkideak iragarritako tarifa-eredu progresiboa –errentan eta erabilera-maiztasunean oinarritutakoa– 2027rako ez dala ikuspegi teknikotik zein administratibotik prest egongo kritikau dau, eta horregaitik konpromiso sendoak hartu eta euskal erakundeen arteko tarifa-esparru harmonizauaren buru izateko eskatu deutse Foru Aldundiari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP).

Erantzunean Ahaldun Nagusiak argudiatu dau inoizko erabiltzaile kopururik handienak ez dirala deskontuen ondorio bakarrik, zerbitzuaren kalidadean eta modernizazinoan egindako inbertsino etenbakoen ondorio be badirala, eta gaur eguneko laguntzak koiunturazkoak dirala eta energia-krisiarengaitik emondako estaduko dekretuei lotuta dagozala ekarri dau gogora. Etxanobek hobariei eusteari buruzko edozein erabagi eskudun diran ganerako administrazinoakaz adostu behar dala argitu dau, eta Aldundiaren ahalegin ekonomikoa nabarmendu dau (ekitaldi honetan 12 milioi euro bideratzen ditu, txartelak garestitu barik funtzionamendu-kostuen igoerea bere gain hartzeko). Azkenik, Ahaldun Nagusiak agertoki ekonomikoa ezagutzeko 2027ko hurrengo aurrekontu-proiektura igorri eta egiturazko neurri iraunkorretan aurrera jarraitzen dabilzala azpimarratu dau, adibidez 12 urtetik beherakoentzako eta transbordoetarako dobakotasunean, bai eta etorkizunean errentea kontuan hartuko dauen tarifa-sistema bidezkoagoa garatzean be. Erreplikan, urriaren 30ean Euskadiko Garraio Agintaritzan datorren urterako hobarien esparruari buruz eztabaidetako bilera bat egingo dala iragarri dau Etxanobek.

 

BURDIN HESIA

Bea Ilardia Olangua EH Bilduko batzarkideak Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputatuari itauna egin deutso, 2027an hesiaren erorketearen 90. urteurrenari begira Burdin Hesiaren kontserbazino eta dibulgazino planaren buru izatea eskatzeko Aldundiari. Ilardiak 80 kilometroko defentsa-lerro horren hondatze kezkagarriaz ohartarazi dau –aztarnen % 70 baino gehiagok bandalismoa jasaten dabela adierazten daben ikerketak gogora ekarriz–, eta udalen eta kolektiboen ekintza isolauak gaindituta lurralde-estrategia koordinauagaz belaunaldi barriei memoria demokratikoa transmitiduteko eskatu dau.

Erantzunean Arrizabalagak efemerideak memoria historikoa indartzeko emoten dauen aukerea partekatu dau, eta ondarearen babesa Eusko Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen arteko erantzukizun partekatua dala azpimarratu dau. Bere erantzunean, Gogora Institutuagazko lankidetzea edo Berangoko Burdin Hesiaren Museoari emondako laguntzea balioetsi ditu, eta, ganera, jarduteko zailtasunak aitatu ditu, azpiegitura asko lur pribaduetan dagozalako. Modu berean, aurreratu dauenez, erakundeak Ondarearen Europako Jardunaldiak lako esparru finkatuak aprobetxauko ditu 2027an ekimen espezifikoak programetako, erakundeen arteko koordinazinoan sakonduz.

 

ETXEBIZITZA-POLITIKAK

Iker Casanova Alonso EH Bilduko bozeroaleak ekimen bat aurkeztu deutso Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiari, arlo fiskaletik harago doazen etxebizitza-politikak garatzea eskatzeko Bizkaiko Foru Aldundiari, gogora ekarriz etxebizitzea eskuratzea dala herritarren % 70 ingururen kezka nagusia, azken ekitaldian prezioak % 15 igon ostean. Casanovak sustapen-, lurralde-antolamendu- eta urigintza-laguntza arloko foru eskumenetatik ausardiaz jarduteko eskatu dau, ondare publikoa aurkitzeko lanean lortutako emoitza apalen ganeko kontuak eskatuz –14 udalerritan 28 lurzati identifikauta, eta horreetatik oso gitxi bideragarriak– eta etxebizitza babestua edo soziala zuzenean sustatzeko Azpiegiturak foru soziedadea barriro aktibau ez izana kritikauz.

Erantzunean Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak defendidu dau fiskalidadea dala foru tresna nagusia 266.000 zergadunentzako etxebizitzearen kostua arintzeko, eta jarraian Aldundiak martxan daukazan zerga-arlokoak ez diran bost jarduketa-lerroak zehaztu ditu. Horreen artean, alokairuaren erreferentziako prezioak ezarteko eta eremu tentsionauak adierazoteko zerga-informazinoa emotea nabarmendu dau, baita deklarau barik dagozan alokairuen eta turismo-pisu irregularren kontra burrukatzeko zerga-ikuskapenaren errefortzua be. Gazteriaren eta gizarteratzearen arloan, 1,1 milioi euro dituen emantzipazinorako eskualdeko hitzarmenak eta 40 zuzkidura-apartamentu dituan Getxoko Belaunaldi Arteko Zentroaren eraikuntza azpimarratu ditu. Bukatzeko, Etxanobek 14 udalerritako 22 bizitegi-gunetan foru lurzorua identifikau izana balorau dau, erakundeen artean egiaztetako, eta, horrez gain, 1,2 milioi euro laguntza teknikora eta udalerri txikiek euren planeamendua barrikusteko eta lurzoru babestuaren tramitazinoa bultzatzeko laguntzetara bideratu izana be nabarmendu dau. Azpiegiturak erakundeari buruz, Etxanobek udalei laguntzeko balioko dauela, baina bere planen artean foru etxebizitzea sustatzeaz ez dauela arduratu behar esan dau.

 

AHT-REN IRITSIEREA BILBORA

Pablo Gómez-Guadalupe García-Tejedor Bizkaiko Talde Popularreko batzarkideak Abiadura Handiko Trena (AHT) Bilbora heltzeko behin eta barriro gertatu diran atzerapenen aurrean lidergo aktiboa eta konpromiso zehatzak eskatzeko ekimena aurkeztu deutso Ahaldun Nagusiari. Gómez-Guadalupek salatu dauenez, “Euskal Y”-aren lanetan hamarkada bi bete eta zerbitzuan jartea gitxienez 2033ra arte atzeratu ostean, Eusko Jaurlaritzari agindutako sarbiderako funtsezko lanak egin barik dagoz oraindino eta aurrekontuan jasotako 200 milioi euro baino gehiago egikaritu barik.

Bere erantzunean, Elixabete Etxanobek berretsi egin dau AHT azpiegitura estrategikoa dala Bizkaiko lurraldearen lehiakortasunerako eta kohesinorako. 2026ko maiatzean Foru Aldundia proiektuan sartu izana arrazoi bikotxarengaitik justifikau dau Etxanobek: Abandoko geltokia metroaren, trenaren eta Bizkaibusen eskualdeko sareagaz lotzea (Enkarterri, Durangaldea edo Lea-Artibai lako bailarei mesede eginez) eta uriaren berroneratzea aprobetxetea, Bilboko Udalagaz lankidetzan, jarduera ekonomikoa barritzeko eta libre geratutako lurretan enpleoa sortuko dauen proiektua garatzeko. Epeei jagokenez, Ahaldun Nagusiak azpimarratu dau lur azalerako iritsiera-lekua behin-behinekoa dala eta ez dauela behin betiko lurperatzea atzeratuko. Horretarako, Adifi, Gobernu zentralari eta Eusko Jaurlaritzari egikaritze mugarrien araberako "programazino zorrotza" eskatuko deutse, Aldundiak ez dauelako "eskumenik" proiektua egikaritzeko orduan. Etxanobek argitu dauenez, Aldundiaren ekarpen ekonomikoa zehaztapen prozesuan dago, eta erakundeen arteko hitzarmen batean formalizauko da, lanen benetako betearazpenari lotutako urteko partidakaz.

 

AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK

Ahozko erantzun-eskeen txandan, EH Bilduk Artigaseko TMB plantan beiraren birziklapena handitzeko proiektua ezagutu gura izan dau. Arantza Atutxa diputatuak erantzun dauenez, beiraren modulu independentearen proiektua atzeratu egin da, 3 milioi euro inguruko inbertsinoa eragingo dauen TMB barrian txertatzeko. Atutxak azpimarratu dauenez, berregituraketa horrek ez dau ezelan be Next Generation Europako funtsen 400.000 euroko diru-laguntzea alperrik galtzea ekarri. Horrez gain, koalizino abertzaleak La Casillako (Bilbo) egoitza barrian Aldundiaren hainbat egoitza eta azpiegitura bateratzeko eta uri ingurunean integretako proiektuaren aurrerapenak eta gaur eguneko egoerea zehaztea eskatu dau. Oposizinoko talde nagusiak Uribe Kostan –zehatzago, Berangon– eguneko zentro baten kokapena finkatzeko hasi diran foru azterketei buruzko informazinoa eskatu dau.

Elkarrekin Bizkaia taldeko Richar Vaquero batzarkideak, bere aldetik, Enagasek proiektau dauen Muskiz-Arrigorriaga hidroduktuaren ingurumen, lurralde eta segurtasun arloko eraginak ebaluetako eta trazauari aurkeztutako alegazinoak eta alternatibak aztertzeko Aldundiak egin dituan ekintzen barri jaso gura izan dau. Puntu horretan, Arantza Atutxa diputatuak zehaztu dau ingurumen arloko tramitazinoa Ministerioari jagokola, eta Aldundiak aurreko fasean esku hartu dauela, eraginaren azterketan derrigorrez ebaluau behar diran eragin garrantzitsuez ohartarazoteko. Aldundiak eskatutako baldintzen artean nabarmentzekoak dira puntu sentikorretako trazadurak aldatzea, Urkiolako eremu periferikoa eta onura publikoko mendiak babestea, arriskuan dagozan espezieak babestea eta erreka-gurutzaketetarako zulaketa horizontal gidaua lako teknikak erabiltea.

Eta, bukatzeko, Bizkaiko Talde Popularrak Hafesa taldeak zor deutsazan "225 milioi euroen" kobrantza geroratua bermatzeko Foru Ogasunak hartuko dituan neurrien ganeko erantzunak eskatu ditu, bere bazkideei buruzko ziurbakotasun judiziala eta filialaren jarduerea eten izana kontuan hartuta. Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak esan dauenez, erakundeak ezin ditu zergadun jakin batzuei buruzko zerga-datuak baieztu edo emon, eta Ogasunak kreditu publikoa pribilegio eta salbuespenik barik babesteko legezko tresna guztiak erabiliko dituala bermatu dau.

 

TOLEDOKO TREN-ISTRIPUKO BIKTIMEN OROIMENA

Osokoan zehar hainbat parte-hartzailek euren atsekabea adierazo dabe, Toledon gertau dan Abiadura Handiko Trenaren zoritxarreko istripuaren ganeko lehenengo informazinoak ezagutu ostean. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak alkartasun sakona erakutsi deutse biktimei eta euren familiei.