BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK URTEKO AZKENENGO BATZORDEA EGIN DABE GAUR, BIHAR 2025EKO AURREKONTUAK ETA ZERGA ARLOKO HAINBAT NEURRI ONARTZEAREN BEZPERAN

- Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak itxi ditu gaur eguerdian Batzar Nagusietako kontroleko saioak, eta azpimarratu dauenez, Ur Partzuergoaren giza baliabideei eta baliabide teknikoei esker uraren hornidura segurua bermatu ahal izan zan zemendiaren 16ko matxuran.
- Oposizinoak, ura horniduteko sarean etorkizunean egon daitekezan matxuren aurrean erantzuteko protokoloak hobetzeko eskatu dau.
(Bilbon, 2024ko gabonilaren 26an). Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur itxi ditue 2024ko batzordeak, Aurrekontuen Foru Arau proiektua eta hainbat zerga-neurri behin betiko onartzearen bezperan. Ekitaldiko kontroleko azkenengo gaia zemendiaren 16an Eskumaldeko eta Uribe Kostako udalerrietako ur-hornidurako arteria nagusia apurtu izanaren ondorioei buruzkoa izan da. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren arabera, gorabehera hori erakunde horren bizitzako 57 urteetan izandako matxurarik handiena izan da.
Oposizinoko EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuaren “preminazko” agerraldia eskatu eben, matxureari buruzko azalpenak emon eizan. Aldundiko arduradunak Ur Partzuergoak berak helarazo deutsan dokumentazinoan oinarritutako informazinoa emon dau. Bertan, hausturaren errazoiei buruzko informazino teknikoa, emondako erantzuna edo gertakariari erantzuna emon jakon bitartean herritarrei emon jakezan komunikazinoak jasoten ziran.
Atutxak azpimarratu dauenez, Aldundiarentzat, Ur Partzuergoko kide dan aldetik, Eskumaldeko eta Uribe Kostako udalerri batzuei eragin eutsen uhertasunak herritarrentzako ondorio txarrik ez izatea da “garrantzitsuena”, eta holan izan zan. Alde horretatik, Partzuergoko teknikarien neurketek erakutsi eben kloroa egoala aztertutako lagin “guztietan”, “ehun baino gehiagotan” hain zuzen be, eta horrek erakutsi eban kontsumorako urak behar dan moduan desinfektauta egozala, ez egoalako kutsadura mikrobiologikorik.
Aldundiak azpimarratu dauenez, Ur Partzuergoaren giza baliabideei eta baliabide teknikoei esker, uraren hornidura segurua bermatu ahal izan zan zemendiaren 16an eta hurrengo egunetan. “Aldizka entrenautako” eragiketari esker, ur-hornidurea berrezarri ahal izan zan Ezkerraldetik egindako larrialdiko ponpaketearen bidez, eta, horren ondorioz, ura uhertu egin zan, hodien barruko jalkinak arrastetearen ondorioz, kanpoko eragile kutsatzailerik sartu zanik baztertuta.
Atutxak goraipatu egin dau udalen eta osasun arloko agintaritzearen partaidetzeagaz lantaldea sortzeko idea, hornikuntza sareko gorabeheren aurrean komunikazinoaren arloan jarduteko ildoa adosteko, izan be, “edozein protokolo ahal da hobetu”, esan dau. Partzuergoko Call Centerra “egunerokotasunerako dago diseinauta, eta ez neurri horretako gorabehera bati erantzuteko”, esan dau, egun horretan ahalik eta herritar gehienengana heltzeko martxan jarri ziran tresnak azaldu eta gero.
Hornidura sarean matxurak gertatzen jarraituko dabela abiapuntu hartuta, oposizinoko taldeek herritarrakaz komuniketako protokoloak zelan hobetu aztertzean jarri dabe arretea. Idoia Buruaga EH Bilduko batzordekideak adierazo dauenez, egiteko hori ezin da udalena “bakarrik” izan, “eta ezin da informazinoa aplikazino digital batera mugatu”. Bizkaiko Talde Popularreko eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako kideak bat etorri dira herritarrei abisua emoteko protokolo horreetan “hobekuntzarako tartea” dagoala esatean, Ur Partzuergoak berak autortu eban lez.
Sozialisten aldetik, Ignacio Jerónimo batzordekideak “nasaitasunezko eta zuhurtziazko” mezua zabaldu gura izan dau, ez zalako “ezelango” eragin pertsonalik izan, baina “eragozpenak” autortu ditu. “Begi onez” ikusten dau gorabehera larrien aurreko komunikazinoa hobetzeko Partzuergoaren lan hori.
Jeltzaleen aldetik, Jesus Lekerikabeaskoa Batzar Nagusietako bozeroaleak bere “harridurea” erakutsi dau, Aldundiaren agerraldia eskatzeko preminea dala eta, Foru gobernua Ur Partzuergoaren “parte” danean, edozein udal izan daitekean lez. Edozelan be, txalotu egin dau Partzuergoak erakunde horretako kide guztien artean hobekuntzak bilatzeko “gogoetea” zabaltzeko hartu dauen neurria, argi itxita komunikazino protokolorik ez egotea “ez dagoala Aldundiaren esku”.