BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EVA RAYA ETA SUSANA GÓMEZ GARCÍAREN LANAK DITUAN “ILE GUZTIA BEGIEN AURREAN” ERAKUSKETEA HARTUKO DABE
- EHUko Pintura Masterreko ikasle horreen erakusketea bagilaren 27ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.
- Erakusketea Foru parlamentuak eta EHUko Arte Eder Fakultadeak Leioako campusean trebatutako artista gazteei bultzadea emoteko daben akordioaren barruan dago.
(Bilbon, 2025eko bagilaren 3an). Bagilean, Eva Rayak eta Susana Gómez Garcíak alkarregaz asmau daben “Ile guztia begien aurrean” erakusketea egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan. Erakusketak ikasle biek EHUko Arte Ederren Fakultadeko azkenengo Pintura Masterrean egin dituen lanen aukeraketea biltzen dau. Gaur, aurkezpenean, Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako lehendakariak, Mahaiko ordezkariek eta Iñaki Imaz Pintura Masterreko irakasle eta arduradunak babestu ditue artista biak.
Erakusketearen izenburuak berak daborduko jasoten dau metafora sentsorialez beteta dagoan erakusketearen espiritua, ikusmenaren, iluntasunaren, gorputzaren, begiratzeko eta begiratua izateko kinuaren eta margotzeko ekintzaren inguruan, esplorazino eta errebelazino modu modu lez. Azken batean, artistek euren erakusketa barria “begien bistatik harago ikusteko konbite” lez aurkezten dabe, baztertzeko, ukatzeko edo begiak ixteko kinuaren atzean ezkutetan danari begiratzeko. Euren lanean, pinturak ez dau irudikatzen, ezkutautakoa erakusten dau, marra bakotxa iluntasunaren erdian begirada doitzen saiatzen dan begi-kliska bat balitz lez.
Arpegiaren ganean jausten dan ulea, begirada lausotzen daben betuleak, pintzakaz ikutzen dan azala: dana nekez ikustearen, ikumenetik, gorputzetik, hobeto ikusteko desiratik irudiari aurre egitearen metafora bihurtzen da, baita horrek "beste modu batera begiratu ahal izateko bizkarra emotea" badakar be. Erakusketea irudiaren eta iluntasunaren arteko tentsinoen, desiraren eta ezintasunaren, argia orrazteko kinu intimoaren eta aurrez aurre begiratu gura ez izatearen lotsaren arteko ibilbidea da. Proposamen bisual horrek, erakutsi baino, “irudia marruskadura bat lez sentidutera konbidetan dau, ia ikusten be ixten ez dauen xuxurla bat lez”, azaldu dabe artista biek katalogoan.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak gogora ekarri dauenez, erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko 2011tik EHUko Arte Ederretako Fakultadeagaz daukien akordioaren barruan dago, izan be, unibersidade zentro horretan hiru master egiten dira (Pinturea, Zeramikea eta InCreArte). “Holan, sortzaile gazteei ikusgaitasuna emoten deutsegu, artisten belaunaldi barriei euren sorkuntza-lanak zabaltzen laguntzen deutsegu, eta horreetako asko areto honetan estreinauko dira euren lehenengo erakusketeagaz”, azpimarratu dau Otaduik. “Oso pozgarria” da gazteei “artearen mundu konplexuan” aukerea emotea.
Batzar Nagusiek 14 urte daroez euren erakusketa aretoa EHUri lagaten, Bizkaiko artisten harrobia publiko zabalagoari helarazoteko. Erakusketea bagilaren 27ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera librea da.