BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GERNIKAKO ARBOLEAREN OINORDEKO BAT EMON DEUTSIE URKULLU LEHENDAKARIARI, EUSKO JAURLARITZAKO BURU LEZ EGINDAKO LANARENGAITIK

  • Sinbolismoz betetako ekitaldian, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak 5 urte inguruko haretx gazte bat, arbola sakratuaren ondorengoa, emon deutso Iñigo Urkullu Renteriari, lehendakari barriaren zin-egite ekitaldirako egun gitxi falta diranean.

 

(Gernikan, 2024ko bagilaren 17an). Bizkaiko Batzar Nagusiek omenaldia egin deutsie gaur goizean azkenengo hamabi urteetan Eusko Jaurlaritzako Lehendakari izan danari. Iñigo Urkullu Renteriak, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariaren eskutik jaso dau bakearen, askatasunaren eta demokraziaren sinboloa dan haretxaren 5 urte inguruko oinordeko gaztea. Aintzatespena hautagai barriari makilea pasetako egun gitxi falta diranean izan da, eta azkenengo 12 urteetan Eusko Jaurlaritzako buru lez egin dauen beharra eskertzeko izan da, izan be aldi horretan, euskaldunen ikono unibersalenaren “enbajadore” lez nabarmendu da. 

Lehendakariari Gernikako Batzar Etxeko sarreran egin deutsie harrerea Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Mahaiko kideek. Bertatik, segizinoa Batzar Nagusietako taldeetako bozeroaleak zain izan dituan Gernikako Arbolara joan da, omenaldi ekitaldia egiteko. Batzar Nagusietako lehendakariaren berbaldiaren ostean, Ana Otaduik Gernikako Arbolearen oinordekoa eta metro bi inguruko altuerea dauen haretx gaztea haren ondorengoa dala egiaztetan dauen ziurtagiria emon deutsaz Lehendakariari.

Batzar Nagusietako lehendakariak gogora ekarri dauenez, Lehendakariak “etenbarik” egin dau behar, “egon dan leku guztietan euskaldunon sinbolorik unibersalena errespetau eta balorau daiten”. Urkullu “gure Gernikako arbolearen enbaxadore handia” izan da, haretxaren hazia Auschwitzera, Vendays-Montalinetera, Akitaniara edo Estrasburgora eroan dau, gertuen dagozan beste leku batzuk ahaztu barik, Gasteiz, Erriberabeitia, Urduña, Lekeitio, Turtzios…, eta 2015eko zezeilean gaur egungo Gernikako Arbolea landatzeko ekitaldiaren buru be izan zan.

Bere alderdi instituzionalean, Otaduik nabarmendu dauenez Urkulluk 2012an, Batzar Etxeko Ohorezko Liburuan lehen zina egin ostean “emondako berbea bete dau”. Egun haretan hitz honeekaz sinatu eban: “Gure Herriaren garapen, askatasun, burujabetza eta bizikidetza nahiak gauzatzea dut helburu. Gernikatik mundura gure nortasuna indartu, landatu eta ereindako gure fruitua eman eta zabaldu”. Aintzatespena, Urkulluk bere karguan persona guztiakazko “apaltasuna eta bardintasunezko tratua” izan dauelako be etorri da, “desbardinen arteko akordioak bultzatuz”.

2012ko gabonilaren 15ean esan ebazan berba hareek be aitatu ditu Urkulluk. Izan be, orduan gaineratu eban “apaltasunez eta ausardiaz” lan egingo ebala “Euskadi aurrerakoi, baketsu eta askearen alde, Europan eta mundu osoan”. Bere eretxiz, hiru dimentsinok zehaztu dabe hiru Legealdi honeetako ibilbidea: “persona, guztion ongizatea eta Euskadiren nazinoartekotzea”. Helburu horreekaz eta danon partaidetzeagaz, “Euskadiren garapena, askatasuna, burujabetzea, bizikidetzea eta nortasuna indartu doguz”, ziurtatu dau.

Azkenik, Urkulluk oroitzapen berezia izan dau Gernikarentzat eta Arbolearentzat, “beti joan dira nigaz. Bere hazia sendotasunez ari da frutua emoten. Hemen eta baita munduko beste herri askotan be”.

Bere historian zehar, Foru Parlamentuak, bost kontinenteetan landatu diran Gernikako Arbolearen 450 oinordeko baino gehiago entregau ditu. Bizirik jarraitzen dauen zaharrena Gernikako Batzar Etxetik oso hur dago. 1859koa da eta Nabor lez ezagutzen dan eraikinaren lorategian hazten ari da oraindino. Kanpoan, haretx zaharrena Argentinako Rosario de Santa Fé herrian dago eta 1886koa da. Gaur Lehendakariari emondako azken alea gure lurraldeko lekuren batean oso azkar haztea espero dau Foru Parlamentuak, bakearen eta bizikidetzearen sinbolo lez, eta, aurrekoek egin daben moduan, hainbat hamarkadatan haziak banatu ahal izatea.