BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK “PUNTU LILA” ALDARRIKATUKO DABE INDARKERIA MATXISTAREN KONTRA

  • Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Egunean Emakundek sustatutako kanpainagaz egin dabe bat.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak emakumeenganako indarkeriaren kontrako jarrera sendoa erakutsi eban joan dan eguaztenean Gernikan.


(Bilbon, 2024ko zemendiaren 25ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek “puntu lila” jarri dabe Bilboko egoitzaren fatxadan, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Egunean indarkeria matxistea gaitzesteko. Zirkulu more enblematikoa Gernikako eta Abellanedako egoitzetan be ikusi ahal izango da, Emakundek sustatzen dauen kanpainagaz bat eginez. Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak emakumeenganako indarkeriaren kontrako jarrera sendoa erakutsi eban joan dan eguaztenean Gernikan.

Aldarrikapen hori zabaltzeko, kolore hori bere egoitza guztietan egongo da, Bizkaiko herritarren borondatea ordezkatzen daben egoitzetan, hain zuzen be. Borondate horrek askotan adierazo dau emakume batzuek pairatzen daben genero-indarkeria gaitzesten dauela. Batzar Nagusietako eraikin guztietan "Eraso sexistarik bako gunea" adierazoten daben seinaleak jarri dira.