BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA HAUTATU DABE LURRALDEKO LEHENENGO EMAKUME AHALDUN NAGUSI
- Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak, lehenengo bozketan, gehiengo osoz aukeratu dau gaur batzarkide jeltzalea, datozan lau urteetan Aldundia zuzentzeko.
- 9 sail izango dituan Gobernua aurkeztu dau; zazpiren kudeaketea EAJren esku egongo da eta bi PSE-EEren esku.
(Gernikan, 2023ko garagarrilaren 5ean) Euzko Abertzaleak taldeko Elixabete Etxanobe Landajuela hautagaia aukeratu dabe gaur, Gernikako Batzar Etxean egindako Aukeraketarako Osokoan, Bizkaiko Ahaldun Nagusi, 31 batzarkideren babesari esker, bere talde parlamentarioak eta Euskal Sozialistek batuta egiten daben gehiengo osoa.
Lehenengo itzulian irabazitako bozketearen ostean, Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakariak foru Gobernuko arduradun nagusi izentau dau Etxanobe, aurkeztutako beste hautagaitzak, EH Bilduk aurkeztutako Iker Casanovarenak, babes gitxiago jaso ostean, 14 boto, hain zuzen be. Protokolozko ekitaldia kanpoan egin da. Batzar Nagusietako Mahaiak lagunduta, Ahaldun Nagusi barria karguaz jaubetu da eta Gernikako Arbolaren azpian egin dau karguaren zina.
“Zuganatzen dozun erantzukizuna ohorez eta zintzotasunez beteko dozula badakigu. Beraz, hartu egizu Aginte-Makila hau hartzen duzun karguaren ezaugarritzat”. Berba horreekaz, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, aro demokratikoko seigarren Ahaldun Nagusiari emon deutso Bizkaiko aginte makilea. Foru Gobernuko jarleku nagusia hartu dauen lehenengo emakumeak azkenengo zortzi urteetan Lurraldea gobernau dauen Unai Rementeria ordeztuko dau gaurtik aurrera. Aurrerago Ahaldun Nagusi izandakoak ziran José María Makua, José Alberto Pradera, Josu Bergara eta José Luis Bilbao.
Aginte-makilea jaso ostean, Ahaldun Nagusiak 9 sail –aurreko legealdiko kopuru bera– izango dituan gobernu-taldearen barri emon dau. Gobernu barrian barriro egongo dira Teresa Laespada (Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna), Amaia Antxustegi (Gizarte Ekintza), Imanol Pradales (Azpiegiturak eta Lurralde Garapena) eta Ainara Basurko (Sustapen Ekonomikoa); eta sartuko diranak Ager Izagirre (Herri Administrazinoa eta Erakunde Harremanak), Itxaso Berrojalbiz (Ogasuna eta Finantzak), Leixuri Arrizabalaga (Euskara, Kultura eta Kirolak), Arantza Atutxa (Inguru Naturala eta Nekazaritza) eta Sonia Pérez (Garraioa, Mugikortasuna eta Turismoa) izango dira.
ESKU-HARTZEAK
Batzar Nagusia goizez eta arratsaldez egin da, eta hautagai bien berbaldiakaz hasi da: Elixabete Etxanobe (EAJ/PNV) eta Iker Casanova (EH Bildu). Azkenean, PPko Raquel Gonzalezek astelehenean erretirau eban hasiera batean joan dan barikuan erregistrau eban hautagaitzea.
Aurretik, hamar minutu baino iraun ez dauen beste saio batean, osokoak aho batez onartu dau Bateraezintasunen Batzordearen erespena. Bertan, Bizkaiko 51 ordezkarien adierazpenak aztertu eta gero, “Bateraezintasunen Batzordearen ustez, batzarkide batek be ez dauka bateraezintasun arazorik”.
Horren ostean, Aukeraketarako osokoan daborduko, eta Ahaldun Nagusi bihurtu aurretik, Etxanobek datozan lau urteetarako bere Gobernu ekintzaren ildo nagusiak azaldu ditu. Holan, bere gobernuak Bizkaia “bardinzaleagoa eta gizarte kohesionau eta aurreratua” lortu gura dauela azalduz hasi dau bere berbaldia. Atzera begiratu eta pozik agertu da “danon” ahaleginari esker Tourra “jai handia” izan dalako, eta “danon artean” herritarrek politikan gehiago parte-hartzea lortzeko deia egin dau, aurreko hauteskundeetan abstentzinoa bost puntu hazi zala kontuan izanda. Atzerago begiratuz –Unai Rementeriaren foru Gobernuaren zortzi urteak– Etxanobek esan dau EAJ-PNV eta PSE taldeen koalizino gobernuak “egonkortasuna” ekarri dauela eta “2015ean genduana baino Bizkaia hobea itxi dauela”.
Proposamen zehatzei jagokenez, Etxanobek “gizarte honen izaera integratzailea indartzean” jarri dau arretea. Gizarte babesaren arloan, umeen sexu-abusuaren biktimei laguntzeko eredu “esperimentalak” jarriko dira martxan, Barnahus eredua, adibidez; EtxeTIC zentro barriak abiauko dira Zallan, Mungian, Markinan eta Basaurin, eta egoitza barri bi zabalduko dira, 120 bizikidetza-unidadegaz, Sestaon eta Abadiñon. Ganera, 100 plaza soziosanitario barri sortuko dira.
Etxanobek azpimarratu dauenez, Bizkaiak “zorra dauka emakumeakaz”, eta, horregaitik, neurriak bultzatuko dira gizarteak “bardintasunaren bidea egin daian”. Bardintasunezko politikez gain, ongizate ekonomikoak eta enpleo egonkorra eta kalidadekoa sortzeak “ildo estrategikoa izaten jarraituko dabe”. Holan, ekintzailetzaren nazinoarteko erreferente dan BAT izenekoaren bigarren fasea bultzatuko dau Aldundiak, eta 60 milioi euroko Industria eta Talentu Funtsa sortuko da. Gobernu barriak, ganera, bigarren Enpleo Planari helduko deutso.
Zerga-sistemeari jagokonez, Gobernu barriak horri buruzko gogoetea egingo dau, “lehendik daukaguna arriskuan jarri barik”. Foru Ogasunari jagokonez, jarduera ekonomikoa daukien 90.000 persona inguru Batuz sisteman sartzeko lan egingo da.
Eta mobikortasunari jagokonez, Etxanobek garraio publikoan pandemia aurreko bidaien zifrak “berreskuratzeko” eta bizikleta-bideen sarea bultzatzen jarraitzeko egingo dau lan, mugarri bigaz: itsasadarreko bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko zubia. Bere esku hartzean, metroaren 5. linearen gauzatzea, 4. linearen bultzadea eta Bizkaibuseko flotaren barriztapena be aitatu ditu, garraio publikoan ibilgailuz aldatu beharrak dakarren gastua kentzeko pausuak emoteaz gain. Eta errepideetan, itsasadarraren ibaipekoagazko konpromisoa, Avanzadaren estalketea eta Markina, Ermua eta Karreretako saihesbideak aitatu ditu.
Kulturaren arloan, Aldundiak pausuak emoten jarraituko dau Urdaibaiko Guggenheim gauzatzeko, baita administrazino “eraginkorra, modernoa eta hurbila” lortzeko be. Gertu izeneko bulego-sarea handitu egingo da. Azkenik, udalakaz batera, udal-finantzaketaren sistemea barrikusiko da.
PARADIGMA ALDAKETA AURREAN
Bere aldetik, bere taldeko 14 batzarkideen aldeko botoa jaso dauen Iker Casanova EH Bilduko hautagai eta bozeroaleak, politika egiteko modua eguneratzea planteau dau, mundua “paradigma aldaketaren aurrean” dagoalako, gizartean “bertigoa eta ziurbakotasuna” eragiten dituan aurrerapen teknologikoen (konputazino kuantikoa eta Adimen Artifiziala) ondorioz. Globalizazino neoliberala agortzen ari da, eta horrek “azterlana barritzea eskatzen dau”.
Horri jagokonez, Casanovak politikea “konponbide iturri bihurtzea, eta ez arazo” planteau dau, eta “iraganeko inertziak saihestea”. Horregaitik, beste fiskalidade mota progresiboago bat planteau dau, “aberastasunaren gero eta banaketa bidebakoagoa ikusten dalako”. Diru-bilketaren bi heren beharginengan oinarritzen da, eta, horregaitik, progresibidadea aldatu behar da Soziedadeen ganeko Zergan tarte barriak ezarriz eta enpresen irabazien ondorioz gehiago ordainduz.
Aldundiaren apustu nagusiak turismorako eta ekitaldietarako joerea izan dabe azkenaldion, “industriari bizkarra emonez”, “aberastasunaren eta kalidadezko enpleoaren iturri” dan arren. Holan, Casanova 5.0 industriaren alde agertu da, aurreratua eta gizartearen eta ingurumenaren aldetik arduratsua. Idea horregaz, Burtzeñan (Barakaldo) parke teknologiko bat sortzea proponidu dau. Eta, azkenik, BPGren % 3 ikerketan eta garapenean inbertiduteko lurralde-ituna planteau dau, une honetan “% 1,96an baino ez gagozalako”.
Azpiegiturari jagokonez, EH Bilduko hautagaia Ermuko saihesbidearen eta Errekaldeko zubibidea erastearen alde agertu da. Eta Avanzadari jagokonez, lurperatzea “handitzea” planteau dau. Inbertsino barri horreekaz batera, trafikoa murrizteko eta garraio publikoa hobetzeko politikak ezarri behar dira.
Eta zaintzei jagokenez, modu publikoan eta komunitarioan lan egitearen aldeko apustua egin dau, sektore horretan ikusten dan pribatizazinoa baztertuz, beharginen ratioak hobetuz eta behargin gehiago sartuz. Horrez gain, Aldundiak klima aldaketeak ezarritako larrialdiari erantzun deiola eskatu dau, politikak ez datozalako bat egoera horregaz. Amaitzeko, lehen sektorearen aldeko itun handia eskatu dau, baserria desagertzen ari dalako.
BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak, Eneritz de Madariaga Batzar Nagusietako bozeroalearen berbetan, ez dau “ezelango aldaketarik” ikusten sozialistek eta jeltzaleek adostutako politiketan, eta “ezkertiar desbardinen arteko” akordioak bilatzeko eskua luzatu dau, arlo publikoaren defentsarako, aurreko hauteskundeetan PPren eta Voxen botoek gora egin ostean. De Madariagak kritikau dauenez, fiskalidadea ez da aberastasuna banatzeko balio izaten ari, kapital errentak “ondo tratauta” dagozalako eta diru-bilketea laneko errentetan oinarritzen dalako. Ganera, hurrengo Gobernua sektore publikoko beharginen lan baldintzez eta zaintza sisteman aldaketak planteeteaz gehiago arduratu daitela eskatu dau, eta, aldi berean, adierazo dau tamalgarria dala eskualdeen garapen teknologikoa eta industriala bultzatuko dauen politika eraginkorrik ez egotea.
Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, bere aldetik, bere taldea hautagai biek gaur aurkeztutakotik oso urrun dagoan ereduaren alde dagoala adierazo dau. Bere esku hartzean, Gonzálezek zergak jaistea eskatu dau, ekonomia aktibetako eta enpleoa sortzeko, autonomoen eta talentu gaztea erakartearen aldeko tratamentua emonez. Horri jagokonez, popularrak Oinordetza eta Ondarearen ganeko zergak kentzearen eta Administrazinoan beharrezkoak ez diran gastuak edo bikoiztasunak ezabatzearen alde agertu dira, baliabideak aurrerapen ekonomikora “desbideratzeko”. Bere berbetan, preminazkoa da politika industrialean eta defizit demografikoaren kontrako burrukan “tropelaren burura” itzultzea. Supersur edo Lamiakoko ibaipekoa moduko obra “faraonikoak” kritikau ostean, Errekaldeko saihesbidea eta Ermukoa “egia bihurtzean” eta metroaren 4. eta 5. lineak gauzatzean zentrau da, eta, aldi berean, konpromisoa eskatu deutso Aldundiari abiadura handiko trena heldu daiten.
Goyo Zurro Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak, bere taldeak EAJ-PNVgaz lortu dauen eta “10 ardatz estrategikotan eta 150 neurritan” oinarritzen dan gobernu-akordio programatikoa defendidu dau. Ardatz eta neurri horreen artean, bigarren enpleo planaren garapena, Bizkaia jomuga turistiko lez sustetea, gura ez dan bakardadearen kontrako burrukea, zaintza eredu barria bultzatzea edo indarkeria matxistea desagerrarazotea aitatu ditu. Gobernu barriaren betebeharren artean, garraio publikoa hobetzea (Metroaren 4. eta 5. lineak edo Bizkaibusen hobekuntzea) eta errepide barriak garatzea (Errekaldeko eta Ermuko saihesbideak) edo bide berde barriak gauzatzea aitatu ditu. Eta fiskalidadearen arloan, Zurrok zerga-araudia hiru eraldaketa handietara egokitzeko ahalegina hartu dau oinarri lez: trantsizino teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa, eta soziala eta sanitarioa.
Bea Ilardia EH Bilduko batzordekideak defendidu dauenez, koalizino abertzaleko hautagaiak “politikea egiteko modu barria” planteau dauen bitartean, jeltzaleen aukerea “produktu izarrak saltzea” da, horreen “errentagarritasun soziala eta ekonomikoa” zein izango dan jakin barik eta inplikautako eragileak kontuan hartu barik. Ilardiak kritikau egin dau EAJ-PNV, maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean PPgaz “itunak sinatzeko gai” izan dalako, eta haren laguntzea ez dala “doakoa” esan dau. Elkarrekin Bizkaiak be deitoratu dau hori.
Azkenik, Jesús Lekerikabeaskoa EAJ-PNV-ko bozeroalearen berbetan, sozialistakaz lortutako itunak ez deutso “ezelango aterik ixten inori”; kontrara, “hasierako oinarriak, alkarrizketea lortzearen aldekoak ezarten ditu, ezelango betorik barik”.