BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ARGI BERDEA EMON DEUTSEE KULTURAKO, NEKAZARITZAKO ETA GARRAIOETAKO FORU AURREKONTUEI

  • Ogasun eta Finantzetako Batzordean gaur egin diran hiru saio parlamentarioak, oposizinoaren 125 zuzenketa-eske parzial atzera botata itxi dira.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek bihar itxiko dabe 2024ko Bizkaiko Aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa-eske parzialen eztabaidea, Gizarte Ekintza eta Ogasun eta Finantza sailetako Kontuak aldatzeko aurkeztutako proposamenen bozketeagaz.


(Bilbon, 2023ko abenduaren 20an). 2024ko Bizkaiko Aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa-eske parzialen eztabaidak hirugarren jardunaldia izan dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordean. Aurreko jardunaldi bietan gertatu dan moduan, Foru Gobernua eusten daben Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez ditue onartu oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) erregistrau dituen zuzenketa-eskeetatik bakarra be ez, kasu honetan hiru sailetako Kontuen alderdiren bat aldatzeko: Euskera, Kultura eta Kirola; Ingurune Naturala eta Nekazaritza; eta Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa. Arlo horreek 66,2, 75,6 eta 209,3 milioi euro izango ditue, hurrenez hurren, datorren urtean. 

Leixuri Arrizabalagak zuzentzen dauen foru sailaren aurrekontua aldatzeko Batzar Nagusietako taldeek erregistrautako 36 zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko gaur egin dan lehenengo saioan, foru Gobernua eusten daben talde biek atzera bota ditue Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren 12 zuzenketa-eskeak, Bizkaiko Talde Popularraren 15ak eta EH Bilduren 9ak. Sailaren 13 programek eta Bizkaikoa eta Euskalduna Jauregia foru erakundeen eta Azkue, Bizkaia-Bizkaialde eta Juan Crisostomo Arriaga fundazinoen kontuek Bizkaiko Batzar Nagusien oneretxia dabe daborduko.

Kultureari jagokonez, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak Industriaren Museoa Bizkaikoan sartzea planteau dau, eta ekarpen handiagoa egitea foru museoen sareko artelanak erosteko, baita udalerrietan kultur eskaintzea bultzatzeko diru-esleipen handiagoa egitea be. PP taldeak ondare erlijiosoan eta irabazi asmorik bako erakundeetan (El Sitio, Ondarretako Korala, Euskalerriaren Adiskideen Alkartea...) egiten dan gastua handitzeko zuzenketa-eskeak aurkeztu ditu. EH Bilduk, bere aldetik, 500.000 euroko aparteko diru kopurua eskatu dau euskal sorkuntzearen eta kulturearen transmisinoa bermatuko daben Sormene moduko proiektuak bultzatzeko, eta baita beste partida batzuk be San Adrian baseleizako (Elorrio) interpretazino zentroari bultzadea emoteko eta Euskal Errotak eraikinaren zaharbarritzearen bigarren faserako (200.000 euro).

Euskerearen arloan, koalizino abertzaleak ia milioi erdi euroko ekarpena eskatu dau BIKEE proiekturako ekarpena handitzeko, holan eskola kirolean euskerearen erabilerea handitzeko. Eta, beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak, beste zuzenketa-eske baten bidez, inbertsino gehiago eskatu dau euskerearen sustapena eta erabilerea erraztuko dabenak udalak izan daitezan, herritarrakazko hartu-emon zuzenagoa daukielako.

Eta kirolaren arloan, PP taldeak 500.000 euro gehiago eskatu ditu eskolako kirola eta balioetan oinarritutako hezkuntzea bultzatzen daben erakundeetara zuzendutako partidarako, eta 150.000 euro gehiago kirol jarduera inklusiboetarako. Azken alderdi horri jagokonez, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak apustu hori 300.000 eurora igon dau. EH Bilduk, bere aldetik, kirol jarduerak aurrera eroateko udalei ekarpen handiagoa egitea eskatu dau (1,6 milioi gehiago).


GARRAIO SAILAK ALDUNDIAREN HIRUGARREN AURREKONTURIK HANDIENA GAUZATUKO DAU: 209,3 MILIOI

Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailak 209,3 milioi euro izango ditu bere  ekintzea aurrera eroateko. Eguerdian egin dan Ogasun eta Finantza Batzordetik ez da aldaketarik sortu 2024rako aurrekontuan. Ez da ezelango programa edo partidarik aldatuko, Foru Gobernua eusten daben talde biek oposizinoaren 46 zuzenketa-eskeak atzera bota dituelako.

EH Bildu taldeak alde ekonomikotik handiena izan dan zuzenketa-eskea planteau dau arlo horretarako. 25 milioi euro Bizkaiko garraio publikoan doakotasun jasangarrirantz aurrera egiteko: doakotasuna 12 urtetik beherakoentzat eta ikasleentzat, lanbakoentzat eta egoera zaurgarrian dagozan taldeentzat, eta erabileran eta errentan oinarritutako % 80ra arteko hobaria. Beste zuzenketa-eske batzuen bitartez, koalizino abertzaleak 4. linea bizkortzeko, Bizkaibusen lizitazino barrirako partaidetza-prozesua ezarteko (2 milioi euroko kostuagaz) eta Bizkaibizi zerbitzua indartzeko partidak eskatu ditu.

Doako garraioari jagokonez, Bizkaiko Talde Popularrak datorren urtean doakotasuna 12 urtera arte zabaltzearen aldeko apustua egin dau. Milioi askoko partidak planteau ditu metroaren 4. linea bizkortzeko eta Bilbon AHTa 3 milioigaz finantzetako. Bere proiektuen artean, Meatzalderako metro linea barria aztertzeko 600.000 euroko erreserbea be azpimarratu behar da.

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiari jagokonez, bere zuzenketa-eske ekonomiko garestiena 10 milioikoa izan da, 2024an garraio publikoaren erabilerearen hobariari eusteko, tarifen sistema progresibo barria martxan jarri arte. Garraio zerbitzuari jagokonez, metroaren zerbitzua ordubete aurreratzea eta Bizkaibusen hainbat linea barri ezartea (Elorrio-Lekeitio, Durango-Gernikako ospitalea eta Meatzalderako eta Enkarterrirako arekea) eta beste batzuk indartzea (Bilbo-EHU Leioa, Bilbo-Balmaseda eta Enkarterriko hainbat linea) planteau dau.


INGURUNE NATURALA ETA NEKAZARITZA

Horrez gain, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sailaren aurrekontuak ez dau aldaketarik izango Aldundiak proiektautakoagaz alderatuta, oposizinoak gaur arratsaldean 43 aldaketa defendidu dituan arren (10, EH Bildurenak; 11, Bizkaiko Talde Popularrarenak; eta 22, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiarenak). 

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak planteau dau aldaketen erdia. Bolumenarengaitik, lurralde berdeagoa egiteko milioi askoko partidak nabarmendu dira: milioi bat udalerrietan eraztunak eta interkonexino berdeak manteniduteko; eta beste milioi bat basogintza bultzatzeko. Bere ekimenen artean nabarmentzekoak izan dira, baita be, merkataritza arloan sorkuntza bidezko ordainketarako proiektu pilotua eta ontzi estandarizauen itzulketarako kudeaketa publikoko proiektua martxan jartea, Galindoko araztegiko tankeen estaldurea, Karrantzan EDAR bat eregitea eta Argañedako putzua konpontzeko obrak egitea. 

Bizkaiko Talde Popularraren planen artean, Busturialdean azpiegitura hidrauliko handiak egiteko hiru milioi euroko partidea sartzea eta beste 500.000 euro Getxoko Udalagaz lankidetzan Gobela ibaian zehar pasealeku bat egiteko nabarmendu dira. 

Ur eta saneamendu arloan, EH Bildu taldeak, Bizkaiko Ur Partzuergoan sartuta ez dagozan herrietan, Karrantzan, adibidez, milioi bi euro inbertidutearen aldeko apustua egin dau. Zuzenketa-eskeen sortan, proiektu barriak nabarmendu dira, batez be energia-eraginkortasuneko, energia barriztagarrietako eta komunidade energetikoetako ekimenak bultzatzeko 10 milioi euroak. Koalizino abertzaleak ostrozabalen landaketea (milioi bat), basoen erosketea (1,5 milioi), naturatik gertu ekoizten diran basoen sustapena (1,5 milioi) eta agroekologia (1,5 milioi) azpimarratu ditu. Beste barrikuntzetako bat tokiko nekazaritzako elikagaien merkaturako azpiegiturak konpontzera edo lehengoratzera 3,5 milioi euro bideratzea izan da.