BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK, AHO BATEZ, IRAUPEN LUZEKO ZAINTZA POLITIKAN EKARPENAK EGITEKO LANTALDEA SORTU DABE

  • Organu barriak gaur egungo zaintza eredua aztertuko dau, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeek alkarregaz egin daben proposamenaren ostean.

 

(Bilbon, 2025eko gabonilaren 23an) Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe gaur iraupen luzeko zaintzei berariaz zuzendutako lantaldea sortzea. Batzar Nagusietako ekimen hori Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeek eskatuta sortu da, erakundearen araudiaren 40. artikulua betez.

Talde barriaren jatorria, Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu eta 2024ko apirilaren 17ko osokoan eztabaidau zan itaun baten ondoriozko mozinoa da. Talde horrek akordioa lortu eban Foru gobernuari eusten deutsien talde biakaz, saio horretan aho batez onetsi zan erdibideko zuzenketa-eskearen bitartez. Organu horren helburu nagusia zuzenketa-eske horretan markauta geratu zan, eta zainketa-ereduaren egungo egoerearen azterketa eta analisi zehatua izango da.

Akordioan ezarritakoaren arabera, taldearen lana ondorioen dokumentu bat eginez amaituko da. Txosten tekniko hori Gizarte Ekintzako batzordean bozkatuko da, gero Batzar Nagusietako osokora eroateko, eztabaidatu eta behin betiko onartu daiten.

Martxan jarteko berehalako pausuei jagokenez, hurrengo mugarriak zehaztu dira, Irene Edesa Gómez Gizarte Ekintzako Batzordeko presidenteak jakinarazo dauenez:

• Kideen izendapena: talde parlamentarioek urtarrilaren 9ra arteko epea dabe batzordeko mahaiari jakinarazoteko talde horretan bozeroaletzea eta ordezkapena izango daben personen izenak.

• Metodologia: urtarrilean zehar ezarriko dira jarduketa-plana eta lan-metodologia, taldeari bere ikuspegi aditua emongo deutsien bertaratutako personen zehaztapena barru dala.

• Epeak: azkenengo egutegia agerraldien bolumenaren eta ezarritako agendaren araberakoa izango dan arren, ondorioen dokumentua oraingo bilkura-aldia bukatu baino lehen egon beharko da amaituta.

Talde hori sortuta, Bizkaiko Batzar Nagusiek egiturazko ekarpenak egin gura ditue zaintza politiketan, lurraldearentzat estrategikoa dan sektore horrek gaur egun dituan erronkak aztertuko dituan alkarlanerako espazioa bermatzeko.