BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EGUNEKO 5 EURORAINOKO TASAK PLANTEETAN DITUAN TURISMO EGOTALDIEN GANEKO ZERGEAREN FORU ARAUAREN PROIEKTUAREN EZTABAIDEA HASI DABE
- 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera eragin praktikoa izango dauen zerga barriak Bizkaiko establezimendu turistikoetan egiten diran egotaldiak eta Bizkaiko portuetan kurutze-ontziek eskalan egiten dituenak –gehienez be bost egunekoak– zergapetuko ditu
(Bilbon, 2026ko jorrailaren 17an). Gobernu Kontseiluak jorrailaren 1ean onartu eban Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietan Egotaldi Turistikoen ganeko Zerga barria arautzen dauen Foru Arauaren proiektuaren eukia azaldu dau gaur Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean. 2027tik aurrera indarrean egongo dan eta Bizkaiko udalerrientzat derrigorrezkoa izango dan tokiko tributu barri hori ezarteak Toki Ogasunei buruzko Foru Araua aldatzea dakar.
Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantza diputatuak azaldu dauenez, zergeak Bizkaiko udalerrietan dagozan ostatu turistikoko establezimenduetan egindako egotaldiak eta kurutze-ontziek Bizkaiko portuetan eskalan egiten dituenak zergapetuko ditu, eguneko edo frakzinoko, gaua igaro edo ez. Foru Aldundiak, azpiegiturak hobetzeko eta lurraldean bisitari kopuruak gora egitearen ondoriozko ingurumen eta gizarte eragina arintzeko justifikau dau zerga horren beharra.
Arauaren proiektuan ostatu moetearen (hotelak, pentsinoak, apartamentu turistikoak, kanpinak, nekazalturismoak, kurutze-ontziak...) araberako hainbat maila ezarten dira, 0,75 eurotik 5 eurora bitartekoak. 750 plaza baino gehiago dituen udalerri handiek % 50erainoko errekarguak ezarri ahal izango ditue. Modu berean, ostatu gitxi dituen udalek % 100eko salbuespena ezarri ahal izango dabe.
Aldi berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek zabaldu dabe daborduko euren webgunearen bidez (hemen) aurkeztu daitekezan herritarren alegazinoetarako epea. Hurrengo pausua Batzar Nagusietako taldeek zuzenketa-eskeak aurkezteko epea zabaltzea izango da. Horreek beste saio batean eztabaidatu eta gero, Ogasun eta Finantza batzordearen erespena, seguruenik, bagileko ohiko osokora eroango da, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) argitaratu ostean indarrean sartu daiten. Hiru Aldundiek, EUDELegaz bat etorrita, zerga barriak lurraldeko udalerrietan 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ondorioak izatea espero dabe.
Foru Arauaren ondorioetarako, karga-tasak udal bakotxaren ordenantza fiskalaren bidez finkatu ez badira ostatu turistikoko establezimendu mota bakotxerako ezarritako gehieneko tasak aplikauko dira. Arauaren proiektuak zenbait salbuespen aurreikusten ditu, gizarte-programen bidez diruz lagundutako egotaldiei, % 65eko edo gehiagoko desgaitasuna daben personei, II. edo III. mailako mendetasuna dabenei edo osasun-errazoiengaitiko egotaldiei jagokenez.
BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK
Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak modu positiboan balorau dau aurreproiektua, turismo ereduari segurtasun juridikoa eta itzulera soziala emoten deutsolako. Azpimarratu dauenez, arauak sektoreak zerbitzu publikoetan dauen eragina modu koordinauan kudeatzeko aukerea emoten dau. Halanda be, zerga-progresibidadean anbizino handiagoa eskatu dau eragin handiko jardueretarako, adibidez, kurutze-ontzietarako eta erabilera turistikoko etxebizitzetarako.
Bizkaiko Talde Popularretik, Pablo Gómez-Guadalupe García-Tejedorrek ez dau proposamena onartu, tarifak larregizkoak dirala uste dauelako, Balearretakoak be gainditzen ditu-eta. Tributua derrigorrezkoa izatea kritikau dau, tokiko autonomia mugatzen dauelako, eta lurraldean bizi diran personentzat salbuespenik aurreikusi ez izana be zalantzan jarri dau. Horrez gain, batutako funtsen azkenengo helburua argitzeko eskatu dau.
José Alberto Álvarez Castrejón Euskal Sozialistak taldeko batzordekideak zergea defendidu dau, turismo intentsiboak garbiketan, garraioan eta zerbitzu publikoetan dituan kanpo-eraginak ordaindu daizan. Azpimarratu dauenez, arauaren derrigortasunak udalerrien arteko “dumping fiskala” saihestu eta tokiko finantziazinoa indartuko dau. Batzordekide sozialistaren eretxiz, testua bat dator jasangarritasunaren inguruan Europan egiten diran jardunbideakaz.
EH Bilduko Arantza Sarasola Lartategik, bere aldetik, bere alderdiaren erreibindikazino historikotzat jo dauen erregulazinoa “oso albiste ona” dala esan dau, EAJ-PNVren eta Donostiako alkatearen jarrerea kritikauz, betidanik zergearen ezarpena atzeratu eta orain “presea sartzen dabilzalako”. Zergearen udal izaerea babestu arren, turismoak etxebizitzaren prezioan dauen eragina arintzeko eta egotaldi luzeetan ekidadea hobetzeko doikuntzak proponidu ditu. Horrez gain, establezimendu txikien eta nekazalturismoen kudeaketea sinplifiketako eskatu dau.
Bukatzeko, Euzko Abertzaleak taldeko Unai Lerma Mentxaka batzordekideak azpimarratu dauenez, tributuak euren zerbitzu publikoen kalidadeari eusten lagunduko deutse jente gehien jasoten daben udalerriei. Azpimarratu dauenez, prezio-tarteen eta errekarguen edo hobarien sistema malguaren bitartez proiektuak udalen autonomia errespetetan dau. Ganera, aurretiazko parte-hartze prozesua jarri dau balioan, lehen sektorerako salbuespenak eta data bat baino lehenagoko erreserbak sartzeko aukera emon dauelako.