BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK MAIATZAREN 15EAN AMAITUKO DABE EMAKUME ZAMAKETARIEN ANTXINAKO LANBIDEARI BURUZKO ERAKUSKETAN SAKONTZEKO BISITA GIDAUEN PROGRAMEA

  • “Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea” erakusketeari lotuta, egun horretan, Amaia Apraiz Sahagún eta María Romano Vallejo ikertzaileen azalpenak izango dira. Aldez aurretik www.enkarterrimuseoa.eus webgunean izena emotea beharrezkoa da. Gaur, izena emoteko epea zabaldu da leku kopurua bete arte.
     
  • Erakusketea ikertzaile biek lanbide horren gainean egindako lanagaz lotuta dago. Ikertzaileek liburu baten islatu dabe, eta euren indarragaz eta kemenagaz lurraldearen garapen ekonomikoaren funtsezko adarra izan ziran emakume ikusezinei egindako omenaldia da.
     
  • Dokumentu ofizialak, prentsa-artikuluak, argazkiak eta koadroen erreprodukzionak batu ditu, eta maiatzaren 24ra arte zabalik egongo da Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga 6 – beheko solairua. Bilbo). Sarrera librea izango da.

 

(Bilbo, 2024ko maiatzaren 2a). Bizkaiko Batzar Nagusiek bisita gidatuak programatu ditue emakume zamaketariei buruzko erakusketearen edukian sakontzeko. Erakusketea maiatzaren 24ra arte egongo da ikusgai Bizkaiko Kamarako erakusketa aretoan, Bilbon (Hurtado de Amezaga kalea 6). Dobako bisita horreetatik azkena datorren maiatzaren 15ean izango da, Amaia Apraiz Sahagún eta Maria Romano Vallejo ikerlariek zuzenduko dabe, gizaldietan zehar Bizkaiko portuetako merkantziak leku batetik bestera eroateaz arduratu ziran emakumeen lanbidean sakontzen dauen erakusketan bisitaria lagunduz. Izena emoteko epea zabaldu da leku kopurua bete arte.

Bizkaiko Kamareak omenaldia egingo deutso "emakume zamaketarien" lanbideari, XX. gizaldia aurreratu artean lurraldeko portuetan lehorreratzen ziran itsasontzietarako salgaien zamalanetan jardun eben andrazkoen beharrari, liburua argitaratuta eta erakusketea muntatuta. Eukien indarra, kemena eta adorea baliatuta, gizaldietan zehar, eurek jakin barik, Bizkaiko garapen komertzial eta ekonomikoaren funtsezko pieza bihurtu ziran andrazkoak, nahiz eta hareen lana luzaroan ikusezina izan zan gizarteko jentearentzat.

Azken urteotan, Bardintasun Planak bultzatuta, Bizkaiko Batzar Nagusiek andrazkoek egindako lanak aldarrikatu eta ikusarazo ditue, bai gizartean onartuta egozanak, bai hain autortuta ez egozanak. Azken horreen artean dago andrazko zamaketariena, ustez gizonezkoei lotu eitekean eginkizuna, baina bost gizalditan ehunka andrazkoren sorbalden gainean iraun ebana, itsasadarrean ontziak bulkatzen zituen zirgariakaz, Bizkaiko fabrika askotako andrazko langileakaz edo landa-lanetan jarduten eben andrazko baserritarrakaz jazo zan lez.

“Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea” erakusketan, gogorarazo egin gura da belaunaldi askotako andrazkoen artean be errealidade izan zan ogibidea. Izan be, dokumentazinoari esker, eta, batez be, Amaia Apraiz Sahagúnek eta María Romano Vallejok egindako azterlanari esker, jakin badakigu andrazko zamaketariak izan zirala XVI. gizalditik XX. gizaldiko 50eko hamarkadara bitartean. Lanbideak hondino be badirau, baina hobekuntza sozialei eta garapen teknologikoari esker, oraingo beharrak ez dau beste garai batzuetakoagaz ezelango antzik. Gaur egun, Espainiako Estaduan zamaketan dabilzan andrazkoak lanbideko % 5 dira bakarrik.

Bizkaiko enpresa-ehunak bizirik irauteko hain garrantzitsua izan dan lan hori egiaztatzeko material grafikoa (dokumentu ofizialak, egunkarietako albiste laburrak, argazkiak, ilustrazinoak eta artelanen erreprodukzinoak) batu dau Bizkaiko Kamareak. Kultura-ondarean adituak diran Apraizek eta Romanok “Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea. Zamalanetan aritzen ziren andrazkoak” argitalpenean batu daben ikerketa-laneko materialaren barruan dago erakusketako materiala. Hainbat iturri erabili ditue: Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa, Bilboko Udal Artxiboa, Euskadiko Artxibo Historikoa, Bilboko Portu Agintaritza, Sancho el Sabio Vital Fundazioa, Bilboko Euskal Museoa eta Arte Ederren Museoa. 

Batzarretan ikusi daitekezan ilustrazinoen artean, nabarmenak dira Eulalia Abaituaren eta Allende-Salazarren argazkiak, Pedro Telesforo Errazquin Astigarragaren eta Germán Elorza Arrietarenak, Luis Paret Alcázarren (Areatzako bista) eta Juan Eustaquio Delmasen koadroen erreprodukzino zabalduak, edo dokumentu ofizialak eta prentsa-artikuluak (El Cantábrico eta El Liberal).

Iraganean gizarte kapitalista eregiteko lan-indar bat gehiago izandako andrazkoa dago deskribatuta hor, biziraun nahian ebilena miseriaren ekonomian –gizonei baino gitxiago ordaintzen eutseen–, etenbako tratu txar eta moralkeria sozial artean. Ia 500 urtean zehar izen desbardinak izanda –kargatzaileak, deskargatzaileak, zamaketariak edo karga-pisatzaileak–, andrazkoek beti iraun eben hor, halantxe, gizarteak ikusi gura ez bazituan be. Baldintza latzetan lan egiten eben andrazkoen taldea izan ziran zamaketari andrazkoak, esklaboen pareko baldintzetan ia. 

Kultura-ekimen barri hau Bizkaiko Batzar Nagusien Bardintasun Planean jasotako ekintzen arteko bat da; ibilbide-orri horren barruan, gizonen eta andrazkoen artean bardintasun-tratua sustatzeko ekintza zehatzak dagoz batuta, eta alderdi politiko guztien babesa jaso dau. Nafarroako Parlamentuaren ondoren, Espainian bardintasun plan bat onartu eban bigarren erakunde legegilea izan zan Bizkaiko Batzar Nagusietakoa. Bizkaiko aurrerabidean andrazkoen lanari balioa emoten laguntzea da horren ekintzetako bat. 

Lotutako estekak: