BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 526 EKIMEN PARLAMENTARIO ERREGISTRAUTA ITXI EBEN 2024KO EKITALDIA

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek dekretu edo foru arau mailako 13 testu onartu ebezan.
     
  • Batzar Nagusietako organuak 136 aldiz alkartu ziran (20 osoko, 77 batzorde, Mahaiaren 52 bilera eta Taldeburuen Batzarraren beste 17). 

 

(Bilbon, 2024ko urtarrilaren 14an). Azkenengo hamabi hilebeteetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek euren lana areagotu eben. Batzar Nagusien barruko sistema informatikoaren datuek erakusten dabenez, igaz 526 ekimen parlamentario erregistrau ziran eta parlamentuko organuen 136 bilera deitu.

Foru parlamentuaren azkenengo urteko balantze kuantitatiboak beste zifra garrantzitsu batzuk erakusten ditu, bai Foru gobernuaren kontroleko lanei jagokenez, bai Lurralde Historikoen Legeak eskumena autortzen deutsen gaietan Bizkaiko araudia barritzeko dauen eginkizunari jagokonez.

Osoko gehienak Gernikako Batzarretxean egin ziran, eta dekretu edo foru arau mailako 13 testu sortu ebezan. Azkenengo biak joan dan gabonilaren 27an onartu ziran, eta 2025eko Bizkaiko Aurrekontuei buruzko Foru Araua eta zerga arloko neurrien pakete barria jasoten eben. Bizkaiko Batzar Nagusiek, igazko urtarriletik gabonilera bitartean, Foru Dekretu bi, Transposizinoko Foru Dekretu bi, Preminazko Foru Dekretu bi, 6 Foru Arau Proiektu eta aipatutako Aurrekontuen Foru Araua onetsi ebezan.

Aurtongo Bizkaiko Kontuak onartzeaz gain, Bizkaiko Batzar Nagusiek testu arauemoileak atera ebezan aurrera, zerga sistemea garai barrietara egokitzeko; udal gainbalioaren ganeko zergearen gehienezko koefizienteak eguneratzeko; oinarrizko elikagaiei BEZa jaistea lako zerga neurriak sartzeko, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomikoei eta sozialei erantzuteko; edo UEFAren finalak San Mamesen antolatzea ahalbidetuko dauen zerga araubide berezia sartzeko.

Zerga arloko gai horreez gain, Bizkaiko Batzar Nagusiek Toki-Eskumeneko Hondakinak Prebeniduteko eta Kudeatzeko Bizkaiko Plan Integrala be onartu eben (2030erako PIPGRB), hamarkada honetan lurraldeko tokiko hondakinak kudeatzeko ibilbide orria. 

Batzar Nagusietako taldeek –batez be oposizinokoek– asko estutu ebezan Batzar Nagusietako Araudiak emoten deutsezan kontrolerako eginkizunak, itaunak, ahozko eta idatzizko erantzun-eskeak, agerraldi eskaerak, mozinoak, arauz besteko proposamenak edo dokumentazino eskaerak lako tresnen bitartez. Horreen guztien artean, alderdi politikoek 492 ekimen erregistratu ebezan guztira. Horreei gehitu behar jake Aldundiak 21 aldiz eskatu ebala batzordeetara joatea. Kontrol tresna erabiliena idatzizko erantzun-eskea izan zan, eta 205 aldiz erabili zan. 

Bileren atalean, deialdiko 20 osokoak (12 ohikoak eta 8 kontrolekoak) eta egindako 77 batzordeak nabarmendu behar dira. Horreetatik 8 lehenengoz egin ziran, 2024an sortu zan Bizkaiko basoen kudeaketarako batzordea batzeko deialdiak izan ziran-eta. Batzar Nagusietako jarduerearen laburpenean, Mahaia batzartu zan 52 aldiak eta Taldeburuen Batzarrak gauza bera egin eban 17 aldiak be azpimarratu behar dira. 

Batzar Nagusietako buru izanda Ana Otadui Biteri beteten ari dan hirugarren legealdiko (XII. agintaldia) bigarren urteak –Batzar Nagusietako lehendakariaren berbetan– “gure Lurralde Historikoko errealidade sozio-politiko aberatsaren isla eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernua parlamentuan kontroletako tresna eraginkorra dan bizikidetzarako espazio plural lez sendotu dau Erakundea”. Batzar Nagusiak osatzen dituen personek “euren ekimenen bitartez euren eskumeneko gaietan Bizkaiaren garapena bultzatzen jarraitzen dabe”.