BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GENERO IKUSPEGIA ETA AURREKONTU PUBLIKOAK GAIARI BURUZKO JARDUNALDIA EGIN DABE

  • Prestakuntza saioa 2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planeko ekintzen eta “Alkarrizketak Bardintasunean” zikloaren barruan dago.
     
  • Planak 65 hobekuntza-ekintza jasoten ditu urtero aldi horretan.

 

(Bilbon, 2024ko urtarrilaren 19an). Bizkaiko Batzar Nagusiek talde guztietako beharginak eta batzarkideak batu ditue gaur, 2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planaren eukietan beharrean jarraitzeko. Gaur goizean, “Alkarrizketak Bardintasunean” seriearen barruan, Bilboko egoitzan egin dan prestakuntza saioan, plan horretan ezarri ziran helburu bi gauzatzeko bidean egin da aurrera: Batzar Nagusietako kideen artean bardintasunari buruzko sentsibilizazinoa eta prestakuntzea areagotzea eta aurrekontu publikoetan genero ikuspegia txertatzea. 

Raquel López García adituak emondako prestakuntzak genero-ikuspegia dauen aurrekontua zelan egin behar dan aztertu dau, arlo horretako hainbat esperientzia aztertuz. Saioan egungo arau-esparruan, genero-ikuspegia dauen aurrekontuaren egituran eta bardintasunean oinarritutako kontu publikoak ezarteko emon behar diran jarduketa-jarraibideetan eta metodologietan sakondu da.

Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planak erakundean bardintasunaren arloan egiten ari ziran jardunbide egokiei eusteko eta ekintza barriak txertatzeko estrategiak batzen ditu. Azkenik, Bizkaiko parlamentuaren bardintasun-planaren barrikuspenak bardintasun-taldeak gaur aztertu dituan 22 helburu eta 65 hobekuntza-ekintza batzen ditu, hiru jarduketa-eremutan (Gobernamentu Ona, Komunikazinoa eta Eragina Gizartean) zortzi ildo estrategikotan moltsokatuta. Ildo horreen artean dagoz, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea edo zainketen aintzatespena.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana erronka handia izan da bertan parte hartu dabenentzat; izan be, Bizkaiko parlamentua Espainiako Estaduko bigarrena izan zan bere garaian, Nafarroaren atzetik, Bardintasun Plana eukiten, eta Euskal Autonomia Erkidegoko parlamentuen arteko lehenengoa. Proiektu honek herri-administrazinoek euren personen (kasu honetan, lantaldea eta Batzar Nagusietako taldeak) bardintasuna bultzatzeko politika espezifikoak sartzeko arau-errekerimenduari erantzuten deutso, holan, ganerako erakunde politiko, sozial eta ekonomikoentzako bardintasun-politiken erreferente bihurtzeko.