BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GIZARTE BARDINZALEAGOAREN SORRERAN GIZONEN PARTE-HARTZEA SUSTATZEKO JARDUNALDIA EGIN DABE

  • Prestakuntza saioa Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planean (2022-2025) sartutako ekintzen barruan dago, “Alkarrizketak Bardintasunean” zikloan.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusietako bardintasun planak 65 hobekuntza-ekintza jasoten ditu urtero epealdi horretan.

 

(Bilbon, 2024ko bagilaren 27an). Bizkaiko Batzar Nagusiek beharginak eta talde guztietako batzarkideak alkartu ditue gaur, 2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planean jasotako ekintzak gauzatzen jarraitzeko. Gaur goizean Bilboko egoitzan “Alkarrizketak Bardintasunean” seriearen barruan egindako prestakuntza saioan politika publikoetako maskulinitateez egin da berba. 

Josetxu Riviere adituak emondako prestakuntzea gizonak inpliketako modua bilatzean oinarritu da, politikatik gizarte bardintsuagoa sortzeko. Izan be, Arrasateko espezialistea Bardintasunaren aldeko Gizonen Sareko kide da estadu mailan, eta Emakunderen Gizonduz euskal programa aitzindariaren partaide. Programa horren helburu nagusia gizonak emakumeen eta gizonen bardintasunaren alde kontzientzietea, inpliketea eta parte hartzea da. Interesgarria iruditzen jako gizonak feminismora hurbiltzea eta burruka propio lez hartzea, genero maskulinoaren abantailazko egoerea kontuan hartuta.

Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planak erakundean bardintasunaren arloan egiten ari ziran jardunbide egokiei eusteko eta ekintza barriak txertatzeko estrategiak batzen ditu. Azkenik, Bizkaiko parlamentuaren bardintasun-planaren barrikuspenak bardintasun-taldeak gaur aztertu dituan 22 helburu eta 65 hobekuntza-ekintza batzen ditu, hiru jarduketa-eremutan (Gobernamentu Ona, Komunikazinoa eta Eragina Gizartean) zortzi ildo estrategikotan moltsokatuta. Ildo horreen artean dagoz, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea edo zainketen aintzatespena.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana erronka handia izan da bertan parte hartu dabenentzat; izan be, Bizkaiko parlamentua Espainiako Estaduko bigarrena izan zan bere garaian, Nafarroaren atzetik, Bardintasun Plana eukiten, eta Euskal Autonomia Erkidegoko parlamentuen arteko lehenengoa. Proiektu honek herri-administrazinoek euren personen (kasu honetan, lantaldea eta Batzar Nagusietako taldeak) bardintasuna bultzatzeko politika espezifikoak sartzeko arau-errekerimenduari erantzuten deutso, holan, ganerako erakunde politiko, sozial eta ekonomikoentzako bardintasun-politiken erreferente bihurtzeko.