BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 2027KO AURREKONTUAK AZALTZEKO BIGARREN JARDUNALDIA EGIN DABE, INGURUNE NATURALA ETA NEKAZARITZA SUSTATZEKO ETA AZPIEGITURETARAKO ETA LURRALDE GARAPENERAKO SAILEN KONTUEN AZTERKETEAGAZ
- Batzar Nagusietako taldeek Arantza Atutxa Lejarreta eta Carlos Alzaga Sagastosoloa sail bietako arduradunen azalpenak jaso ditue gaur.
(Bilbon, 2026ko zemendiaren 5ean). 2027rako Lurraldeko Aurrekontuen azalpenak aurrera jarraitu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean. Arantza Atutxa Lejarreta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatu andrea izan da bigarren jardunaldia zabaldu dauena. Bere sailak 80,9 milioi euroko aurrekontua izango dau, % 2,38 gehiago, Bizkaiko hondartzen kudeaketarako, ur hornikuntzarako, mendien eta natur guneen kontserbazinorako eta Gaztelugatxeko Donienen esku-hartzeak egiteko. Aurrekontuak nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerearen garapenerako baliabideak be jasoten ditu, baita hondakinen kudeaketarako eta energia-eraginkortasuneko jarduketak egiteko be.
Partida handien artean honeek nabarmentzen dira: hondartzetarako 8 milioi euro, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari 4 milioiko ekarpena (2026an baino milioi bat gehiago), Garbikerren bidez hondakinen kudeaketarako 9,2 milioi, ingurumen-azpiegituretarako 5,3 milioi, ingurumeneko jarduketetarako 4 milioi eta Natur Gune Babestuetarako 1,7 milioi.
Sailaren 2027ko aurrekontuak nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-jarduerarako partidak be jasoten ditu, baita Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak kudeatzen dituan programa eta zerbitzuetarakoak be. Arlo horretan, nekazaritza-sektorerako 7,7 milioi, eta Suspertze Planaren bidez lehen sektorerako emongo diran laguntzak nabarmentzen dira: 10 milioi euro mendiko kalte-ordainen laguntzetarako edo nekazaritza-ingurumeneko laguntzetarako, eta ganera 5,9 milioi euro basogintza-sektorerako dirulaguntzetan.
Kontuen beste atal batek 2,2 milioiko zuzkidurea erreserbetan dau energia-eraginkortasuna bultzatzeko, milioi bat Gaztelugatxeko Donienen egin beharreko hainbat jarduketatarako eta 1,3 milioi Ortuellako Orkonera inguruko Cadegaleko lur betelanetarako.
AZPIEGITURETARAKO ETA LURRALDE GARAPENERAKO SAILA, BIGARREN AURREKONTURIK HANDIENA DAUKANA
Arratsaldeko batzordean Carlos Alzaga Sagastosoloa Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak baieztu dauenez, bere sailak 257,1 milioi euro izango ditu datorren urterako azpiegituretan eta lurralde antolamenduan politika publikoak gauzatzeko, hau da, % 2,58ko igoerea izango dau. Aldundian aurrekontu handiena daukan bigarren saila da, datorren urtean 813,9 milioi eukiko dituan Gizarte Ekintzaren atzetik bakarrik.
Laburbilduz, Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, bere sailak, Interbiakegaz batera, aurrekontuaren erdia baino gehiago –163,6 milioi– foru errepideen 1.300 kilometroen kontserbazino- eta mantentze-lanetan gastauko dau.
2027ko zenbateko garrantzitsuenen artean, Aldundiko arduradunak bizikleta-azpiegituretako inbertsinoa (17 milioi) eta barrikuntzagaz, adimen artifizialagaz eta errepide adimentsuagoakaz lotutako proiektuak (5,9 milioi) azpimarratu ditu. Bide-segurtasunak eta foru sarearen hobekuntzak 8 milioi euro inguru izango ditue.
Azken jarduketa horreei, sailaren esku dagoan Interbiak soziedade publikoak gauzatzen dituanak gehitu behar jakez. Datorren ekitaldian 202,5 milioi euro izango ditu, bai jarduketa handiak gauzatzeko, bai proiektu barriak prestetako. Gauzatzen ari diran jarduketen artean dagoz All Iron igarobidea, La Herrera-Malabrigo errepidea, itsasadarraren azpiko tunela, Markinako eta Ermuko (Urtia) saihesbideak, Artxandako tunelaren konponketea eta Bidesarea Plana. Aurrekontuan, ganera, 10,5 milioi euro aurreikusten dira bidesariko bideen hileko gastu mugeari lotutako dirulaguntzetarako, eta 52,8 milioi Gerediaga-Elorrio errepidea ordaintzen jarraitzeko.
Bukatzeko, Azpiegiturak erakundeak 7,5 milioi euro izango ditu Elkartegietan, Bizkaia Torrean edo Meaztegi Golfean instalazinoak barriztetako edo mantentzeko jarduketa-ildoetarako.