BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK LA CAIXA FUNDAZINOAREN TUMO PROIEKTUAK AZKUNA ZENTROAN JARRAITUKO DAUELA BERMATU DABE
- Euskera, Kultura eta Kiroleko batzordeak ez dau onartu proiektu horretarako Aldundiaren ekarpen ekonomikoa murriztea eta beste kokapen bat bilatzea eskatzeko EH Bilduk aurkeztu dauen zuzenketa-eskea.
- Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputatua Batzar Nagusietara etorri da, berak eskatuta, euskeraren erabilerea “egunero” bizitzaren esparru guztietan zabaldu gura dauen “Bizkaian bagara. Berbak zubi” proiektua azaltzeko.
(Bilbon, 2025eko martiaren 25ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu gaur, Euskera, Kultura eta Kiroleko batzordean, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalagaz batera, La Caixa Fundazinoak sustatutako TUMO prestakuntza proiekturako beste leku bat bilatu daian EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena. Bizkaiko Batzar Nagusiek, beraz, Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbao zentroko Lantegia 1 eta Lantegia 2 espazioek hartzen dituen 1.500 metro karratuak teknologia barriak ikasteko 8 arlo sartzeko erabiltea onartu dabe. Horrek, hainbat kultur ekimen birkokatzera behartzen dau. Koalizino abertzalearen proposamenak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa jaso dau, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen ezezkoa, hau da, aldeko 5 boto eta kontrako 9.
12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako STEM teknologien hezkuntza-gunea sortzeko proiektuak hiru erakunde konprometitzen ditu. Aldundiak espazio batzuk alokatzen deutsaz Bilboko Udalari Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbao zentroan, eta La Caixa fundazinoa arduratzen da lekua egokitzeaz eta 1.500 gazteri prestakuntzea eskaintzeko espazioa teknologiaren aldetik horniduteaz, Portugalgo Coimbra urian dagoan espazioaren antzekoa errepikauz.
EH Bildurentzat arazoa proiektua nun egongo dan da, izan be, azaldu dauenez, aukeratutako espazioak Bizkaian sorkuntza kultural eta artistikoagaz erlazionautako jardueretarako leku “garrantzitsuak” dira. Proiektu barriagaz kultur gune horreek “desagertu egingo litzatekez”. Aitor Llano batzordekideak uribilduko “udal, politika eta kultura” arloetan idea horren kontra egon diran “erreakzinoak” jarri ditu mahai ganean, izan be kultura-sortzaileek proiektuaren kontra aurkeztutako 4.500 sinadura baino gehiago eta zentroko zuzendari ohiaren ukoa be aitatu ditu. Elkarrekin Bizkaiak egin dauen lez, koalizino abertzaleak espazio publikoaren “pribatizazinoa” salatu dau.
Hori dala eta, koalizino abertzaleak arauz besteko proposamenean eskaerea egiten deutso Aldundiari, Bilboko Udalagaz lankidetzan jardun daian espazio horreetan sorkuntza artistikoagaz erlazionautako jarduerei “eusteko eta horreek indartzeko” eta TUMO proiektua garatzeko kokapen “egokiagoa” bilatzeko, eta aldi berean, La Caixa Fundazinoak bultzatutako proiektuari ekarpen ekonomikoa murrizteko eskatu dau.
Foru gobernuari eusten deutsien talde biek gogoratuazo dabenez, gai hori urtarrilaren bukaeran eztabaidatu zan udaleko osokoan, eta bertan Fundazinoak sustatutako hezkuntza proiektuaren aldeko ebazpena onartu zan, beti be bertan aritzen ziranak beste lokal batzuetan kokatzeko eta kultur arloko inbertsinoari eusteko baldintzeagaz, Foru gobernuari eusten deutsien taldeek gogora ekarri dabenez.
Esther Iturrioz jeltzalearentzat, TUMO “proiektu ona da, eginkizun estrategikoa dau eta bere kokapenak ez deutso kalterik egingo Azkuna Zentroaren ohiko jarduera orokorrari”. Bere eretxiz, proiektua “enpresek gero eta gehiago eskatzen daben talentu zientifiko-teknologikoari aurre egiteko, lurraldean talentua garatzeko eta erakarteko Bizkaia with the talent foru estrategiaren testuinguruan” dago. Berta Campo sozialistak bat egin dau tesi horregaz, eta gehitu dau konprometidutako erakunde publikoak –Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia– proiektuaren alde dagozala, daborduko proiektuaren “onurak, kostuak eta arriskuak” balorau dituelako.
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu EH Bilduk kirol instalazinoetan uraren erabilerea murrizteari buruzko kontzientziazino kanpainea aktibetako asmoagaz aurkeztu dauen arauz besteko beste proposamen bat. Klima-larrialdiaren eta eskasiaren testuinguruan, koalizino abertzaleak, Aldundiak, Eskola Kirolaren arduraduna dan aldetik, Bizkaiko kiroldegi eta kirol gune guztietan ezarteko kanpainea diseinau eta martxan jartea eskatu dau. Kanpaina horren helburua “kontzientziazino mezua zabaltzea izango litzateke, uraren erabilerea dutxa bakotxeko 4 minutura mugatzeko”, OMEk gomendatzen dauen lez.
Ekimena ez da oraingoan be onartu, jeltzaleek eta sozialistek uko egin deutsielako, hezkuntza sistemea daborduko gazteen artean kontzientziazino lan hori egiten ari dala esanda. José Alberto Álvarez sozialistak kritikau egin dau, ganera, koalizino abertzaleak udal kiroldegietan ura mugatzeko aukerea sartu izana proposamenean, bere eretxiz neurri hori “larregizkoa” dalako.
Beste alde batetik, abstenidu egin dan Richar Vaquero Talde Bereziko ordezkariak kritikau egin dau “karga norbanakoarengan jartea, sisteman jarri beharrean”, eta adibidetzat jarri ditu “% 20ko” ur galerea sare primarioko igesakaitik izatea edo kontsumo handiena industrian gertatzea.
EUSKERAREN ERABILEREA SUSTATZEKO “ASMO HANDIKO” PROIEKTUA
Batzorde berean, Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, berak eskatuta, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua gizarte mobimenduaren eskutik jorrailean abian jarriko dan “Bizkaian bagara. Berbak zubi” proiektu kulturalaren ganeko informazinoa emoteko. Proiektu horren bitartez Aldundiak “euskeraren erabilerea suspertu gura dau egunerok jardunean eta bizitzako arlo guztietan”.
Horretarako, 3 urtez luzatuko dan programak Bizkaiko 12 eskualde eta 30 udalerritara heldu gura dau, “10.000 persona baino gehiago” inplikauz, Arrizabalagak “euskeraren erabileraren aroa” edo “teoriatik praktikara pasetea” lez definidu dauen epean euskeraren erabilerea aktibetako. Legealdi honetan Aldundiak euskeraren arloan dauen asmorik handieneko ekimena da, eta urtean 200.000 euro baino gehiago bideratuko dira horretara.
Erakunde biek hiru lan-ildo zehaztu ditue: komunidade euskaltzalearen aktibazinoa eta lotura herri mailan; hizkuntza aniztasunaren sustapena, euskerara hurbiltzeko baliabideak eskainiz; eta euskeraren erabilerea sustatzeko ekimenak esparru bitan: gazteak eta familiak. “49 esku-hartze” jarriko dira martxan, gogoeta saioen, parte hartzeko prozesuen, topaketen eta euskeraren inguruko sentsibilizazinorako eta aktibazinorako guneen artean.