BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK AHO BATEZ ONARTU DABE BIZKAIKO BIZIKLETA BIDEEN FORU ARAU BARRIA

  • Gernikan egin dan osokoak bizikletea garraiobide jasangarri eta osasungarri lez erabiltea sustatzeko balioko dauen araua onetsi dau, bizikletaren zirkulazinoa arautu eta beste garraiobide batzuekaz alkarbizitzea bermatuko dauen arauzko esparrua eskainiz.
     
  • Foru Gobernuari eusten deutsien taldeek beste bederatzi aldaketa adostu ditue oposizinoagaz, 56 artikulu eta hainbat xedapen eta eranskin jasoten dituan arauzko testuan.


(Gernikan, 2025eko martiaren 19an). Gaur goizean Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak aho batez onetsi dau Bizkaiko Bizikleta Bideen Foru Araua. Abenduaren 26ko Gobernu Kontseiluan aurreproiektua onartu zanetik Foru parlamentuan izandako eztabaideagaz “aberastu” dan foru arau barriak 2014ko urritik indarrean egon dan foru tresna arauemoilea eguneratu dau, Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak adierazo dauenez. Horren bitartez, bizikleten mobikortasunagaz dituan konpromisoak beteteko orduan “eraginkortasun handiagoa” izateko tresnea emon gura jako Foru gobernuari. 

Arau barriak jasangarritasuneko politikek ordezten daben paradigma barriaren esparruan aurretik ezarritako helburuak lortzen, eta, ondorioz, deskarbonizazinoa bultzatzen, lagunduko dau, Foru gobernuaren ekintzaren helburu lez. Alzagak esan dauenez, arauzko tresnak “lehentasuna emongo deutse” txirrindulariei eta oinezkoei beste mobikortasun modu batzuen aurrean. Azpiegitura horreen hedapenagaz eta sustapenagaz –osokoan gogora ekarri danez, Aldundiak 200 milioi baino gehiago inbertiduko ditu 350 kilometroko bizikleta-sarea sortzeko– Bizkaiak “ingurumenaren babesa bultzatuko dau, berotegi-efektuko gasak murriztuko ditu eta garapen jasangarria indartuko dau”.

Ganera, bizikleta bideen foru arauak foru eskumeneko bizikleta bideen planifikazinoa, finantziazinoa, proiekzinoa, eraikuntzea, aldaketea, kontserbazinoa, ustiapena, erabilerea eta defentsea jasoten ditu. Testu juridiko horrek, 4 titulutan 56 artikulu eta hainbat xedapen eta eranskin dituan arau-multzoan artikulauta, 2035. urtean bizikletaren eguneroko erabilerea handitzeko bultzadea emon gura dau, zortzi kilometro baino gitxiagoko ibilbide laburretan % 7,7ko kuotara heldu arte. Gaur egungo kuotea % 0,7koa da. Arauzko testuak bizikleta bideen tipologia barria sartzeko be balio dau. Hemendik aurrera, bideak honeek izango dira: txirrindularientzako bideak, bizipistak, bizikleta-errei babestuak eta bidegorriak.

Foru parlamentuan izapidetzeko erregistrau zanetik testuak aldaketak izan ditu, lehenengo batzordean eta gaur osokoan bertan. Oposizinoko taldeek 14 zuzenketa-eske erreserbau ditue gaurko saiorako, batzordean 32 zuzenketa-eske aurkeztuta bost aldaketa onartu ostean. Gaur, Foru gobernuari eusten deutsien taldeek akordioak lortu ditue oposizinoko taldeakaz bederatzi aldaketa gehiago sartzeko. Horreen artean, arauaren eukian arretea jartea sartzen da, trazauen diseinutik hasi eta herritarren segurtasunagaz erlazionautako alderdietara, edo “lurralde ekitatea” kontzeptua sartzea, bizikleta bideen garapen orekatua lortzeko.

Laburbilduz, Foru Arauak bizikletaren erabilerea sustatu gura dau garraiobide jasangarri eta osasungarri lez, zirkulazinoa arautu eta beste garraiobide batzuakazko alkarbizitzea bermatuko dauen arauzko esparrua eskainiz. Txirrindularientzako ingurune segurua eta egokia sortu gura da, kalidadezko bizikleta azpiegituren eraikuntzea eta mantenidute-lanak bultzatuz.


LAU MOZINOREN EZTABAIDEA

Osokoak, kontroleko azkenengo osokoan gauzatu ziran beste horrenbeste itaunetatik eratorritako oposizinoaren lau mozinoren eztabaideagaz jarraitu dau urteko hirugarren ohiko saioa. Horreen arteko batek baino ez dau aurrera egin, lurraldeko industria politikaren inguruan Bizkaiko Talde Popularrarenak, Foru gobernuari eusten deutsien Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutako zuzenketa-eskea jaso ostean. Ekimenak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa eta EH Bilduren abstentzinoa jaso ditu.

Zuzenketa-eske horren bitartez, hiru taldeek Ekonomia Sustatzeko Sailak azkenengo lau ekitaldietan (2021-2024) gauzatu dituan diru-laguntzen, zerbitzuen, proiektu estrategikoen eta inbertsino funtsen programen ebaluazino kualitatiboari eta kuantitatiboari buruzko txostena sei hilebeteko epean ¬–hasieran epea hiru hilebetekoa izatea planteau da– aurkezteko eskatu deutsie Aldundiari. Helburua, lurraldean industriaren sektorea bultzatzeko oinarriak jartea da, eta, zehatzago esanda, Bizkaian erabilgarri dagoan lurzoru industriala azaleratzea, Diego Pagadigorria popularrak, ekimenaren sustatzaileak, azaldu dauenez.

Beste mozino batean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, Bizkaian gizarte zerbitzuen eta prestazinoen sistemaren eraginkortasuna hobetzeko neurriak sartzea defendidu dau. Eneritz de Madariaga bozeroaleak defendidu dauen eta Bizkaiko Talde Popularraren aldeko eretxia baino jaso ez dauen ekimenean, sistemaren eraginkortasun txikiagoa eragin leikien elementuak aztertzea eta horren emaitzak Gizarte Ekintzako Batzordean aurkeztea eskatzen zan, sistemaren eraginkortasuna hobetzeko neurriak jasoko dituan ekintza planagaz batera.

Eskaria Estaduko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Gerenteen Alkartearen Gizarte Zerbitzuen Garapenaren Indizea izeneko txostenetik sortu da. Eraginkortasuna jagokonez txosten horrek leku txarrean ixten dau Bizkaia, egindako inbertsino ekonomikoaren eta eskaintzen dan estalduraren arteko erlazinoari jagokonez, hain zuzen be. Halanda be, Foru gobernuari eusten deutsien taldeen eretxiz Mozinoa aurkezteko aitatutako txostena “premisa okerretatik” abietan da eta ez ditu baieztapen horreek egiteko datu “zehatzak eta eguneratuak”.
 
EH Bilduk, bere aldetik, Aldundiak koordinauko dauen Bizkaiko memoria historikoa aztertzeko mahaia eratzea defendidu dau, hainbat personak eta taldek hainbat lekutan arlo horretan egin daben beharra egiaztau ostean. Koalizino abertzalea bakarrik geratu da idea hori defendiduten, Batzar Nagusietako ganerako taldeek mahai hori eratzeak “bikoiztasunak” eragin leikezala ikusi dabelako, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoan Memoriaren Gogora Institutua daborduko egiten ari dan beharra kontuan izanda.

Beste mozino batean, Bizkaiko Foru Aldundiak azterketa “sakona” egitea proponidu dau EH Bilduk, desgaitasuna daben 21 urtetik gorako personek kirola eta jarduera fisikoa egiten jarraitu ahal izan daien, Rakel Goñi batzordekideak defendidu dauenez. Foru gobernuari eusten deutsien taldeek ez dabe onartu, ez dalako kontuan hartzen Aldundiak Kirol Egokituko Bizkaiko Federazinoagaz (KEBF) eta alkarte, klub, federazino eta udalakaz alkarlanean egiten dauen beharra, “daborduko diseinauta dagozan” proiektuetarako baliabideak ordainduz, Berta Campo sozialistak adierazo dauenez. Esther Iturrioz jeltzaleak adierazo dauenez KEBFk “34 kirol modalitate” eskaintzen ditu.


BATZARKIDE BARRIA

Beste alde batetik, osokoaren hasieran, Saioa Elejabarrieta Amorrortu EH Bildu taldeko batzarkide barriak bere jesarlekua hartu dau Batzar Nagusietan, Idoia Buruaga Barcenaren lekua betez.