BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 2025ERAKO ZERGA NEURRI BARRIAK ONARTU DITUE, ENPRESA HANDIENTZAKO GITXIENEKO % 15EKO ZERGA OSAGARRIA, BESTEAK BESTE
- Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz eta oposizinoaren –EH Bildu, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia– kontrakoakaz, aldaketa fiskalak sartu ditue urteko azkenengo osokoan, besteak beste, 200 euroko murrizketea PFEZn 35.000 eurotik beherako diru-sarreretarako.
- Azkenengo orduan sartu dan eta Batzar Nagusietako talde guztiek aurkeztu eta babestu daben zuzenketa-eskeak xedapen gehigarri bat gehitu deutso arauari, multinazionalentzako eta enpresa nazional handientzako gitxieneko % 15eko tributazinoa ekarriko dauen zerga osagarria gehituz.
(Gernikan, 2024ko gabonilaren 27an). 2025eko Kontuak onartu dituan Aurrekontuen Osokoaren ostean beste saio bat zabaldu da Gernikako Batzarretxean, oraingoan Bizkaiko zerga sisteman datorren urtean indarrean sartuko diran zerga arloko neurriak jasoteko. Onartu dan foru arauaren proiektuak aldaketak sartzen ditu hainbat zergaren (PFEZ, Soziedadeak, Ondarea, Dohaintzak...) erregulazinoan eta Zergen Foru Arau Orokorrean. Testua Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz eta oposizinoko taldeen kontrakoakaz onartu da.
Ogasun eta Finantza batzordeak zerga-neurriei buruz emon dauen erespena 43 zuzenketa-eskegaz heldu da osokora, baina gehienak baztertu egin dira. Ordezkaritza handiena daben hiru taldeek erregistrautako erdibideko zuzenketa-eske tekniko bakarra onartu da, baita Bizkaiko zerga sisteman beste zerga bat sartzeko Batzar Nagusietako talde guztien sinadurea ekarri dauen “azken orduko” beste bat be. Azkenengo kasu horretan, osokoak aho batez onartu dau Zerga Osagarria integretako Xedapen Gehigarria sartzea. Xedapen horren helburua da multinazional eta enpresa nazional handientzako % 15ekoa izango dan gitxieneko zerga-maila globala bermatzea.
Zerga barri hori Europako Zuzentarau baten ondorioz joan dan barikuan Diputatuen Kongresuan onartutako lege baten transposizinoa da. Joan dan abenduaren 23an egin zan Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren lehenengo akordioak zerga horren kontzertazinoa jaso dau, eta araudi autonomoko tributu lez eratu da. Hori dala eta, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak Ogasuneko teknikariek, Batzar Nagusietako zerbitzu juridikoek eta taldeek erlojuaren kontra egindako beharra aintzatetsi dau.
Laburbilduz, Foru Arau proiektuak, “segurtasun juridikoa bermatzea eta zerga sistemaren funtzionamendua hobetzea helburu duenak”, 16 artikulu ditu, eta horreek osotzen dituen zenbait xedapen gehigarri eta iragankor. Horreen artean hirugarren xedapen gehigarria nabarmentzen da batez be. Bertan luzatu egiten da azkenengo errenta-aitorpenean Bizkaiko zergadunen % 71ri eragin eutsan 35.000 eurotik beherako diru-sarreretarako 200 euroko murrizketearen aldi baterako aplikazinoa.
Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren esparruan, errekarguen konfigurazino barria nabarmentzen da. Holan, aitorpena borondatezko epea amaitu eta hurrengo hiru egun baliodunetan aurkezten bada, edo ordainketea betearazpen-aldiko lehenengo hiru egun baliodunetan egiten bada, % 5etik % 0,5era murriztuko dira epez kanpoko aitorpenarengaitiko errekargua eta errekargu-betearazlea.
Proiektuak, ondorioak zerga-sistemako hainbat figuratara zabaltzen dituen zeharkako hainbat aldaketa be jasoten ditu, besteak beste, higituezinen errentamendurako, sustapenerako eta salerosketarako jarduera ekonomikoaren kalifikazinoaren barrikuspena, Soziedadeen ganeko Zergaren eta Ondarearen ganeko Zergaren ondorioetarako. Urteko batez besteko plantillaren betekizuna jarduera horreek gauzatzearen errealidadera eta merkadura egokituko da; holan, bost beharginetik hirura murriztuko da enpleaduen kopurua.
Testu arauemoilearen barruan sartzen da, baita be, Soziedadeen ganeko Zergako zenbait alderdiren aldaketea ikerketa eta garapen edo barrikuntza teknologikoko proiektuen finantzaketan, ikus-entzunezko lanen finantzaketan, arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunen finantzaketan eta liburuen edizinoan parte hartzeagaitiko kenkarien inguruan. Horri jagokonez, aitagarria da jarduera ekonomikoak egiten dituen Pertsona Fisikoen Errentaren ganeko Zergaren zergadunek kenkari horreek apliketako aukerea izango dabela.