BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK LURRALDEKO 2024KO AURREKONTUAK ONETSI DITUE
- Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz, onartu egin dabe aurrekontuei buruzko erespena. Datorren ekitaldiko aurrekontu horreek kudeaketa propiorako 1.599 milioi euro izango ditue.
- Oposizinoko taldeek (EH Bildu, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) aurrekontuen kontra bozkatu dabe, aurkeztu dituen 388 zuzenketa-eske parzialetatik bakarra be ez jakelako onartu.
(Gernikan, 2023ko abenduaren 29an). Datorren urterako Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak behin betiko onartuta geratu dira, gaur Gernikako Batzar Etxean egindako osokoan. Aldundiak urriaren bukaeran erregistrautako Foru Arau proiektuak aurrera urten dau, Foru Gobernuari eusten deutsien talde bien babesari esker. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek 10.308 milioi euroko aurrekontuak babestu ditue (% 5,1eko hazkundea 2023ko aurrekontuagaz alderatuta). Horreetatik, 1.599,1 milioi kudeaketa propiorako izango dira, aurton baino 59,6 milioi gehiago.
Lurraldeko aurrekontuen kontra agertu dira EH Bildu, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia oposizinoko taldeak. Taldeok aurrekontuen aurrean osoko zuzenketa-eskeak aurkeztu ebezan eta ez jakezan onartu. Gaur, urteko azken osokoan, 388 zuzenketa-eske parzialen inguruko azken eztabaidea eta bozketea egin behar zan (zuzenketok daborduko Ogasun eta Finantzetako batzordean eztabaidaturik eta bozkatuta egozan). Bizkaiko Batzar Nagusietako bost taldeek, berbeta-txanda bitan, hiru orduz eztabaidatu dabe zuzenketa partzialoi buruz; bakotxak bere eretxia adierazo dau eta, azkenik, bozketea egin da. Zuzenketa-eske parzialetariko bat bera be ez da onartu.
XII. agintaldiko lehenengo aurrekontuak Bizkaiko Batzar Nagusien behin betiko oneretxia jaso dau. Elixabete Etxanobe buru dauen Aldundiko bederatzi sailen aurrekontuak banan-banan bozkatu dira; sailen bozketen ostean,Testu Artikulatua bozkatu da. Gernikako Batzar Etxeko bozketen panelak emaitza bera erakutsi dau bozketa guztietan: aldeko 30 boto eta kontrako 19.
ZUZENKETA-ESKEAKAZ “ZAPALGAILUA” ERABILI IZANA KRITIKAU DAU OPOSIZINOAK, ZUZENKETA-ESKE BAKAR BAT BE EZ DALAKO ONARTU
EH Bilduk, Bizkaiko Talde Popularrak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak bat egin dabe Kontuen kontrako jarreran. Foru Aldundiari eusten deutsien taldeei arpegiratu egin deutsee zuzenketa-eske parzial guzti-guztiak (388) atzera bota izana eta akordioak lortzeko gaitasunik euki ez izana. “Sinistuezintzat” jo dabe “bederatzi aurrekontutan” oposizinoaren ekarpen bakar bat be onartu ez izana.
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiatik, Eneritz de Madariaga bozeroaleak aurpegiratu egin deutse EAJ-PNVri eta PSE-EEri aurrekontu “kontinuistak” egin dituela, “euren status quo-ari eusteagaitik arduratuago” dagozala eta “hazkunde ekonomikoa lehenesten dabela jasangarritasun sozial eta ekologikoaren aurretik”.
Hori dala eta, “300 milioi eurotik gorako” inpaktua izango daben “177 zuzenketa-eske” planteau ditue, zerga arloko politikak aldatzeko, zerbitzu publikoen kalidadea hobetzeko (garraio publikoa eta zaintza sistemea), krisi klimatikoari aurre egiteko eta produkzino eredua gizarte eta ingurumen arloetako ongizatera bideratzeko.
Diego Pagadigorria Bizkaiko Talde Popularreko batzarkideak esan dauenez, Aurrekontu horreek “ez dabe ia aldaketarik planteetan”. “Kontinuistak” dirala be esan dau, eta ekimen batzuk “bikoiztasunak” sortzen dituela. PP alderdiko (el grupo juntero no se denomina PP) batzarkidearen eretxiz, gaur egungo testuinguruak “kontuak beste era batera banatzea” eskatzen dau, “aberastasun eta enplegu handiagoa eta gizarte arlorako baliabide gehiago” lortzeko, besteak beste. Batzarkide popularraren berbetan, Foru Gobernuak “gastu gehiago justifiketako” planteau dau zergen igoerea. Zergadunari “esfortzu handiagoa” eskatuta egin gura dabe hori. Foru Gobernu taldearen “agortutako” ereduaren aurrean, popularrek “presino fiskala murriztea” iradoki dabe, “administrazinoak gero eta aberatsagoak diralako eta herritarrak gero eta pobreagoak”. Aurrekontuetan “54 milioi euroko” eragin ekonomikoa daben 118 zuzenketa-eske aurkeztu ditue, enpleguan, mobikortasunaren hobekuntzan (AHTren finantziazinoa), ekonomiaren sustapenean eta alderdi sozialen hobekuntzetan eragiteko.
Beste alde batetik, Arantza Sarasola EH Bilduko batzarkideak kritikau egin dau Gobernuari eusten deutsien talde bien gehiengo parlamentarioak “zapalgailua” erabili dauela, “formetan eta arpegietan” egindako aldaketak gorabehera, aurrekontu “kontinuistak” atondu dituelako, aurrekoen “bardin-bardinak”.
Sarasolaren ustez, kontinuismo hori larriagoa da gaur egun bizi dan faktore anitzeko krisia kontuan izanda. Bere aburuz, “bestelako” politika batzuk gauzatu behar dira, estrategia “neoliberaletan” oinarritutakoez bestekoak, zerbitzu publikoak pribatizatu barik.
EH Bilduk, bere zuzenketa-eskeakaz, bost ardatz estrategikotan oinarritutako “norabide aldaketea” planteau dau: aldaketak fiskalidadean (erreforma fiskala “behingoan”), politika industrialetan, mobikortasuneko paradigma aldaketan, zainketa publikoen trantsizinorako bidean edo trantsizino “ekosoziala” lortzeko prozesuan.
PARLAMENTUAREN % 65AREN ALDEKO ERETXIA
Foru Gobernuari eusten deutsien talde biak pozik agertu dira aurrekontu “zorrotzak” eta “bidezkoak” onartu diralako, agintaldi honetan “Bizkaia Danontzat” planaren bidez bultzatzen jarraitu gura diran eraldaketa estrategikoak lortzearren. Plan horrek lehentasunezko 120 jarduketa gauzatzea dau helburu.
Goyo Zurro bozeroale sozialistak, bere berbaldiaren hasieran, “akordioren bat lortu izan balitz erosoago” sentiduko zala adierazo dau, baina, esan dauenez, aurrekontuen eztabaidea “danok baldintzatzen gaituen hauteskunde testuinguruak baldintzatu dau”. Iragarri dauenez, horrek ez dau esan gura etorkizunean oposizinoko taldeakaz “akordioak lortu ahal izango ez diranik”. Bere eretxiz, bere taldeak babestu dauen Aurrekontuari esker “ekonomiaren pultsuari eutsi, enplegua sortu, ongizate estadua indartu eta hazi egin daiteke”. Begiradea “persona guztiongan” jarten dauen aurrekontua, “gura dogun Bizkaiaren argazkia” islatzen dauena. Bizitzako etapa guztietan personei laguntzeko eta erronka demografikoei eta egiteko dagozan trantsizinoei aurre egiteko beharrezkoak diran elementuak” jasoten dituala esan dau.
Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak taldeko Mikel Bagan batzarkideak adierazo dau onartutako aurrekontua jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioaren emaitzea dala eta akordio horren zenbatekoaren “% 43” Gizarte Ekintzara bideratzen dala, Aldundian gehien haziz doan arloa da-eta, “% 10”, hain zuzen be. Ganeratu dau horrek “agirian ixten dauela Aldundiak pertsonakaz dauen konpromisoa, batez be adinekoakaz, mendekotasuna edo desgaitasuna daben pertsonakaz edo adingabeakaz”. Udalerrien finantzaketan dagoan 1.082 milioiko (2023an baino 82 milioi gehiago) ekarpena be azpimarratu dau. Oposizinoko taldeen zuzenketa-eskeei jagokenez, Baganek hainbat arrazoi dirala-eta justifikau dau zuzenketa-eskeak atzera bota izana: oinarritu bakoak izatea; behar dan moduan horniduta dagozan partidetan aldaketak planteetea; bideratuezinak izatea; edo sinatutako konpromisoak edo proiektu estrategikoak apurtzea eskatzea.
EAJ-PNV-KO BATZARKIDE BARRIA
Urteko azkenengo osokoa Euzko Abertzaleak taldeko batzarkide barri bati egin jakon deiagaz hasi da. Aurrerantzean, Danel Bringas Egilior Enkarterriko batzarkide hautetsiak ordezkatuko dau Josu Bergara, artean EAJ-PNV alderdiko batzarkide izandakoa.