BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 2023KO LURRALDEKO AURREKONTUAK ONETSI DITUE
- Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen botoei esker, Aldundiak 1.570 milioi euro izango ditu kudeaketa propiorako, aurton baino % 5,5 gehiago.
- Oposizinoa (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia), aurkeztutako zuzenketa-eske bakarra be jaso ez daben aurrekontuen kontra agertu da.
(Gernikan, 2022ko abenduaren 28an). Datorren urterako Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak behin betiko onartu dira gaur goizean, Gernikako Batzar Etxean egin dan osokoan. Foru Arauak aurrera urten dau Foru Aldundia eusten daben talde bien babesari esker. Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek 9.808 milioi euroko Kontuak babestu ditue, eta horreetatik 1.540,5 milioi kudeaketa propiorako izango dira, aurton baino % 5,5 gehiago.
Lurraldeko Kontuen kontra agertu dira EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia PP-Bizkaia, izan be, talde horreek osoko zuzenketa-eskeak aurkeztu ebezan Kontuen aurrean, eta gaur barriro ikusi dabe Ogasun eta Finantzetako batzordetik pasau ostean, azkenean urteko azkenengo osokorako erreserbau ebezan 450 zuzenketa-eske baino gehiago onartu barik geratu dirala. Bozketea ia hiru orduko eztabaidaren ostean egin da. Tarte horretan, Bizkaiko Batzar Nagusietako bost taldeek euren jarrerak defendidu ditue, esku hartzeko txanda bitan.
XI. Agintaldiko azkenengo aurrekontuak Bizkaiko Batzar Nagusien behin betiko oneretxia jaso dau, Aldundiko zortzi sailen aurrekontuen eta Testu Artikulauaren eukiari buruzko bederatzi bozketa egin ostean. Batzar Etxeko bozketen panelak aldeko 33 boto eta kontrako 17 jaso ditu.
Aurrekontuen ganeko erespena, oposizinoko taldeek erreserbautako 450 zuzenketa-eske parzial baino gehiagogaz heldu da urteko azkenengo osokora, egun batzuk lehenago, abenduaren 15etik 20ra bitartean, Ogasun eta Finantzetako zortzi batzordeetan atzera bota ostean. Oposizinoak barriro ikusi dau zelan geratu diran onartu barik datorren urterako gastuaren egiturea aldatzeko asmoa zeroien zuzenketa-eske guztiak.
Aurrekontuaren tramitazinoak iraun dauen hilebete bietan –Kontuak urriaren 31n erregistrau ziran– testuan aldaketa bi baino ez dira egin. Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutako zuzenketa-eske biri jagokez, alde batetik, Aldundiaren esleipena 15,5 milioi euroko Bizkaiko Garraio Partzuergoaren aurrekontu aldaketetara egokitzea eta, bestetik, Foru Aldundiko Garraio Sailari jagokozan garraio publikoko zerbitzuarenak kreditu zabalgarritzat identifiketea, 2023an foru eskumeneko garraio operadoreetan (Bizkaibus eta Metro Bilbao) deskontuak apliketan jarraitu ahal izateko.
PARLAMENTUAREN % 65AREN BABESA
Foru Gobernua eusten daben talde biak pozik agertu dira, aurrekontu “hedakorrak” onartu diralako. Horreen bitartez, heltzear dagozan eta Aldundiak legegintzaldi osoan “Bizkaia Egiten” planetik landu dituan lau eraldaketak bultzatzen jarraitu gura da, hau da, mobikortasun jasangarria eta eraldaketa soziosanitarioak, energetikoak eta digitalak.
Juan Otermin bozeroale sozialistak definidu dauenez, Kontuak “personentzat” eta personen arazoak konpontzeko dagoz diseinauta, “personak diralako Gobernu honen orientazino politikoaren erdigunea”, azpimarratu dau. Personak 2023an etorri daitekezan “kontingentzietatik” “babesteko” aurrekontuak dira, pandemiaren eta gerraren ondorioek datu makroekonomikoak zikindu ez dituen arren. Oterminek gogora ekarri dauenez, ekonomia eta enpleoa hazten ari dira Bizkaian, eta Euskadin milioi bat kotizatzaile dagoz daborduko. 2023an “12.000 enpleo gehiago” sortzea aurreikusten da.
Mikel Bagan Euzko Abertzaleak taldeko batzarkidearen eretxiz, Kontuen helburua “bizi kalidadea sendotzea, blindetea” da. Bere esku-hartzeari ekin deutsonean, aurrekontuaren % 41 –625,6 milioi euro– Gizarte Ekintzara bideratuta dagoala azpimarratu dau, “gehien hazten ari dan sailera”, hain zuzen be. Horrez gain, Baganek udalerriak finantzetako eta zerbitzu publikoak “babesteko” eta inflazinoaren kontra burrukatzeko beste neurri batzuetarako erabiliko diran “1.000 milioi baino gehiago” azpimarratu ditu. Inflazinoaren kontra burrukatzeko neurri horreen artean dagoz PFEZaren deflaktazinoa, errenta txikietarako 200 euroko ezohiko kenkaria, tasa eta prezio publikoen izoztea edo mikroenpresa eta autonomoentzako forfaitaren igoerea.
“ADOSTASUNERAKO GAITASUN BARIK”, OPOSIZINOAREN BERBETAN
Beste alde batetik, EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia bat etorri dira Kontuen kontrako jarreran, Foru Aldundia eusten daben taldeei euren zuzenketa-eske parzial guztiak ez onartzea eta akordioak lortzeko gaitasunik ez izatea aurpegiratuz.
Esther Martínez Talde Berezia PP-Bizkaiako batzarkideak zabaldu dau eztabaidarako txandea, azken zortzi urteetan oposizinoko talderen bategaz “aurrekonturik” hitzartzeko gai izan ez dan Unai Rementeriak zuzendutako Aldundiaren “aniztasun” faltari kritikak eginez. “Ez da eredu ona. Aniztasuna distortsionaua iruditzen jatzue”, esan deutso. Kritika horren ostean, adinekoen zainketen ratioak handitzeko, enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei eta txikizkako merkataritzari laguntzeko, Errekaldeko saihesbidearen lanak bizkortzeko edo lan merkaduan sartzeko zailtasunak daukiezanentzako enpleo programak ezarteko “hobekuntzarako tartea” egoala azaldu dau Martínezek.
Elkarrekin Bizkaiatik, Eneritz de Madariagak kritikau egin dau Aurrekontua “errealidadetik deskonektauta dagoala, ez dauela personen bizi kalidadea hobetzen eta ez dauela belaunaldi barrientzako lurralde hoberik ixten”. Zuzenketa-eskerik ez onartzeagaitik Gobernuaren “harrokeria” kritikau ostean, kontu horreek Bizkaiko beharrezko eraldaketa sozialari ez deutsiela ezelango ekarpenik egiten azpimarratu dau De Madariagak. Horri jagokonez, uste dau Foru Gobernuak “aberastasuna modu bidezkoagoan banatzea” ahalbidetuko eban erreforma fiskalaren aldeko apustua egin eikeala, figura guztiak barriro aztertuta. Modu berean, bere zuzenketa-eskeak enpleo “duin eta kalidadekoa” izatera, zerbitzu publikoak hobetzera eta krisi klimatikoaren kontra burrukatzera bideratuta egozan.
Eta, Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak, bere aldetik, alderdi jeltzalean zentrau ditu bere kritikak, akordioetara heltzeko alkarrizketari baino gehiengoei garrantzi handiagoa emoten deutsan jarrera “harroa” dala eta. Holan, bat etorri da “Entzunez eraiki” izeneko entzuketa-prozesuan alderdi jeltzalearen politikak “zahar” eta “lagunkeriari lotuak” lez definidu dituen bere alderdiko oinarriakaz eta boto-emaileakaz. Bere zuzenketa-eskeak “gabeziak” konpontzera bideratuta egozan. Horreen artean, fiskalitatea aldatzera, enpleo publikoa bultzatzera eta, zehatzago, GUFEren egiturea sustatzera, klima-aldaketearen kontra burrukatzera, garraio publikoaren aldeko apustua egitera, ibilgailu pribaduari “mesede” egiten deutsien azpiegituren aurrean, “zeharkakoak” diran bardintasun-politiketan aurrera egitera eta Gobernuaren “gardentasun faltaren” aurrean burrukatzera bideratutakoak egozan.
ERAKUNDE ADIERAZPENA BILBON ERAILDAKO EMAKUMEA DALA ETA
Urteko azkenengo osokoa amaitzeko, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak Batzar Nagusietako talde guztien aldeko botoa jaso dauen Bilbon emakume baten erailketearen kontrako Erakunde Adierazpena irakurri dau. (Irakurri erantsitako dokumentua)