BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK LURRALDEKO ARAUGINTZAKO HERRI-EKIMENA ARAUTZEN DAUEN FORU ARAUA ONARTU DABE
- Osokoak ia aho batez emon deutso baiezkoa oposizinoak planteautako aldaketa batzuk jasoten dituan Aldundiak aurkeztutako testuari.
- Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek akordioa lortu dabe, Foru Arau bat tramitetako prozesua hasteko behar diran Bizkaian erroldatutako 16 urtetik gorako 5.800 personen sinadura kopurua murrizteko.
(Gernikan, 2023ko urtarrilaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusiek argi berdea emon deutsie gaur, Gernikan egin dan osokoan, Aldundiak prestauta lurraldeko araugintzako herri-ekimena arautzen dauen testuari. Foru Arauak aldaketa garrantzitsua jasoten dau joan dan abenduaren 27an batzordean onartu zan testuagaz alderatuta. Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia taldeek akordioa lortu dabe, erdibideko zuzenketa-eske baten bitartez, Foru Arau bat tramitetako prozesua hasteko azkenean behar dan sinadura kopurua Bizkaian erroldatuta dagozan 5.800 personetara murrizteko. Azken 38 urteetan indarrean egon dan Foru Arauak 20.000 sinaduratan jarten eban kopurua.
Araugintzako herri-ekimena arautzeko testu barriak, testuak berak jasoten dauenez “oso eraginkorra ez dala” erakutsi dauen 4/1985 Foru Araua eguneratzen dau. Bizkaian bizi diran personen “parte-hartze politikoa erraztea” dakar, Elixabete Etxanobe Herri Administrazinoetarako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak azpimarratu dauenez. Gizarteak, orain, erakundeetan parte hartzeko modu “zuzenagoa” eta “hurbiltasun handiagokoa” “exijiduten” dau, azken hamarkadetan edegitako “agertoki politiko, sozial, teknologiko eta juridiko barria” kontuan hartuta.
Diputatu andreak barritasun nagusien errepasoa egin dau. Lehenengoa, eta garrantzitsuena, Batzar Nagusietan izapidea abiarazoteko behar dan sinadura kopuruaren aldaketea da. Foru Gobernuak 7.000 sinadura planteetan ebazan hasieran, eta kopuru hori 5.800 sinadurara murriztu da, lurraldean erroldatutako 16 eta 18 urte bitarteko personak gehituta. Ganera, zabalik ixten da Batzar Nagusietako Mahaiak parlamentuko herri-ekimena tramiteteari uko egiten badeutso sustatzaileek Konstituzino Auzitegian babes-errekursoa jarri ahal izateko aukerea. Foru arauak, modu berean, bitarteko elektronikoen bidezko tramitazinoa errazteko mekanismoak jasoten ditu, herritarrek sinadurak paperean aurkezteko aukereari eutsita. Eta datuak babesteko araudia beteteagaz, sustatzaileen artean hizkuntza-normalizazinoari eta genero-eraginari buruzko erespideak beteteagaz eta konpentsazio-zenbatekoak eguneratzeagaz zerikusia daben beste aldaketa batzuk be planteetan dira.
Foru Gobernua eusten daben taldeek beste aldaketa batzuk be sartu ditue. EH Bilduren eretxiz, kontzeptu hori “zabalegia” da eta interpretazino murriztaileak ahalbidetzen ditu. Hori dala eta, salbuespenetatik kendu da “Sektore Planetan” izandako aldaketei buruzko aitamenik egin ezin izatea. Kasu honetan be, Talde Berezia-PP Bizkaiak eskatuta, onartu egin dabe arauzko herri-ekimen baten sustatzaileak batzordera joan ahal izatea.
Talde guztiek balorau dabe lortutako akordio zabala, baina oposizinoak onartu ez diran beste aldaketa batzuk aitatu ditu. Elkarrekin Bizkaiak are gehiago murriztu gura eban sinadura kopurua, 5.000ra arte, eta EH Bilduk, beste gai batzuen artean, baztertutako gaietatik zergei jagokezanak kentzea eskatu dau.
LAU MOZINO EZTABAIDATU DIRA
Ostean, osokoak oposizinoko taldeek aurkeztu dituen Itaunetatik eratorritako lau mozino eztabaidatu ditu, Bizkaia Orekan Sakonduz programari, klima-aldaketearen kontrako neurriei, enpresek egin beharreko trantsizino ekologikoari eta foru-titulartasuneko egoitzen kanpoko kudeaketeari buruzkoak.
Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeen erdibideko zuzenketa-eskea onartu dabe, koalizino abertzalearen mozino bat aldatzeko, Aldundiari Bizkaia Orekan Sakonduz Estrategiaren “helburuak eta emaitzak zabaltzen aurrera egin daian” eskatzeko, Aldundiaren webgunearen bitartez, haren jarraipenerako adierazlerik garrantzitsuenak erakutsiz eta “proiektu bakotxaren hasieran eta amaieran egiten diranez gain, tarteko jarraipeneko bilerak” gehituz. Elkarrekin Bizkaia taldeak be babestu dauen eta Talde Berezia-PP Bizkaiaren abstentzinoa izan dauen Batzar Nagusien aginduak, urtero “proiektu nabarmenen laburpena” argitaratzeko eskaria jasoten dau.
Beste alde batetik, urteko lehenengo osokoak ez dau Elkarrekin Bizkaiaren mozino bat onartu. Mozino horretan, “klima-aldaketearen kontrako burrukan anbizinoa handitzeko” neurriak sartzeko eskatzen jakon Aldundiari. Proponidutako ekintzen artean, legealdiko proiektu bakotxaren karbono aztarnea kuantifiketea eskatzen zan, klima-aldaketeari jagokonez egokia dan ala ez baloretako; ebaluazino horri ez deutsie ezezkorik emon Foru Gobernua eusten daben taldeek, baina “epe laburrean” ezin dala egin uste dabe.
Gai horri jagokonez, EH Bilduk, beste mozino baten bitartez, klima-aldaketearen arriskuak eta zaurgarritasuna aztertzeko eta Bizkaiko enpresetan integretako aukerea emongo daben tresnak aztertzeko “diagnostikoa” egitea planteau dau. Iratxe Arriolak azaldu dauenez, tresna horreek enpresek “klima-aldaketara egokitzeko eta egin behar daben trantsizino energetikoaren gidari izateko bultzagarri eta abiapuntu izatea” da helburua. Eta diagnostiko horretan oinarrituta, sektore bakotxeko enpresek neurri-plan bat egin daiela, beharrezko finantziazinoa zehaztuz. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe onartu mozino hori eta osoko zuzenketa-eskea aurkeztu dabe, diagnostikoa eta neurriak ETEetan “bideratuta” egon daitezan “eragiteko”. Koalizino abertzaleak ez dau zuzenketa-eske hori onartu, eta mozinoa ez da onetsi.
Horrez gain, Batzar Nagusietako taldeek Aldundiaren titulartasuna daukien adinekoen egoitzen kudeaketeari buruzko Elkarrekin Bizkaiaren mozino bat be landu dabe, baina horrek be ez dau aurrera egiterik lortu. Talde moreak eskaerea egin deutso Aldundiari, egoitza horreen kudeaketea irabazi-asmoa daben enpresei ez kontratetako. Foru Gobernua eusten daben taldeen ezezkoa azaltzeko, Ana Berta Campo sozialistak erantzun dauenez Batzar Nagusiei “ez jagoken” arau aldaketea proponiduten da, kudeaketarako aukera hori, “adostasun zabala” izan eban 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legean sartzen dalako. Talde Berezia-PP Bizkaiak be bat egin dau eretxi horregaz. Euskal Sozialistak taldeko batzarkideak azpimarratu dauenez, Bizkaian eredua eraldatzeko “lanean ari dira” (bizikidetza-unitateak, EtxeTIC…), eta horrek “dagozan baliabideen arretea hobetzeko” aukerea emoten dau, erantzukizun publikoko sare horren barruan konponbide “errealisten eta bideragarrien” alde eginez.
Bukatzeko, Elkarrekin Bizkaiak ez dau beste gai baten inguruan Aldundia konbentzidu. San Inazio eguna dala eta, Foru Jauregian egin zan Harrera-ekitaldira konbidautako erakundeen edo alkarteen zerrendea jasoteko eskatu eban idatziz “orain dala zortzi hilebete”, Israel Escalante batzarkideak adierazo dauenez, baina ez dabe jaso. Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak argitu dauenez, harrera haretara “Bizkaiko gizartearen ordezkaritza zabala” konbidau zan, horreen artean, “alderdi politikoetako, sindikatuetako, enpresa-erakundeetako, kultur eta kirol alkarteetako, hirugarren sektoreko eta gizarte arloko erakundeetako, euskerea bultzatzeko erakundeetako ordezkariak eta Bizkaian egindako lanagaitik nabarmendu diran norbanakoak” egozan. Talde moreko batzarkideak esan dau penagarria dala gonbidapen horreen artean “sindikatu guztiak” ez egotea.