BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 2026KO AURREKONTUEN FORU ARAUA ONARTU DABE
- Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz eta oposizinoko hiru taldeen –Elkarrekin Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta EH Bildu– kontrakoakaz, argi berdea emon deutsie Aldundiaren kudeaketa propiorako 1.716 milioi euroko zenbateko ekonomikoa jasoten dauen aurrekontu erespenari.
(Gernikan, 2025eko gabonilaren 29an). Datorren urterako Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak behin betiko onartu dira gaur Gernikako Batzar Etxean egin dan osokoan. Aldundiak urriaren bukaeran erregistrau eban Foru Arauaren proiektuak Foru gobernuari eusten deutsien talde bien babesari esker urten dau aurrera, hilebete bi iraun dauen izapide parlamentarioan. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek 11.320 milioi euroko Kontuak babestu ditue, eta horreetatik 1.716 milioi kudeaketa propiorako izango dira. Oposizinoak –Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta EH Bildu– Foru Arauaren kontrako botoa emon dau.
Kontuen onarpenagaz, oposizinoak osokorako erreserbau eta Ogasun eta Finantza Batzordeak abenduaren 16tik 19ra egindako saioetan be atzera bota ebazan zuzenketa-eske parzialak (500 baino gehiago) bertan behera geratu dira. Gauza bera gertatu zan hiru taldeek aurkeztu eta abenduaren 12ko osokoan bertan behera geratu ziran Osoko hiru zuzenketa-eskeakaz.
Elixabete Etxanobe Landajuela buru dauen Foru gobernuaren hirugarren aurrekontuak Bizkaiko Batzar Nagusien behin betiko oneretxia jaso dau, Aldundiko bederatzi sailen aurrekontuen eukiari buruzko hamar bozketa eta Testu Artikulauari bidea emoteko beste bozketa bat egin eta gero. Gernikako Batzar Etxeko bozketen panelak ia emaitza bera erakutsi dau kasu guztietan: aldeko 31 boto eta kontrako 20. Dana dala, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia abstenidu egin da Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailaren eta Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Sailaren kontuen bozketetan.
Batzordean eztabaidatutako 512 zuzenketa-eske parzialetatik, Ogasun eta Finantza batzordearen bederatzi saiotan erdibideko zuzenketa-eske bi baino ez ziran onartu, biak aho batez, eta Aldundiari eusten deutsien talde bien eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren sinadura zeroien, 1.852.000 euroko balioagaz, kudeaketa propioko aurrekontuaren % 0,10.
Hiru talde horreek adostutako aldaketetako batek eragina izango dau Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailaren kontuetan. 2026an Bizkaibuseko hobariei eutsiko jakela bermatzeko 852.000 euroko partidea da, holan gabonilaren 1ean Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) lortutako akordioa betez. Beste aldaketak milioi 1 euro handituko ditu Gizarteratzeko programak (700.000 euro) eta indarkeria matxistearen biktimak babesteko eta familiei laguntzeko programak (300.000 euro), Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Sailaren aurrekontuetan sartuta dagozan programa horreetan behar egiten daben personen lan-baldintzak hobetzeko.
FORU GOBERNUAREN “INERTZIA” ETA AURREKONTU “KONTINUISTAK”
Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak salatu dauenez, “aurrekontu honeek ez dabe Bizkaiak bizi dauen errealidadeari buruz berba egiten eta ez deutsee gizarte-larrialdiei erantzuten”. Proiektuak “gehiengo sozialarentzat erabilgarriak ez diran” esparru ideologikoak azpimarratzen dituala uste dauelako bere gaitzespen orokorrari eutsi deutson arren, De Madariagak 360 milioi euro baino gehiago mobilizauko leukiezan 207 zuzenketa-eske parzial aurkeztu dituan bere taldearen baliagarritasuna eta erantzukizuna azpimarratu ditu. Bere berbaldian, lehen aitatutako akordio biak lortu izana jarri dau balioan, eta azpimarratu dauenez, “politikea egitea ez da soilik desadostasunak marketea, baita alkarrizketarako gune bakotxa jentearen bizitzea hobetzeko aprobetxetea be”. Bukatzeko, azpimarratu dau bere jarrerea “alkarrizketa sakonago eta goiztiarragorako deia” dala, politika publikoak funtsezko gai bihurtu ahal izateko, besteak beste, zainketak, etxebizitzea eta desbardintasunen kontrako burrukea.
Bizkaiko Talde Popularreko Diego Pagadigorria Wicke bozeroaleak ez dau onartu aurrekontu proiektua, “kontinuistatzat eta diru-bilketan zentrautakotzat” jo dauelako, eta salatu dau Foru gobernuak aurkeztutako kontuek “alde batera” ixten dituela agintaldiko planaren “funtsezko” konpromisoak, besteak beste, talentuari, enpresa txikiei eta familiei laguntzea. Bere esku-hartzean, Pagadigorriak kritikau egin dau “makillaje fiskal” lez definidu dauena, “diru-bilketearen ikuspegi neurribakoa” daukan erreforma fiskalean oinarrituta, bere eretxiz “ez ditualako benetako konponbideak eskaintzen eta ez deutsielako herritarrek egiturazko erronken aurrean daukiezan beharrei aurrea hartzen”. Holan, ordezkari popularrak adierazo dauenez, aurrekontuak ez deutse erantzuten funtsezko erronkei, besteak beste, aldaketa demografikoari, klimaren krisiari edo enpleoa eta aberastasuna sortzeari, eta gaur egungo finantza politikak “erdi mailako klaseak jai politikoa ordaintzeko estutzen” dituala eta taktika alderdikoia interes orokorraren ganetik jarten dauela azpimarratu dau.
Aitor López Vázquez EH Bildu taldeko ordezkariak ez dau onartu 2026rako aurrekontu proiektua, “aurrekontu honeen arimea kontinuismoa eta inertzia” dirala salatuz, eta “lurraldeak eskatzen dituan eraldaketa estrategikoen buru izateko anbizino faltea” dagoala adierazo dau. Batzar Nagusietako osokoan egin dauen esku-hartzean, López Vázquezek adierazo dau oraintsuko erreforma fiskalak “83 milioi euroko” murrizketea eragin dauela kontu publikoetan, eta gogorarazo dauenez, aurreko urtean 33 milioiko balioagaz lortutako akordioak 2026an “16 milioiko” eragina izango dauen arren, Gobernuak ez dau onartu aurton benetako negoziazinoa zabaltzea. Egoera horren aurrean, bozeroaleak funtsezko bost ardatzetan oinarritutako 41 milioi euroko zuzenketa-eske sortea (121) defendidu dau: zainketak, mobikortasun jasangarria, trantsizino ekologikoa, euskerea eta kulturea, eta etxebizitza, horreek diralako Bizkaian dagozan “kezka nagusiak”. EH Bilduko ordezkariak azkenik azpimarratu dauenez “aurrekontuak palanka lez erabili beharko geunkez”, eredu “bidezkoago eta jasangarriagoetarantz” igaroteko, “kudeaketa hutsean” geratu beharrean.
AURREKONTUEN GIZARTE-ORIENTAZINO ARGIA
Foru Gobernuari eusten deutsien talde biak pozik agertu dira Batzar Nagusietako ordezkarien % 60ren aldeko eretxia jaso daben aurrekontuak onartu diralako.
Goyo Zurro Tobajas Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak aurrekontu proiektua defendidu eta “sendoa, arduratsua eta guztiz soziala” dala esan dau, inprobisazinoa baztertuz bide orri “argiaren” alde. Zurrok azpimarratu dauenez, kontu horreek “babesa emon gura dabe gaur, etorkizuna arriskuan jarri barik”, inbertsinoa zerbitzu publikoen jasangarritasunagaz orekatzen dauen ikuspegi orokorra bermatuz. Bere esku-hartzean, gizarte politikarako ia 800 milioi euroko inbertsino-ahalegina, enpleo politika aktiboetarako 25 milioi euro baino gehiago eta indarkeria matxistearen kontrako burrukarako partiden igoerea jarri ditu balioan, Bizkaibuserako eta mobikortasun jasangarrirako % 6ko igoereagaz batera. Bukatzeko, ordezkari sozialistak oposizinoko taldeen jarrerea kritikau dau, euren proposamenek zorroztasunik ez dabela esanez, “gastu gehiago planteau dalako, baliabideak nondik urtengo diran azaldu barik”, eta talde horreen zuzenketa-eskeek egiturazko arloetatik funtsak kendu gura dituela ohartarazo dau. Bere berbetan, horrek Foru Aldundiaren egonkortasuna eta kudeaketarako gaitasuna arriskuan jarriko leuke.
Euzko Abertzaleak taldeko Mikel Bagan Urtiaga batzarkideak, bere aldetik, “zerbitzu publikoak indartzeko eta blindetako” tresna estrategiko lez defendidu dau 2026ko Aurrekontua, holan lurraldearen gizarte eta lurralde kohesinoa sendotuz. Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoan egin dauen esku-hartzean, Baganek sail guztien arteko gastuaren % 44,7 (716 milioi euro) Gizarte Ekintza Sailera bideratzen daben kontuen “gizarte-orientazino argia” azpimarratu dau, adinekoei, mendekotasuna dabenei, desgaitasunen bat dabenei eta umeei laguntzea lehenetsiko daben gizarte zerbitzu moderno, komunitario eta jasangarriak eregiteko. Ekonomiaren eta azpiegituren arloan, bozeroaleak udalerriak finantzetara zuzendutako 1.238 milioi euroak, startup eta ETEentzako itzuli beharrik bako 22 milioi euroak eta itsasadarraren azpiko tunela edo Markinako saihesbidea lako funtsezko proiektuetan aurrera egin izana azpimarratu ditu. Bukatzeko, Metro Bilbaoren eta Bizkaibusen funtzionamenturako 15 milioi euroko hazkundea jarri dau balioan, eta “azken batean, Bizkaian etorkizun ekonomikoa, enpleoa eta kalidadeko zerbitzu publikoak sendotzeko proiektu” lez definidu dau aurrekontua.







