BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 2025EKO AURREKONTUEN FORU ARAUA ONARTU DABE

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek argi berdea emoten deutsie Aldundiaren beraren kudeaketarako 1.650 milioi euroko zenbateko ekonomikoa jasoten dauen aurrekontu erespenari, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz, EH Bilduren abstentzinoagaz eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren eta Bizkaiko Talde Popularraren kontrako botoakaz.

 

(Gernikan, 2024ko gabonilaren 27an). Datorren urterako Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak behin betiko onartu dira gaur Gernikako Batzarretxean egindako osokoan. Urriaren bukaeran Aldundiak erregistrau eban Foru Arauaren proiektuak aurrera urten dau, Foru gobernuari eusten deutsien talde bien babesari esker. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek 10.660 milioi euroko Kontuak babestu ditue. Horreetatik 1.650 milioi kudeaketa propiorako izango dira. Aurreko aurrekontuen izapideei jagokenez, barrikuntza nagusia da oraingo honetan EH Bildu abstenidu egin dala bozketan, Foru gobernuari eusten deutsien talde biakaz lortutako akordioa berretsiz. 

Kontrara, Bizkaiko Talde Popularrak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak ez ditue Aurrekontuak onartu. Daborduko aurkeztuta eben Kontuen osoko zuzenketa-eskea, eta gaur, Ogasun eta Finantzetako Batzordetik igaro eta gero, talde biek barriro ikusi dabe ez dirala onartu urteko azkenengo osokorako erreserbautako 363 zuzenketa-eske parzialak.

Elixabete Etxanobe buru dauen Foru gobernuaren bigarren aurrekontuak Bizkaiko Batzar Nagusien behin betiko oneretxia jaso dau, Aldundiko bederatzi sailen aurrekontuen eukiari buruzko hamar bozketa eta Testu Artikulaua onartzeko beste bozketa bat egin ostean. Gernikako Batzarretxeko bozketen panelak emoitza bera erakutsi dau guztietan: aldeko 31 boto, 15 abstentzino eta kontrako 5 boto.

 

LEHENENGO AURREKONTU-AKORDIOA EH BILDUGAZ

Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia bat etorri dira Kontuen kontrako jarreran, Foru Aldundiari eusten deutsien taldeei euren zatikako zuzenketa-eske guztiak ez onartzea eta akordioak lortzeko gaitasunik ez izatea arpegiratuz. Talde biek kritikau egin dabe Bizkaiko Batzar Nagusietako hiru alderdi nagusien artean lortutako akordioa. 

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldetik, Eneritz de Madariaga bozeroaleak adierazo dau aurrekontuek ez dabela “ezelango neurri garrantzitsurik” jasoten Bizkaiko gizartearen “krisi ekosozial” egoerea dala-eta beharrezkoak diran eraldaketa “garrantzitsuei” aurre egiteko. Aurrekontua 450 milioi euro baino gehiagotan aldatuko eben 206 zuzenketa-eskeen bitartez, bere taldeak 6 arlotan oinarritutako “eredu alternatiboa” sartu gura eban: hobekuntzak fiskalidadean, garraio publikoan, energia-trantsizinoan, mendekotasuna daukien personen arretan, umeen eta nerabeen zaintzan, klimaren krisiagaz “koherentea” dan politikan eta zerbitzu publikoen kudeaketarako eredu “alternatiboan”. De Madariagak EH Bilduren jarrerea deitoratu dau, “errezeta kontinuistak” jasoten dituen eta “hainbeste kritikau dituen politikak zuritzeagaitik”. 

Diego Pagadigorria Bizkaiko Talde Popularreko batzordekideak, bere aldetik, aurrekontuak “kontinuistak eta diru-bilketa hutsekoak” dirala esan dau, eta ez dabela “enpresa txiki, autonomo eta herritarrentzako” konponbiderik eskaintzen. 2025eko Kontuen alde dagozan talde biak zerga-erreformatik urrundu dira, eta “diru-bilketara zuzendutako ikuspegi neurribakoa” erakusten dabe. Datorren urtea “ez da beste edozein urte izango, Bizkaiak hurrengo urteetan izango dauen zeregina zehaztuko dau-eta”. Gobernua be kritikau dau, ez daukalako “espiritu erreformistarik” eta Finantzen Euskal Kontseiluan emoten diran erabagien menpe dagoalako. Arduratuta agertu da zergen bilakaereagaz, batez be zeharkako zergapetzeagaz, 2024an BEZak % 12ko murrizketea erakusten dauelako, eta, bere berbetan, horrek “zerua ez dala hain urdina” erakusten dau. Hori dala eta, “86 milioi euroko” “161” zuzenketa-eske parzial sartzea defendidu dau, Bizkaia “lehiakorragoa” egiteko asmoz, Ekonomia Itunaren potentzialtasuna aprobetxauko dauen lurralde “liderra, inklusiboa eta jasangarria” eregiteko. 

Iker Casanona EH Bildu taldeko bozeroaleak, bere aldetik, Batzar Nagusietako bere taldea aurrekontu horreetan abstenidu izana defendidu dau, berak “onak ez dirala” esaten jarraitzen dauen arren. Kontra ez agertzea justifikau dau, gurago izan dabelako “akordioa aztertzea”, “kritika eregitzaile” hutsa egitea baino. “Hobe da erdibideko akordioa lortzea kritika ona egitea baino, holan hobekuntzak lortu daitekezalako”, esan dau. Akordioari esker, EH Bilduk “eskumea” kanpoan geratzea eta neurri “indartsuak” sartzea lortu dau, “33 milioi euroko” zuzkidura ekonomiko “nahikoa” izanda. Herritarrek eskatu deuskuenari, “akordioak lortzea”, erantzuten deutson akordioa da. “Win-win” bat, “Gobernuak, EH Bilduk eta herritarrek irabazten dabelako, adostutako ekimenek zerbitzu publikoak eta herritarren eskubideak hobetzen dituelako”. 

 

PARLAMENTUAREN % 10EKO GAITZESPENA BAINO EZ

Foru Gobernuari eusten deutsien talde biak pozik agertu dira aurrekontuak Batzar Nagusietako hiru talde nagusien aldeko botoakaz onartu diralako, izan be, 5 batzarkideren ezezko botoa baino ez dabe jaso.

Goyo Zurro bozeroale sozialistak esan dauenez, testuinguru “konplexuan”, aurrekontu horreek “ezinbesteko tresnea” izango dira agintaldiko Bizkaia Denontzat planagaz jarraitzeko. Gogora ekarri dauenez, alkarrizketarako prozesua zabaldu eta “desbardinen artean” babesa bilatu da, Bizkaiko gobernagarritasunean “egonkortasun” handiagoa lortzeko, Foru gobernuak Kontuak onartzeko kanpoko laguntzarik behar ez eban arren. Hori dala eta, hiru talde nagusiak zoriondu ditu akordio horrengaitik, aurreko negoziazinoakaz alderatuta aldaketea “nabarmena” izan dalako. Bere eretxiz, aurrekontu horreek dira “zerbitzu publikoak, laguntzak eta eskubideak helarazoteko metodo bakarra”. Eta EH Bildugaz adostutako ia 30 proposamenek hainbat arlo hobetzeko balioko dabe: gazteentzako etxebizitza politikak, adinekoen zaintzak, lurralde kohesinoa, lehen sektorerako bultzadea, mobikortasun jasangarria eta industria ondarearen kontserbazinoa.

Mikel Bagan Euzko Abertzaleak taldeko batzarkide eta zuzenketa-eske parzial guztiak eztabaidatu diran Batzordeko presidenteak, bere aldetik, aurrekontuen inguruko akordioak arretea Bizkaiko “lehentasunetan” jarten dauela azpimarratu dau, hain zuzen be, “gizarte eta lurralde kohesinoan, jarduera ekonomikoan, kalidadezko enpleoan, garraio publikoan eta euskerearen, kulturearen eta kirolaren politiken indartzean”. Azpimarratu dauenez, Aldundiaren aurrekontuaren 1.650 milioietatik % 44,2 Gizarte Ekintzara bideratuko dira, eta horrek argi erakusten dau “adinekoakaz, mendekotasuna daukienakaz edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dagozanakaz daukagun konpromisoa”. Beste partida batzuk sartuta, Aldundiak “778” milioi euro erreserbauko ditu gizarte arlorako. Baganek Bizkaiko udalek jasoko daben laguntzan be jarri dau arretea, Udalkutxa Funtsaren bitartez 1.120 milioi euro jasoko dituelako.

 

EAJ ETA EH BILDU TALDEETAKO ORDEZKARI BARRIAK

Urteko azkenaurreko osokoa ordezkari barri biren jesarlekuak hartzeagaz hasi da. Axier Garate Azpitarte Euzko Abertzaleak taldearen jesarlekuak dagozan aldean jesarri da, Sonia Rodríguez Rodríguez taldekidearen ordez. Eta Urtzi Ostolaza Urrienek gauza bera egin dau EH Bilduren jesarlekuetan, Eneritz Zabala Grela batzarkidea egoan lekuan jesarrita.