BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ZERGA BARRIKUSPENERAKO NEURRIAK JASOTEN DITUAN FORU ARAUA ONARTU DABE
- Gaur Gernikan egin dan osokoan Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek argi berdea emon deutsie Bizkaiko zerga sisteman aldaketa fiskalak sartzeko Batzar Nagusietako azkenengo izapideari.
- Onetsi diran foru arauaren 19 artikuluek eta xedapenek, euren zuzenketa-eske parzial guztiak atzera bota dirala ikusi daben Bizkaiko Talde Popularraren eta EH Bilduren kontrako botoa jaso dabe.
(Gernikan, 2025eko apirilaren 9an). Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak Lurralde Historikoko zerga sisteman zerga barrikuspena ezarteko neurriak jasoten dituan foru araua onartu dau. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek euren botoak batu ditue 19 artikulu eta xedapen sorta bat jasoten dituan arauari baiezkoa emoteko. Horreek eragina izango dabe, besteak beste, errentaren, soziedadeen, oinordetzen eta dohaintzen ganeko zergetan edo OHZn.
Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota ditue barriro Talde Popularrak eta EH Bilduk arauaren azkenengo izapide horretarako erreserbau ebezan zuzenketa-eske parzialak. Talde horreek, arrazoi batengaitik edo bestearengaitik, testuaren alde agertu diran hiru taldeen artean adostutako 44 aldaketakaz osokora heldu dan batzordearen erespenaren kontra agertu dira barriro. Aldaketa horreen artean honeek azpimarratu behar dira: 20.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituen zergadunei errenta-aitorpena egiteko betebeharrik ez ezartea; errenta altuenentzako etxebizitza-kenkariak mugatzea; aurrezki-errenta handienentzako zerga-tasea handitzea, % 25etik % 28ra igonda; Soziedadeen ganeko Zergan gitxieneko % 15eko tasea % 19ra igotea; edo udalek etxebizitza hutsen OHZn % 150eko errekargua sartzeko aukerea.
Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak, “negoziazinoan eta akordioan oinarritutako politikea egiteko modu barriari balioa emon” gura izan deutso, eta horri esker, Batzar Nagusien % 65aren aldeko botoagaz, Nazino Batuen 2030 Agendaren GJHetan oinarritutako ikuspegi “barria eta barritzailea” dauen barrikuspen fiskal berezia onartu da. Aldundiko arduradunak azpimarratu dauenez, barrikuspena “guztiz soziala da, ez dauelako inor atzean ixten”, Euskadin “milioi bat zergadun baino gehiagori” mesede eginez. Bere berbaldian arauaren onuradun izango diran gizarteko sektoreak azpimarratu ditu, horreen artean errenta txikiak dituen kolektiboak, emakume ekintzaileak, gazteak, errentatzaileak eta errentariak edo euren pentsinoa osatzeko enpleoko BGAEak erabilten dituen aurreztaileak. Arauak, halaber, ekoizpen sarea babesteko eta bultzatzeko neurriak jasotzen dauz, enpresa mikro eta txikiei eta kooperatibei begira.
FORU PARLAMENTUKO EZTABAIDAREN ERREPIKAPENA
Ogasun eta Finantzetako diputatuaren berbaldiaren ostean, Batzar Nagusietako taldeek martiaren 28ko Ogasun eta Finantzetako batzordean adierazo ebezan aldeko eta kontrako argudio berberak errepikau ditue gaur osokoan. Holan, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak Foru gobernuari eusten deutsien talde biek lortutako akordioa defendidu dau, Eneritz de Madariaga bozeroaleak adierazo dauenez, “euskal gehiengo sozialari oxigeno baloia emotea” dakarrelako. “Akordio ona” da, biztanleen “% 50aren” egoerea hobetuko dauelako. “Nasaigarria” izango da errenta ertain eta bajuentzat, “aringarria” autonomoentzat eta enpresa txikientzat, eta, ganera, familia barruko kontziliazinoa bultzatuko dau eta errenta altuek eta enpresa handiek “gehiago ordaindu” beharko dabe.
Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak bere taldeak planteautako 45 zuzenketa-eske parzialak defendidu ditu osokoan, eta araua kritikau dau, “ezkerreko ituna” dalako eta “hondamendira garoezan” neurriak jasoten ditualako, urteak iraungo dituan bidaia “inposatzaileagoaren eta interbentzinonistagoaren” bidez. Popularrak enpresek eta Confebask patronalak egin dituen kritikak azaleratu ditu, eta azpimarratu dau horreek –enpresak– dirala Euskadin “enpleoaren % 70a eta BPGaren % 67a” sortzen dabenak. Onartutako testuak “lehiakortasunari kalte egiten deutso” eta “behekaldetik parekatzen dau, aire komunistak nagusituz”, esan dau.
Aitzitik, Goyo Zurro Batzar Nagusietako bozeroale sozialistak bere taldearen “konpromiso” lez defendidu dau barrikuspena, fiskalidadearen “eraginkortasunean, ekidadean eta progresibidadean” eta zerbitzu publikoak indartzeko baliabideetan aurrera egiteko. Bere berbetan, “gehien daukanak ekarpen handiagoa egingo dau. Birbanatu eta laguntza gehien behar dauenari lagunduko deutso”. Sozialistak “oso eroso eta pozik” sentiduten dira kolektibo ahulenei, errenta txikienei, gazteei eta emakumeei mesede egitea ahalbidetuko dauen erreformeagaz, etxebizitzaren arloan esfortzu garrantzitsua eginez.
EH Bilduk, Osotasuneko zuzenketa-eskea aurkeztu dauen eta gaur 10 zuzenketa-eske partzial defendidu dituan talde bakarrak, kritikau egin dau indar progresisten –PSE eta Elkarrekin– jarrerea, “eskumatarren” barrikuspen fiskala babesteagaitik. Iker Casanova bozeroaleak jakinarazo dauenez, 2027an EAJ-PNVk PPgaz adostu eban erreforma fiskala da barrikuspenaren ardatza. Izan be, onartutako barrikuspenak “presino fiskala murriztea defendiduten dau, eta, horren ondorioz, Herri Administrazinoek zerbitzu publikoei eusteko baliabide gitxiago izango ditue”. Casanovak “akats ideologiko zorotzat” jo dau zergak “zigorra” dirala eta dirua jentearen esku “hobeto” dagoala defendiduten dauen eskumaren argumentuak defendidutea. Salatu dauenez, barrikuspenaren ondorioz, Euskadik, Madrilen ostean, errenta handietarako “onuragarriena” dan fiskalidadea eukiko dau. Horren aurrean, EH Bilduk diru-bilketea handitzea proponidu dau, zergapetze handiagoaren bidez, “batez be enpresa arloan”. Arantza Sarasola batzarkideak enpresek etekinen ganeko zergak ordaindu ezkero kopuru hori “958 milioi euro” handiagoa izango litzatekela esan dau.
Bukatzeko, Euzko Abertzaleak taldeak kritikau egin dau EH Bildu eta PP taldeen kontrako jarrerea, Aitor Arregi batzarkide jeltzalearen berbetan “klase ertainarentzat, gazteentzat, emakumeentzat, familia ugarientzat eta guraso bakarreko familientzat, errenta txikientzat, autonomoentzat eta enpresa mikro eta txikientzat onuragarriak izango diran neurrien kontrakoa” dalako. Oposizinoko alderdi biek “diru-bilketea neurriz kanpo jaistea eta zerbitzu publikoen finantziazinoa arriskuan jartea” planteetan dabe. PPren kasuan, lehiaketa “suizidan” sartuta, ia zergak nork gehiago bajau. Eta, EH Bilduren kasuan, errenta txikiak aitorpena aurkeztera behartuz, “klase ertaina eta, batez be, hemen barritzen eta inbertiduten daben enpresak, zigortuz”.
BATZORDE MISTOA ETA BASOGINTZARAKO AZTERLAN-BATZORDE BEREZIA
Ostean, osokoak, aldeko 46 botogaz eta 3 abstentzinogaz (PP), Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren azkenengo hiru bileretan, zemendiaren 13an, abenduaren 23an eta zezeilaren 6an, lortutako akordioak berretsi ditu.
Horrez gain, Batzar Nagusiek Bizkaiko Basogintzarako Azterlan-Batzorde Bereziaren ondorioen dokumentua onartu dabe. Batzar Nagusietako talde guztiek, boto partikularra aurkeztu dauen eta txostenaren azken bozketan abstenidu egin dan EH Bilduk izan ezik, ontzat emon dabe orain 30 urte baino gehiago onetsi zan Basoei eta Naturgune Babestuen Administrazinoari buruz indarrean dagoan araudia ordezteko Aldundiari emon beharreko 17 gomendio jasoten dituan testua.
Azkenengo dokumentuan basogintzarako eredua finkatzeko hainbat gomendio jasoten dira, “Bizkaiko basoen osasuna, gizartearen ongizatea eta lurraldearen garapen jasangarria bermatzeko”. Gomendioakaz batera, testuingurua azaltzen dauen atala eta igazko maiatzaz geroztik batzordetik igaro diran 12 adituen txostenen laburpena jasoten ditu.
OPOSIZINOAREN MOZINOAK
Saioa amaitzeko, oposizinoak aurkeztutako bost mozino eztabaidatu dira, EH Bilduren hiru, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren bat eta Bizkaiko Talde Popularraren beste bat.
Mozinoetako batean, EH Bilduk eskatu dau Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaiak, aurretiazko diagnostiko batean oinarrituta, Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen II. Mapa definidu eta berau gauzatzeko etorkizuneko plangintzea onartu daiala. Puntu horretan, koalizino abertzaleak, azkenean, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eskea onartu dau, Izaskun Duque batzarkideak adierazo dauenez, horrek diagnostikoa egiteko orduan “sei hilebeteko atzerapena” autortzea eta 185/2015 Dekretuan zehaztutako zerbitzuen eta prestazinoen 2023ko datuakaz egitea esan gura dauen arren.
Lau puntuen bitartez, zuzenketa-eskeak 2025ean Erakunde arteko Mahaia deitzeko eta egoeraren diagnostikoa egiteko eskatzen dau. Azterketa horretan oinarrituta, Mahaiak EAEko II. Mapari erantsiko jakon Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapea zehaztuko dau. “2026ko bigarren seihilekoan” Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapa eta aurreikusten dan plangintza aurkeztuko ditu Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak jagokon batzordean.
Bestalde, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak Bizkaiko esku-hartze sozialaren sektorean prebentzino neurriak ezartea planteau dau, urteko ikuskapenean eta kontrolean lan baldintza “seguruak eta duinak” bermatzen dituen elementuak sartuta. Modu berean, profesionalen kontrako erasoen aurrean jarduteko protokoloa sartzea eta laneko segurtasuna eta osasuna bermatuko dituen neurriak martxan jarteko diru-hornidurea bermatzea be planteau dau. EH Bildu eta Bizkaiko Talde Popularra neurri horreen alde agertu dira.
Foru gobernuari eusten deutsien talde biek ez dabe mozinoa onartu. Juan Otermin sozialistak esan dauenez, “ez da daborduko egiten ari dana bikoiztu behar”, izan be, bere eretxiz, Aldundiak “norabide egokian jarduten dau”, hau da, bere eskumeneko zentroetan “lagundu, jagon eta jardun egiten dau”, baina ezin da prebentzino-zerbitzuetan eta laneko segurtasunaren eta osasunaren arloetan sartu, ardura horreek enpleoa emoten daben erakundeen esku dagozalako, publikoak zein pribaduak izan. Jane Eyre Urkieta jeltzaleak gehitu dauenez, Aldundiak “emondako zerbitzuen kalidadea zaindu behar dau”, eta erakundeek hartu behar dabe euren gain lanpostuetako segurtasuna bermatuko daben neurrien kostua.
Beste alde batetik, EH Bilduk mozinoa defendidu dau Aldundiari eskatzeko orain arte Enpleo Eskaintza Publikoetan hizkuntza eskakizunak zehazteko erabilten ebazan erespideei eutsi deien eta lege aldaketak bultzatu daizan, profil horreen segurtasun juridikoa bermatzeko. Jeltzaleek eta sozialistek, hurrengo LEPetan segurtasun juridikoa bermatzeko Aldundiak defendidu dituan tesi berberetara jo dabe mozinoa atzera botateko, azkenengo lan eskaintzen aurrean epaitegiek emon dituen kontrako ebazpenak ezagutu ostean. Lanpostu jakin batzuei eragiten deutsen neurri “puntuala” derrigortasun datea atzeratzea da, epaiak irmeak izan arte, ekarri dau gogora Mikel Baganek.
Kontroleko azkenengo osokoan gauzatutako beste itaun batean oinarrituta, koalizino abertzaleak eskaerea egin deutso Aldundiari, Guggenheim Urdaibai museoaren inguruan eskualdeko biztanle gehienen eretxia ezagutzeko eta proiektuaren etorkizuna borondate horren arabera erabagiteko “beharrezkoak diran tresnak” ezarri daizan. Koalizino abertzaleak “urtenbide demokratikoa” gura dau. “Busturialdearen etorkizuna Busturialdean erabagi behar dala pentsetan dogu”, izan be, “badagoz ekologiagaz eta eredu turistikoagaz zerikusia daben proiektu honi ezetz esateko pisuzko argudioak”, esan dau Iker Casanova EH Bilduko bozeroaleak. Elkarrekin Bizkaiak be bat egin dau tesi horregaz.
Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe mozinoa onartu, eta Busturialdea-Urdaibairen eta Guggenheimen etorkizunari buruzko “entzute aktiboko prozesua” errespetetako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hasi daben ibilbide orriaren alde agertu dira. Kontsulta horretan “persona guztiei entzungo jake, inor atzean itxi barik”, esan dau Julen Karrion jeltzaleak. Goyo Zurro sozialistak gogora ekarri dauenez, sozialistek idea horren beraren –entzuteko prozesua– alde agertu ziran Eusko Legebiltzarrean egindako proposamena babestuta. Eta kontrako botoa emon dauen PPk be, behin betiko erabagia hartzeko garrantzitsuena proiektua ezagutzea dala esan dau.
Bukatzeko, Bizkaiko Talde Popularrak beste taldeen aldeko botoa eskatu dau, arrakastarik barik, Aldundiak, gehienez be lau hilabeteko epean, Bizkaiko merkataritzari buruzko azterlana egin daian, txikizkako merkataritzea suspertzeko, jasangarritasunerako neurri estrategiko posibleak barru hartuta. Pablo Gómez-Guadalupe batzarkideak azaldu dauenez, sektoreak “egiturazko krisi iraunkorra” bizi dau. EUSTATen datuek erakusten dabenez, saltokien kopurua % 34,2 jatsi da 2008tik, eta, beraz, PPk uste dau administrazino publikoek “laguntza-politika eraginkorrak eta estrategikoak” hartu behar dituela.
Batzar Nagusietako talde guztiak bat etorri dira PP taldeak egin dauen egoeraren diagnostikoagaz, baina Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek adierazo dabe beste txosten bat egiteak ez dauela “baliorik emoten”, edo administrazinotik –autonomikoa, forala eta tokikoa– eta saltoki txikiak ordezten dituen alkarteetatik egiten danaren aurrean “parzialtzat” hartu daikela. Popularren proposamenak Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa baino ez dau jaso.