BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GIZARTERATZEKO SISTEMEA ETA INDARKERIA MATXISTEAREN BIKTIMAK BABESTEKOA MILIOI BAT EUROGAZ INDARTZEA ONETSI DABE

  • Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek aho batez onetsi dan erdibideko zuzenketa-eskea adostu dabe, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako Aurrekontuen barruan, Gizarteratze programea 700.000 eurotan eta indarkeria matxistearen biktimak babesteko eta familiei laguntzeko programea 300.000 eurotan handitzeko.
     
  • • Zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko hirugarren jardunaldian Ogasun eta Finantza batzordeak ez ditu onartu oposizinoko taldeek Gizarte Ekintzako eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako foru arloetako 2026ko Kontuen aurrean planteau dituen 130 aldaketa.

 

(Bilbon, 2025eko gabonilaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusiek 2026ko Bizkaiko Aurrekontuen aurrean aurkeztutako zuzenketa-eske parzialak eztabaidetako azkenaurreko jardunaldia egin dabe gaur. Foru parlamentuaren Bilboko egoitzan, Gizarte Ekintza (74) eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako (57) sailen Kontuen aurrean aurkeztutako 131 zuzenketa-eske landu dira. Ogasun eta Finantza batzordearen barruan egin diran saio bietan gehienak ez dira onartu, Bizkaiko Batzar Nagusietan gehiengoa daukien eta Foru gobernuari eusten deutsien taldeek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) ezezkoa emon dabelako.

Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako aurrekontua eztabaidatzen ari zan saioan urten dau aurrera jardunaldiko aldaketa bakarrak, kasu honetan Teresa Laespada Martínezek zuzentzen dauen sailaren kontuen aurrean aurkeztutakoak, Foru gobernuari eusten deutsien talde biek Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiagaz erdibideko zuzenketa-eskea adostu ostean. Aho batez onetsi dan zuzenketa-eske horrek milioi bat eurogaz indartzen ditu sail horren hainbat programa: 700.000 euro estra Gizarteratze programarako eta beste 300.000 euro indarkeria matxistearen biktimak babesteko eta familiei laguntzeko programea indartzeko.

Gaur egin diran saio bietan, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak 36 aldaketa planteau ditu Gizarte Ekintzan eta 19 Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunean. Bizkaiko Talde Popularrak 30 eta 21 aldaketa defendidu ditu, hurrenez hurren. Eta, bukatzeko, EH Bilduk 8 aldaketa planteau ditu Amaia Antxustegi Ziardak zuzentzen dauen sailaren aurrekontuan, eta 16 Laespada Martínezen ardurapeko partidetan.

Hirugarren jardunaldian, Ogasun eta Finantza batzordeak, jeltzaleen eta sozialisten aldeko botoakaz sail bien programak onartzeaz gan, GUFEren, Gaikuntzaren eta Bizkaia Mikro foru soziedade publikoaren aurrekontuak be onetsi ditu.

2026ko Bizkaiko Aurrekontuen aurrean aurkeztutako zuzenketa-eske parzialak eztabaidetako izapide parlamentarioa bihar (09:30ean) amaituko da, Ogasun eta Finantza Sailaren Aurrekontuaren aurrean aurkeztutako 25 zuzenketa-eskeen eta foru arau proiektuaren Testu Artikulauaren aurrean aurkeztutako beste 22 zuzenketa-eskeen eztabaideagaz.