BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GARRAIOAK, INGURUNE NATURALA ETA AZPIEGITURAK FORU SAILETAKO AURREKONTUAK ONARTU DITUE BATZORDEAN

  • Zuzenketa-eske parzialen eztabaidearen bigarren egunean Ogasun eta Finantza batzordeak ez ditu onartu oposizinoko taldeek hiru sail horreetako 2026ko Kontuen aurrean planteautako 170 aldaketak.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen erdibideko zuzenketa-eskea, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailaren aurrekontuari 852.000 euro gehitzeko, BGPk Bizkaibusi jagokozan garraio publikoko hobarien ganean hartutako akordioa bete ahal izateko.

 

(Bilbon, 2025eko gabonilaren 17an). Bizkaiko Batzar Nagusiek 2026ko Bizkaiko Aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa-eske parzialak eztabaidetako bigarren jardunaldia egin dabe gaur Ogasun eta Finantza batzordearen barruan –hiru saiotan–. Hain zuzen be, 171 zuzenketa-eske eztabaidatu eta bozkatu dira, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailaren (71 zuzenketa-eske), Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren (64) eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren (36) artean banatuta.

Foru gobernuari eusten deutsien talde biek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) ez ditue onartu oposizinoko hiru taldeek (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta EH Bildu) aitatutako hiru sailetako partiden aurrean proponidutako aldaketa gehienak, baina salbuespen bat egon da. Onartu dan aldaketa bakarrak Sonia Pérez Ezquerrak zuzentzen dauen sailaren aurrekontuan izango dau eragina. Horren bidez, garraio publikoko deskontuak 2026. urtearen hasierarako aktibau ahal izango dira.

Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailaren kontuetan, beraz, aldaketa hori “Bidaiarien Garraioa” programan sartuko da, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen artean lortutako akordioari esker. Bizkaiko Batzar Nagusietako beste talde bien aldeko botoa be izan dauen erdibideko zuzenketa-eskeak 852.000 euroko partidea jasoten dau, Bizkaibuseko hobariei eutsiko jakela bermatzeko, Bizkaiko Garraio Partzuergoak gabonilaren 1ean lortutako akordioa betez.

Batzordeak, jeltzaleen eta sozialisten aldeko botoakaz, aitatutako sailetan dagozan programak eta arlo horreetara atxikitako erakunde publikoen kontuak be onartu ditu, Aparkabisa, Basalan, Garbiker, Azpiegiturak eta Interbiak, besteak beste.