BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK PLASTIKOZKO ONTZIAK ETA HONDAKINEN BILTEGIRATZEA ZERGAPETZEN DITUEN ZERGAK ONETSI DITUE BATZORDEAN

  • Plastiko berrerabilezinezko ontzien ganeko Zerga berezia eta hondakinak hondakindegietan ixtearen, erraustearen eta batera erraustearen ganeko Zergea Bizkaiko zerga-sisteman sartzeko Aldundiak egin dituan Foru Arau proiektuek lehenengo izapidea pasau dabe batzordean, jatorrizko planteamentuan aldaketarik jaso barik.


(Bilbon, 2023ko azaroaren 3an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordeak, Aldundiko Gobernu Kontseilutik urten ziran moduan emon deutse oneretxia gaur plastikoa eta hondakinen biltegiratzea zergapetzen dituen Zergen Foru Arau proiektuei. Bizkaiko Gobernua eusten daben talde biek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) ez ditue onartu araubide komunerako onetsi diran lege biak ia errepikau egiten dituen proiektu bien aurrean EH Bilduk planteau dituan zuzenketa-eskeak. Osokoak emon beharko dau behin betiko baiezkoa zerga bi horreek 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginezko izaereagaz indarrean jar daitezan. 

Foru Gobernua eusten daben taldeek jakinarazo dabenez, zerga biak (plastiko berrerabilezinezko ontzien ganeko zerga berezia eta hondakinak hondakindegietan ixtearen, erraustearen eta batera erraustearen ganeko Zergea) kontzertazino barrikoak dira, eta Ekonomia Itunaren azkenengo berrikuspenean aurreikusitakoagaz bat etorriz, “Estaduak une bakotxean ezarritako arau substantibo eta formal berberak” bete beharko ditue. Hori da jeltzaleek eta sozialistek koalizino abertzaleak aurkeztutako zuzenketa-eske gehienak baztertzeko erabili daben argudioa. EH Bilduk zuzenketa-eske bi aurkeztu deutsaz plastikoen arauzko proiektuari eta dozena erdi bat zuzenketa-eske hondakinen biltegiratzea zergapetzen dauen testuari.

Orokorrean esanda, lehenengoak 0,45 euroko zerga-tasea ezarten dau kilogramoko plastiko berrerabilezinezko ontziak egiten, inportetan edo erosten dituen enpresentzat. Zerga hori Estadu osoan aplikauko da, Bizkaiak ez dauelako hori aldatzeko eskumenik. Emaitza positiborik barik, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak zerga hori likidetako eta ikuskatzeko Ogasuneko plantillea handitzea defendidu dabe, baina horrek ez dau arauzko testua aldatzen, aldaketak planteetan ditu Aldundi barruko baliabideetan.

Beste alde batetik, bigarren arau-proiektuan zenbait zerga-karga ezarten dira, tratamentu-instalazino motaren arabera: zabortegiak (hondakin ez arriskutsuak, arriskutsuak edo geldoak…), errausketa-instalazinoak edo baterako errausketa-instalazinoak. Kasu horretan, zerga-tasea aldatu egiten da instalazino horreetako bakotxerako, jasoten dauen hondakin motaren arabera. Plastikoaren ganeko zergan ez bezala, zerga horretan ahalmena emoten jake Bizkaiko Batzar Nagusiei karga-tasak handitzeko. Horri jagokonez, EH Bilduk kasu gehienetan “% 20ko” igoerea planteau dau, udal hondakinei eragiten deutsezanetan izan ezik. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek tipo horreek aldatzearen kontrako botoa emon dabe.