BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ERRENTAREN, SOZIEDADEEN ETA ONDAREAREN GANEKO ZERGETAN ALDUNDIAK PLANTEAUTAKO ZERGA ALDAKETAK ONARTU DITUE BATZORDEAN
- Nabarmentzekoak dira PFEZren 200 euroko murrizketea barriztau izana 35.000 eurotik beherako diru-sarreretarako, errekarguen konfigurazino barria, edo ikerketa eta garapen proiektuak edo barrikuntza teknologikoa finantzatzeagaitik egingo diran kenkariak, bai eta ikus-entzunezko lanak, zuzeneko ikuskizunak eta liburuen argitalpena finantzeteagaitik be.
- Osokoak onetsi beharko dauen erespenak bost aldaketa dakarz jatorrizko testu arauemoilean. Arauak, hipoteka-mailegu batean egintza juridikoa eta jagokon zerga banketxeak ordaintzea ebatzi eban, eta Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren ganeko Zergan beheranzko koefiziente barriak ezarriko dituan Europako EBJEren epaia jasoko dau.
- Foru gobernuari eusten deutsien talde biek atzera bota ditue oposizinoaren 42 zuzenketa-eske parzial.
(Bilbon, 2024ko gabonilaren 11n). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordeak, batzarretako taldeek hainbat zergaren (PFEZ, Soziedadeak, Ondarea, Dohaintzak…) erregulazinoan eta Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean aldaketak jasoten dituan foru arau proiektuari aurkeztutako 47 zuzenketa-eske parzial eztabaidatu eta bozkatu ditu gaur. Bada, azkenean, Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu egin dabe Aldundiak aurkeztu dauen arau proiektuan bost aldaketa sartzea. Osokoak behin betiko onartu beharko ditu indarrean sartu daitezan.
Foru Arau proiektuak 16 artikulu ditu, eta horreek osotzen dituen zenbait xedapen gehigarri eta iragankor. Horreen artean hirugarren xedapen gehigarria nabarmentzen da batez be. Bertan luzatu egiten da azkenengo errenta-aitorpenean Bizkaiko zergadunen % 71ri eragin eutsan 35.000 eurotik beherako diru-sarreretarako 200 euroko murrizketearen aldi baterako aplikazinoa.
Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren esparruan, errekarguen konfigurazino barria nabarmentzen da. Holan, aitorpena borondatezko epea amaitu eta hurrengo hiru egun baliodunetan aurkezten bada, edo ordainketea betearazpen-aldiko lehenengo hiru egun baliodunetan egiten bada, % 5etik % 0,5era murriztuko dira epez kanpoko aitorpenarengaitiko errekargua eta errekargu-betearazlea.
Proiektuak, ondorioak zerga-sistemako hainbat figuratara zabaltzen dituen zeharkako hainbat aldaketa be jasoten ditu, besteak beste, higituezinen errentamendurako, sustapenerako eta salerosketarako jarduera ekonomikoaren kalifikazinoaren barrikuspena, Soziedadeen ganeko Zergaren eta Ondarearen ganeko Zergaren ondorioetarako. Urteko batez besteko plantillaren betekizuna jarduera horreek gauzatzearen errealidadera eta merkadura egokituko da; holan, bost beharginetik hirura murriztuko da enpleaduen kopurua.
Testu arauemoilearen barruan sartzen da, baita be, Soziedadeen ganeko Zergako zenbait alderdiren aldaketea ikerketa eta garapen edo barrikuntza teknologikoko proiektuen finantzaketan, ikus-entzunezko lanen finantzaketan, arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunen finantzaketan eta liburuen edizinoan parte hartzeagaitiko kenkarien inguruan. Horri jagokonez, aitagarria da jarduera ekonomikoak egiten dituen Pertsona Fisikoen Errentaren ganeko Zergaren zergadunek kenkari horreek apliketako aukerea izango dabela.
JASOTAKO ETA BAZTERTUTAKO ZUZENKETA-ESKEAK
Arauzko proiektua bost aldaketagaz helduko da osokora. Bi teknikoak dira. Jeltzaleek eta sozialistek planteau daben beste aldaketa batek, araua indarrean sartzea aldatzeko salbuespen batzuk jasoten ditu. Adibidez, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, klimaren eta ingurumenaren aldeko erregimenei (eko-erregimenak) emondako laguntzen salbuespenean izango dau eragina, PACen laguntza horreek urte horretatik aurrera emon dira eta.
Foru gobernuari eusten deutsien Batzar Nagusietako talde biek erdibideko zuzenketa-eske bana onartzeko akordioa lortu dabe oposizinoko taldeakaz. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek hipoteka-mailegu baten egintza juridikoa eta zergea banketxeak ordaintzea ebatzi eban Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia jasotea adostu dabe EH Bildugaz. Eta Hiri Lurren Balioa Gehitzearen ganeko Zergan koefizienteak beherantz aldatzeko beste erdibideko zuzenketa-eske bat sinatu dabe Bizkaiko Talde Popularragaz.
Jeltzaleen eta sozialisten aldeko botoakaz 16 artikuluak eta xedapen gehigarriak onartu diran batzordean, oposizinoko taldeek ikusi dabe talde horreek ez dituela zuzenketa-eske gehienak onartu. EH Bilduk beste 34 aldaketa defendidu ditu. Bizkaiko Talde Popularrak gauza bera egin dau 8 zuzenketa-eskegaz, baina ez dau arrakastarik izan.
Laburbilduz, koalizino abertzaleak aurreikusitako 200 euroko murrizketea PFEZn 400 euroraino igotea defendidu dau, 30.000 eurotik beherako zerga-oinarrietarako. EH Bilduk enpresentzako hobari fiskal jakin batzuk kentzea planteau dau, ekonomia suspertzeko politikak diru-laguntzen bitartez gauzatu beharko litzatekezala uste dauelako. Sindikatuen erresistentzia kutxen dirulaguntzak autortzeko betebeharra PFEZtik kanpo ixtea be planteau dau.
Bizkaiko Talde Popularrak, bere aldetik, kenkari gehiago planteau ditu, bizikide kopuruaren arabera (% 20 gehiago), adinekoen zainketakaitik eta desgaitasuna daukien personentzat. Popularrek planteau dabe 2025eko ekitaldirako PFEZren atxikipenen tauletan % 1,8ko deflaktazino gehigarria aurreikustea eta 200 euroko murrizketea 40.000 eurora arteko zerga-oinarriei apliketea. Ganera, PFEZren likidazino-oinarrirako tasa barriak planteau ditu.