BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EGUNEKO 7 EURORAINOKO TASAK IZANGO DITUEN EGOTALDI TURISTIKOEN GANEKO ZERGEA ONARTU DABE BATZORDEAN
- Foru Arau proiektuak osokotik igaro behar dau 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera eragin praktikoa izan daian, Bizkaiko parlamentu guztiaren aldeko botoa jaso ostean, artikulu gehienetan kontrako botoa emon dauen Bizkaiko Talde Popularrarena izan ezik.
- Ogasun eta Finantza batzordeak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren zazpi zuzenketa-eske onartu ditu, Foru gobernuari eusten deutsien taldeakaz akordioa lortu eta gero. EH Bildu be horren alde agertu da.
- Batzar Nagusietako talde guztiek baztertu egin dabe Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen Osotasunezko Zuzenketa-eskea.
(Bilbon, 2026ko ekainaren 8an). Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietan Egotaldi Turistikoen ganeko Zerga barria arautzen dauen Foru Arau proiektua onetsi dabe gaur batzordean. Bizkaiko udalerrientzat derrigorrezkoa dan tokiko zerga barri hori ezarteak Toki Ogasunei buruzko Foru Araua aldatzea dakar, eta 2027ko urtarrilaren batetik aurrera izango da eraginkorra, bagilaren 17an egingo dan ohiko osokoak onartu eta gero.
Aldundiak aurkeztu dauen arauzko proiektuaren eukiak 42 zuzenketa-eske eragin ditu. Horreetako bat Osotasunezkoa (PP), eta ganerakoak oposizinoko hiru taldeek erregistrautako zuzenketa-eske parzialak izan dira. Osotasunezko zuzenketa-eskea eta Bizkaiko Talde Popularraren beste 18 zuzenketa-eske parzial atzera bota ostean, batzordeak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren zazpi zuzenketa-eske onetsi ditu azkenean. Artikuluek ia aho batez jaso dabe Bizkaiko Batzar Nagusien aldeko botoa, artikulu gehienetan kontrako botoa emon dauen PPrena izan ezik.
Eneritz de Madariaga Martín Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak azaldu dituan talde morearen, jeltzaleen eta sozialisten artean adostutako zuzenketa-eskeen helburua, bere berbetan, zerga turistiko barriari udalentzat “progresibotasun, malgutasun eta erabilgarritasun handiagoa” emotea da. EH Bilduk be bat egin dau bere aldeko botoagaz eta bere zuzenketa-eske parzialak aurretik kendu ditu. Akordioak “intensidade turistikoaren” (biztanle bakotxeko ostatu hartzeko plazen ratioa) funtsezko kontzeptua sartzen dau, udalerriek euren tarifak, hobariak eta errekarguak modu objektiboan egokitu daiezan, jasaten daben presino errealaren arabera.
Aldaketa hori beste gai batzuekaz hitzartuta dago. Arauak zabaldu egingo ditu intensidade txikiko eremuetan % 100eko hobariak apliketako kasuak, eta % 50erainoko errekarguak indartuko dira turismo-presino handia daukien udalerrietan, batez be udalerrian ostatu hartzeko plazen kopurua 750 edo handiagoa danean, edo 5.000 biztanletik gorakoa eta % 10eko edo gehiagoko intensidadea dabenetan, Gorlizen jazoten dan lez.
Modu berean, zergari lotutako gehieneko egunen kopurua 5etik 6ra igon da, eta ordaintzeko salbuespena desgaitasuna edo mendekotasuna daben personen laguntzaileei zabaldu jake, bai eta urte birik behin barrikusteko mekanismoa be, zerga turismo-ereduaren etorkizuneko bilakaerara egokitzeko.
Bukatzeko, beste zuzenketa-eske baten bitartez, karga-taula barri bat ezarri da ostatu motaren arabera (hotelak, pentsinoak, apartamentu turistikoak, kanpinak, nekazaritza-turismoak, landetxeak, aterpetxeak, erabilera turistikoko etxebizitzak edo kurutzontziak), egunean gitxienez 0,50 eurotik gehienez 7 eurora bitartekoak. Modu berezian, erabilera turistikoko etxebizitzak eta kurutzontziak (4,5 eta 7 euro artean) gehiago zergapetzea onartu da, jarduera horreek “presino handiagoa eragiten dabelako lurraldean, zerbitzu publikoetan eta etxebizitzarako sarbidean”.
PP-REN ARAUZ BESTEKO HIRU PROPOSAMEN BAZTERTU DIRA
Egotaldi Turistikoen ganeko Zergearen foru arauaren proiektuari proponidutako aldaketei buruzko eztabaidaren ostean, Bizkaiko Talde Popularrak fiskalidadeko aldaketei buruzko hiru proposamenen onarpena defendidu dau, arrakastarik barik.
Lehenengo ekimenean, PPk deskarbonizazino eta energia-trantsizinoko proiektuetarako kenkari fiskalak 2026an eta 2027an % 100era igotzea, erregai fosilen kostua aurtengo urterako handitu dala-eta kenkari espezifiko bat sortzea, eta abantaila horreek behargin autonomoei zabaltzea proponidu dau. Ekimen horrek ez dau ezelango babesik jaso.
Beste proposamen batean, Bizkaiko Talde Popularrak “% 2ko deflaktazino gehigarria” eskatu dau PFEZren tarte guztietan, segituan, eta familiako kenkariak eta kenkari personalak (seme-alabak, mendekotasuna, kontziliazinoa) eta zergak batera ordaintzeagaitiko murrizketea ehuneko berean eguneratzea be eskatu dau. Barriro be, ganerako taldeek ez dabe bere proposamena onartu.
Bukatzeko, PP taldeak, diborziauta dagozan gurasoentzako PFEZren tributazinoa aldatzea eskatu dau. Talde horrek arautegia aldatzeko eskatu dau, banandutako edo diborziautako gurasoek “zergak euren seme-alabakaz batera ordaintzeko” aukerea izan daien, “Esklusibotasun ekonomikorik” eskatu barik, beti be zaintzan eta mantentze-lanetan benetan parte hartu dabela egiaztetan bada. Proposamenak salatzen dauenez, 2025eko zerga-erreformak “desbardintasun eta kalte ekonomiko nabarmena” sortzen dau, zaintza partekatuaren errealidadeari eta guraso bien erantzunkidetasun ekonomikoa autortzen daben ebazpen judizialei muzin egiten deutselako. Ekimenak aldeko boto bat (PP), 4 abstentzino (Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu) eta kontrako 9 boto (EAJ-PNV eta PSE-EE) jaso ditu. Gai horri buruzko eztabaidak epe laburrean jarraituko dau, oposizinoko taldeek, PFEZren 98. artikulua barrikusteko eta, aurreko barrikuspen fiskalaren ondorioz, “balizko diskriminatzaileak” zuzentzeko ekimenak planteetako agindua emon dabelako.