BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK LURRALDEKO FORTUNA HANDIEN GANEKO ZERGEA ONARTU DABE

  • Ondarearen ganeko Zergearen aldi baterako tributu osagarri barria datorren urtean ordainduko da, 2023an 3 milioi euro gainditu dituen ondareetatik aurrera.
     
  • Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek baiezkoa emon deutsie zergearen tasarik altuenean dagozan zergadunen kopurua handitzeari, zerga-oinarria 1,5 milioi jatsita, 16 milioitik 14,5era pasauz.


(Gernikan, 2023ko abenduaren 15ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak behin betiko onetsi dau Fortuna Handien Aldi Baterako Alkartasun Zergearen Foru Araua. Zerga barria ekitaldi honetan bertan jarriko da indarrean, eta 2024an ordainduko da. Orain dala hamar egun zergearen zerga-eskalaren aldaketea batzordean sartu eben Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek argi berdea emon deutsie arauzko proiektuaren eukiari, zergearen tasak eta eskalak ezarten dituan 29. artikuluari, batez be. Aldundiak aurkeztu dauen testuagaz alderatuta aldaketa bakarra dago, tasarik altuena –% 3,5ekoa– 14,5 milioi eurotik gorako ondareetan zergapetuko dala. 

Batzordearen erespena osoko batek berretsi beharko dau orain, zerga barria aurton bertan Bizkaiko zerga sisteman sartu eta, holan, 2024an likidau ahal izateko. Aldundiak aurkeztutako Foru Arau proiektuak lau tarte ezarten ebazan, diru gehien daukien personak zerga-oinarriaren % 1,5, % 1,75, % 2 eta % 3,5eko tasakaz zergapetzeko. Tasek bardinak izaten jarraituko dabe, baina hiru alderdien artean adostutako aldaketeagaz, % 3,5eko gehieneko tasea 14,5 milioiko ondareetatik gora aplikauko da, hasierako proposamenak ezarten ebazan 16 milioien azpitik. Zergearen likidazino-oinarria eskala honek adierazoten dauen lez zergapetuko da:

Likidazino-oinarria (€-raino)

Kuotea €

Ganerako likidazino-oinarria (€-raino)

Tasea %

3.200.000

0

3.200.000

1,50

6.400.000

48.000

6.400.000

1,75

12.800.000

160.000

1.700.000

2,00

14.500.000

194.000

Aurrera

3,50

 

Lortutako akordioak ez ditu “gure asmoak” erakusten, “ez gatozalako bat bere terminoakaz”, baina “klase alferrari aberatsen pribilegioakaz amaitzeko zuzendutako mezu ozena eta argia da”, adierazo dau Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak.

Zerga barria aldi baterako eta harmonizatzaile lez aurkeztu da, eta Bizkaiko Talde Popularrak kritikau egin dau hori. “Bildurra emoten deust behin-behinekotasunak, batzuk betiko geratzen diralako”, kritikau dau Diego Pagadigorriak. Eta dirua biltzeko dala esan dan arren bere taldeak ez dau hori uste, Bizkaian “51 zergadunen milioi bi euro” bilduko ditualako. “Marketin fiskal hutsa da”, esan dau, eta Bizkaiarentzat “kaltegarria” dan mezua zabaltzen dau, “ondare handiak erakartzeko gaitasunik barik geratuko garalako”.

José Alberto Álvarez Castrejón sozialistaren eretxiz, zerga barriak zergadunaren lekualdatzea saihestu gura dau, deszentralizazino fiskala eta Autonomia-erkidego batzuetan Ondarearen ganeko Zergea kendu izana kontuan izanda. “Dirua biltzea” da helburua, “gehiago daukienek ahalegin fiskal handiagoa egin daien”, bai eta “lurraldeen arteko orekea” be.

EH Bildutik kritikau egin da Bizkaia izatea aberastasun handiak ondoen jagoten dituan Hego Euskal Herriko lurraldea. “Askoz zerga ekarpen txikiagoa eskatzen jake”, salatu dau Arantza Sarasolak. Zerga barria izapidetzeagaz batera, bere berbetan egoera horri buelta emoteko “aukerea” egoan, baina alperrik galdu da. Atzera bota dan zuzenketa-eske baten bitartez, talde horrek Ondarearen ganeko Zergea “harmonizau” gura eban, eta Nafarroan “adostasun zabalez” adostutako tasa “berberak” ezarri. Sarasolak kritikau dauenez, Batzar Nagusietako hiru taldeen erdibideko zuzenketa-eskeak ondare handiek Arabaren eta Gipuzkoaren aurrean daben aldea “handitu” egingo dau.

Azkenik, Unai Lerma jeltzalearen eretxiz, zergea, Ondarearen ganeko zergeari lotutako figura lez sortu da, eta, beraz, “plus” bat da lurraldeko ondare handientzat. “Zerga bien baterako eragina balorau behar da”. Bizkaian, “86 milioi” bildu dira Ondarean, gehi “milioi bi”, Batzar Nagusiek gaur onartutako tributuak ekarriko dauena aurreikusita. Talde moreagaz lortutako akordioa “ona” da, tributuak “progresibidadean irabazten dauelako”, zergearen azken zatiaren aplikazinoa 14,5 milioi eurora bajau dalako.


FORUM FILATÉLICOKO ETA AFINSAKO IRUZURRA JASAN DABEN PERSONAK

Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak, Arau Proposamen baten bitartez, PFEZari buruzko 13/2013 Foru Arauaren 65. artikuluaren aldaketea ekarri dau Osokora, Forum Filatélicoko eta Afinsako iruzurrak eragindako personen ganeko zerga arloko diskriminazinoa saihesteko. Araubide erkideko lurraldean, zergadun horreek saldo positiboaren % 25eko mugeagaz konpentsa daikiez galerak, baina Bizkaian muga hori % 10ekoa da.

Iruzur piramidal horrek eragindako persona bi Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean egon ziran irailaren 28an, Batzar Nagusietako taldeei araudia aldatzea eskatzeko. Ondare-galeren konpentsazinoa Estaduko ganerako lekuakaz eta Nafarroako Erkidegoagaz bardintzea eskatu eben.

Azkenean, Osokoak ez dau onartu aldaketa hori kontuan hartzea, aldeko 17 botogaz (oposizino osoa) eta kontrako 30egaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak).


MENDEKOTASUNA BALORETAKO EPEEI BURUZKO MOZINOA 

Beste alde batetik, EH Bilduk mozino bat defendidu dau, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deioen Aldundiari, menpekotasun mailea autortzea eskatzen daben personen balorazino eta orientazino zerbitzua “publifiketako” prozesua hasi daian. Prestazinoaren onarpenaren ostean berau jasoteko eskubidea eskaerea egin eta hurrengo egunean sortzea eskatzen zan testuan. 

Jeltzaleen eta sozialisten gehiengoak atzera bota dau ekimena. Bizkaiko Talde Popularrak be bat egin dau ezezkoagaz, eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak EH Bilduren mozinoaren alde bozkatu dau.


AMNISTIARI EZEZKORIK EZ

Bukatzeko, Bizkaiko Talde Popularra bakarrik geratu da, eguaztenean Kongresuan gauzatu zan procés-eko auzipetuentzako Amnistia Legeari jagokonez “edozein herritar talderentzat, euren delitua edozein izanda be, orokortutako edozein amnistia edo indultu” baztertzeko arauz besteko proposamenaren defentsan. Bizkaiko Batzar Nagusietako 51 batzarkideetatik hiru popularrek baino ez dabe ekimenaren aldeko botoa emon.