BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK HONDARTZETAKO GARBIKETA ZERBITZUEK JASOTEN DITUEN JOSTAILUEI BESTE ERABILERA BAT EMOTEA ERABAGI DABE

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez erabagi dabe Bizkaiko hondartza batean proba pilotu bat egitea, “jostailuak, jolasak eta tresnak” jaso eta objektu horreen erabilera “egokiena” aztertzeko, barriro erabili ahal izateari begira.


(Bilbon, 2024ko apirilaren 16an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Batzordeak aho batez onetsi dau gaur, udan Bizkaiko  hondartzetako erabiltzaileek ahaztuta ixten dituen jostailuak barriro erabilteko Osotasunezko Zuzenketa-eskea. Idea hori arauz besteko proposamen baten bitartez planteau dauen taldeak, EH Bilduk, onartu egin dau azkenean Foru Gobernuari eusten deutsien talde biek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, erregistrau daben testu barria. 

Onartutako testuan oinarrituta, Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu deutsie “hondartzen denporaldiaren hasiereagaz proba pilotu bat egin daiala Bizkaiko hondartza batean, eta, bertan, garbitzaileek jostailuak, jolasak eta tresnak jaso daiezala, gero jasotakoa aztertu eta etorkizunera begira erabilerarik egokiena baloretako”.

Rakel Goñi koalizino abertzaleko batzordekideak adierazo dauenez testua “motz” geratu da, eta plastiko-hondakinak sortzea saihestea, jostailuak barriro erabiltea eta baliabiderik ez daukien familiei horreek doban erabilteko aukerea emotea bilatzen eban ekimena defendidu dau. Bere proposamenak “jostailuen edukiontzi bat” jartea planteetan eban, Frantziako kostaldeko hondartza batzuetan egiten dan lez, liburuak partekatzeko “irakurketa kutxak” moduko zeozer.

Zuzenketa-eskea egin daben talde biek, edozein elementu instalau aurretik, lehenengo eta behin, Bizkaiko hareatzetako batean proba pilotu bat ezartea defendidu dabe, gero aukeraketea zelan eta zein erispideren arabera egiten dan “zehazteko” eta “berrerabili aurretik egokiak diran edo arriskuak daukiezan” ikusteko, azaldu dau Jesús Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak.


ERABILERA PUBLIKOKO MENDIEN KUDEAKETEA

Batzorde berean, udalek basoko lurrak erosteko baliabideak euki daiezan emoten diran laguntzen ganean galdetu deutso EH Bilduk Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatu andreari. “Aldundiak udalei erabilera publikoko mendietarako planak betearazotea eta kudeatzea galarazoteko asmorik al dauka?”, galdetu dau Iratxe Arriola batzarkideak.

Atutxak ukatu egin dau Foru Aldundiak udalek basoak erosteko laguntzen inguruko “ezelango” dekreturik kendu dauenik, eta gizartea “ez nahasteko” eskatu deutso EH Bilduko batzordekideari. Udalerriek “Baso Aprobetxamendurako Funtsen” bitartez lortu ahal izango ditue zeregin horretarako baliabideak. 2022an modu “ezohikoan” egin ahal izan eben “Herriak Egiten” funtsen bidez. 58 milioi euroko partida batek holan ahalbidetzen eban, mobikortasunagaz, irisgarritasunagaz, energia-eraginkortasunagaz edo etxebizitzagaz erlazionautako inbersinoak ahalbidetzeaz gan.

Atutxak argi itxi dau Aldundia dala basoen kudeaketearen ardurea daukan erakundea, eta “akatsa” izango litzatekela udalek basoak euren kabuz kudeatzea, ez daukielako baliabide ekonomikorik eta materialik. Basoak zaintzeko zeregin horretan “laguntzaile gara” eta “ez dogu oztopatuko” udalerrietatik “lankidetzan oinarrituta” egiten dan kudeaketea.

EH Bilduko batzordekideak esan dauenez, “berbak praktikan jarri behar dira”, “Trantsizino ekologikorako lan handia egin behar dalako”. Arriolak onartu dauenez, Aldundiak pausuak emon ditu norabide onean, “baina egin beharreko bidea luzea da”. Udal batzuen ekimenei “trabarik” ez jarteko eskaerea egin deutso Aldundiari, bere berbetan Urduñan edo Bakion gertatu dan lez.