BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GIZARTE EKINTZAKO ETA GARRAIOKO AURREKONTUETARAKO BOST ALDAKETA ONETSI DITUE

  • Amaia Antxustegik zuzentzen dauen sailak 400.000 euro gehiago izango ditu gizarte arloko politikak indartzeko; heren bat umeen, nerabeen eta gazteen gizarte eta hezkuntza arloko bete bako beharretan esku hartzeko; eta ganerakoa mendekotasunaren eta desgaitasunaren balorazino denporak murrizteko, preminazko kasuetan batez be.
     
  • Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailak 20.000 euro gehiago izango ditu Lezamako Bide Zaharraren proiektuko desjabetze prozesuak arintzeko; beste 100.000 euro Bizkaibizi zerbitzua zabaltzeko; eta 200.000 euro Bizkaibusen maiztasunak handitzeko eta bikoiztasunak ezabatzeko.


(Bilbon, 2024ko gabonilaren 19an). Bizkaiko Batzar Nagusiek 2025eko Bizkaiko Aurrekontuen aurrean aurkeztutako zuzenketa-eske parzialak eztabaidetako azkenaurreko jardunaldia egin dabe gaur. Foru parlamentuko Bilboko egoitzan, Gizarte Ekintzarako Sailaren eta Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailaren Kontuen aurrean aurkeztutako ehun zuzenketa-eske baino gehiago landu dira. Ogasun eta Finantza batzordearen barruan egin diran saio bietan bost aldaketa onetsi dira. 

Lau aldaketa erdibideko zuzenketa-eskeak dira, aurrekontuetan akordioa lortu daben Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek, sinatutakoak; eta bestea, Foru gobernuari eusten deutsien talde biek erregistrautako zuzenketa-eske parziala. Aurreko jardunaldi bietan pasau zan moduan, Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota ditue Parlamentuko beste talde bien (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularra) zuzenketa-eske parzial guztiak. 

Aho batez onartu diran erdibideko zuzenketa-eskeetako batean oinarrituta, Gizarte Ekintzarako aurrekontua 100.000 eurotan handituko da, Hezkuntza Konpentsatzaileko Partzuergoaren zuzkidura ekonomikoa handitzeko. Helburua kalteberatasun-egoeran dagozan eta integrazinorako arazoak dituen umeen, nerabeen eta gazteen gizarte- eta hezkuntza-izaerako bete bako beharrak antzematea eta horreetan esku hartzea da. 

Batzar Nagusietako hiru talde nagusien artean adostutako beste zuzenketa-eske batek 300.000 eurotan handituko dau Balorazinorako eta Orientazinorako programea. Kasu horretan, mendekotasuna eta desgaitasuna baloretako batez besteko denporea murriztea da helburua, eta, modu berezian, preminazko kasuetan balorazino hori gehienez hilebetekoa izatea. 


GARRAIOAK, MOBIKORTASUNA ETA TURISMOA 

Arratsaldeko saioan, batzordeak hiru aldaketa onartu ditu Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailaren aurrekontuan. Horreetako batek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eske batek, hain zuzen be, 20.000 euro gehitu ditu Lezamako Bide Zaharraren proiektuak eragindako lurren desjabetzeen atalean. Holan, Batzar Nagusietako talde biek euren gain hartu dabe 2025eko Bizkaiko Kontuen tramitazinoan aurkeztu ziran herritarren hamalau alegazinoetatik zati bat. 

Bukatzeko, gaur onartu diran azkenengo aldaketa biak, jeltzaleek, sozialistek eta EH Bilduk Bizkaibizi zerbitzua eta Bizkaibusen maiztasunak hobetzeko sinatu dituen erdibideko zuzenketa-eske biri buruzkoak dira. Alde batetik, 200.000 euro gehiago egongo dira Aldundiak Bizkaiko garraioen azterlan integrala egin daian, beste garraio aukerarik ez dagoan eskualdeetan Bizkaibusen maiztasunak handitzeko konpromisoagaz eta beste gune batzuetan bikoiztasunak kenduz. 

Horrez gain, Sonia Pérez Ezquerra sozialistak zuzentzen dauen sailak beste 100.000 euro jasoko ditu, Bizkaibizi zerbitzua Bilbo metropolitarrekoak ez diran beste eskualde batzuetara zabaltzeko eta Bilbotik urrunen dagozan eskualdeetan mugakide diran udalerri biren artean proba pilotuak ezarteko konpromisoagaz.