BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BEZAREN ALDAKETEA ONARTU DABE, HIDROKARBUROEN SEKTOREKO IRUZURRA GELDIARAZOTEKO

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak Balio Erantsiaren ganeko Zergan zenbait zerga-neurri egokitzen dituan apirilaren 16ko 1/2025 Foru Dekretu Arauemoilea berretsi dau.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen erdibideko zuzenketa-eskea onartu dabe, otsoen erasoakaitik lehenengo sektoreari emoten jakozan kalte-ordainak arindu daitezan eta “hilgarriak ez diran” prebentzino neurrien ezarpena hobaritu daiten.
     
  • Israelgo Estaduagaz hartu-emonak dituan segurtasun-enpresa bati Metro Bilbaok esleitutako kontratua apurtzea eskatu dau EH Bilduk, arrakastarik barik, baina “Palestinako herriaren kontrako indarkeria eta genozidioa atoan eteteko” eskatzen dauen arauz besteko proposamenaren zati bat onartzea lortu dau.


(Gernikan, 2025eko maiatzaren 21ean). Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak aho batez onetsi dau Balio Erantsiaren ganeko Zergan (BEZ) zenbait zerga-neurri egokitzen dituan apirilaren 16ko 1/2025 Foru Dekretu Arauemoilea. Zehatzago, dagoan iruzurra geldiarazoteko, hidrokarburoen ganeko BEZaren kontrola indartu gura dauen 7/2024 Legearen transposizinoa da. 

Arau-aldaketa barriak hidrokarburoak (gasolinak, gasolioak eta erregai lez erabilitako bioerregaiak) merkaturatzean iruzurrari aurre egiteko neurri espezifikoak jasoten ditu. Aldaketa horren bidez gordailu fiskaletatik ataraten diranean produktu horreen ganeko kontrol fiskala indartzen da. 

Une honetatik aurrera, gordailu fiskaletik produktuak ataraten dituan azken gordailugilea izango da Hidrokarburoen ganeko Zergearen eta eragiketari jagokon BEZaren ordainketearen erantzulea, inportazinoa balitz lez. Produktuaren jaubea zerga-gordailuaren titularra bada, hak hartuko ditu bere gan betebehar horreek. 

Ganera, ataratearen arduradunak –dala azken gordailugilea, dala gordailuaren titularra– bermatu beharko dau zergearen pean dagozan eta salbuetsita ez dagozan produktuen ondorengo entregen BEZaren ordainketea. Horretarako, zerga horren ordainketea bermatuko dauen berme espezifikoa eratu eta horri eutsi beharko jako. 

Neurri horren bitartez, Foru Ogasunak iruzurrezko jardunbideak prebenidu eta hidrokarburoen trazabilidade fiskala indartu gura dau, horreek biltegiratzen diranetik merkaturatu arte. Arauaren aurkezpenean, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak, operadore “fidagarrien” oinarriak ezarteko foru agindua laster adostuko dala eta baimendutako eragile horreen erregistroa sortuko dala iragarri dau. 

Horrez gan, 2024ko gabonilaren 22tik aurrerako ondorioakaz, dekretu berean xedatzen da esne hartzituaren zerga-tasea % 4koa izango dala. Orain arte, % 10eko zergea ordaintzen eban. 


OTSOEN ERASOEN AURREKO KALTE-ORDAINAK ARINTZEA

Ohiko saio berean, osokoak, Eskualdeko Plan Estrategikoak gauzatzeko Aldundiari ekintza zehatzak eskatzeko, ekosistemak zaintzeko eta babestutako espezieak kudeatzeko (otsoa, adibidez), eta Israelgo inteligentzia zerbitzuakaz erlazionautako segurtasun enpresak ez kontratetako oposizinoak aurkeztutako hiru ekimen eztabaidatu ditu.

Hiru ekimenetatik, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeakaz aldaketak adostu dituan Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako mozino bakarra onartu da osorik. Onetsi dan eta EH Bilduk eta Bizkaiko Talde Popularrak be babestu daben (talde horrek baiezko botoa emon dau lehenengo puntuan, eta ez, barriz, 2. eta 3. puntuetan) erdibideko zuzenketa-eskearen lehenengo puntuan, otsoen erasoen kasuan kalte-ordainen tramitazino burokratikoa arintzeko eskatzen jako Aldundiari, baita giza jarduerakaz eta artzaintzeagaz egon daitekezan gatazkak saihesteko prebentzino neurri “ez hilgarrien” ezarpena hobaritzeko be.

Bigarren puntuan, Bizkaiko Batzar Nagusiek otsoaren, mehatxupean dagozan beste harrapari batzuen eta abeltzaintza estentsiboaren arteko bizikidetzea bultzatzeko neurriak martxan jartea eskatzen jako Aldundiari.

Eta hirugarren puntuan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie Foru gobernuari, zientzia munduko ordezkariakaz, abeltzainakaz eta ordezkari ekologistakaz alkarrizketako mahaietan parte hartu daian, biodibersidadeari, gure ekosistemak zaintzeari eta babestutako espezieen kudeaketeari buruzko arautegiak adosteko, otsoaren kudeaketa plana onartzen danean bertan ezarten dan aldizkakotasunagaz.

Batzar Nagusietako talde guztiek onartu dabenez, otsoaren hedapenak gero eta arazo handiagoa eta konplexuagoa ekarri dau (urtean otsoen 3.500 eraso baino gehiago gertatzen dira, popularren esanetan), eta konponbide “orekatuaren” aldeko apustua egin behar da, Bizkaiko abeltzaintza estentsiboaren interesak defendiduten diran bitartean “ospe txarra” daukan espeziea kontserbau ahal izateko.


GAITZESPENA PALESTINAREN KONTRAKO GENOZIDIOARENGAITIK 

Saioa amaitzeko, EH Bilduk aurkeztutako arauz besteko proposamen bat eztabaidatu da. Bertan, talde horrek, Metro Bilbaoren eta egoitza Herbehereetan dauen eta Israelgo Shin Bet inteligentzia zerbitzuetako kideek eta Israelgo El Al hegazkin konpainia nagusiko segurtasun zuzendari ohiek sortutako I-SEC Aviation Segurity enpresearen arteko kontratuzko hartu-emona bertan behera ixtea eskatu dau, arrakastarik barik. Enpresa horri orain dala gitxi esleitu jako Metro Bilbaoko instalazinoen eta material mobikorraren zaintza zerbitzua.

Aldi berean, ekimenaren bigarren puntuan eskatzen zan euskal erakunde publikoek “Palestinako herriaren kontrako indarkeria eta genozidioa atoan etetea” bultzatzea eta nazinoarteko zuzenbide humanitarioa zorrotz beteten dala zaintzeko betebeharrari erantzutea.

Taldeen berbaldiak entzun ostean, Iker Casanova EH Bilduko bozeroaleak proposamena modu bereizian bozkatzea eskatu dau. Jatorri israeldarra dauen enpreseagaz egoan kontratua apurtzea eskatzen eban zatia ez da onartu, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularrak ezezkoa emon ostean. Hiru taldeek jakinarazo dabenez, onartu ezkero, “legez kanpoko” ekintzaren aurrean egon geintekez, esleipenak kontratazino publikoaren araudiak ezarten dituan baldintzak bete ditualako.

Aitzitik, Gazan emoten ari diran giza eskubideen urraketa larriak gaitzestea, nazinoarteko zuzenbidea defendidutea eta Nazio Batuen aginduak beteteko eskaria egitea eskatzen eban ekimenaren zatia onartu da, aldeko 48 botogaz eta kontrako 3gaz (PP). Popularrek EH Bildu kritikau dabe, Giza Eskubideen arloan “ez dauelako ezelango sinisgarritasunik”, eta ganerako taldeek, Palestinan jazoten ari diran giza eskubideen urraketa larrien aurrean gaitzespen “argia” eta “sendoa” adierazoteko aldeko botoa emotea defendidu dabe.

Beste alde batetik, EH Bilduk, mozino baten bitartez, eskaria egin dau, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deioen Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, Enkarterriko, Ezkerraldeko, Meatzaldeko, Aiaraldeko, Debabarreneko eta Busturialdeko Eskualdeko Plan Estrategikoen talde eragileakaz adostu daiezan trakzino proiektuan urtero eraldatzaile lez planifikau daitekezan jarduketak. Testuan eskatzen zan EPEtan proponidutako jarduera bakotxak dauen eraginaren ebaluazinoa egitea hiru urtean behin, eta, ebaluazino horretan oinarrituta, erakunde biek konprometidutako baliabideak “barriro formuletea eta bideratzea”. Ekimenak EH Bilduren aldeko botoa eta PP taldearen abstentzinoa jaso ditu.

Foru gobernuari eusten deutsien taldeek, euren gehiengoagaz, bertan behera itxi dabe. Jeltzaleek eta sozialistek defendidu dabenez, EPEak “ez dira inprobisetan eta guztiz egituratuta dagoz”. Juan Otermin sozialistak defendidu dauenez, plan bakotxaren ebaluazinoa eta “eskualde bakotxaren beharren arabera doitzea ahalbidetzen dauen” gobernantza espezifikoa dagoz.


BATZARKIDE SOZIALISTA BARRIA

Osokoaren hasieran, 2003tik 2015era hiru legealditan batzarkide izan zan Isaac Berges Fernández barriro jesarri da Gernikan Euskal Sozialistak taldeko batzarkide lez, bere postua itxi dauen Teresa Laespada Martinezen ordez. Dana dala, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako foru sailaren buru izaten jarraituko dau.