BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ZERGA BARRIKUSPENAREN FORU ARAU PROIEKTUARI AURKEZTUTAKO 44 ZUZENKETA-ESKE ONETSI DITUE
- Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia Talde Berezia taldeek Bizkaiko zerga sisteman “sakoneko” aldaketak jasoten dituan arau proiektua aldatzeko lortutako akordioa irudikatu dabe gaur Ogasun eta Finantza Batzordean.
- Hiru taldeek eta PPk ez dabe onartu EH Bilduren Osotasuneko zuzenketa-eskea.
- Bizkaiko Batzar Nagusiek EH Bilduk eta Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako zuzenketa-eske parzialak be ez ditue onartu. Talde horreek sartutako aldaketak behin betiko onartu beharko dituan jorrailaren 9ko osokorako gorde ditue euren zuzenketak.
(Bilbon, 2025eko martiaren 28an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordeak, Lurralde Historikoko zerga sistemaren barrikuspen fiskalerako neurriak ezarten dituan Foru Arau proiektuaren idazketa barrirako Foru gobernuari eusten deutsien talde bien –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren artean lortutako akordioa irudikatu dau gaur. Batzar Nagusietako hiru taldeek euren botoak batu ditue arau proiektuan 44 aldaketa arte sartzeko, eta EH Bilduren Osotasuneko zuzenketa-eskea atzera bota dabe, talde horren 10 zuzenketa-eske parzialakaz eta popularrek erregistrautako 45 zuzenketa-eskeakaz batera. Oposizinoko talde biek ezarritako 19 artikuluen eta ganerako xedapenen kontrako botoa emon dabe.
Gaur onartutako aldaketak datorren apirilaren 9ko ohiko osokoan berretsi beharko dira indarrean sartzeko. Horreekaz, adibidez, 20.000 eurora zabalduko da –arau-proiektuaren jatorrizko testuan 19.000 euro ziran–, kopuru horretatik beherako diru-sarrerak dituen zergadunak, 350.000 persona inguru, Errentaren aitorpena egitera ez behartzeko aukerea. Halaber, 20.000 eta 30.000 euro arteko errentak dituen 65 urtetik beherako emakume alargunek 200 eurorainoko kenkaria izateko eskubidea izango dabe.
Etxebizitzaren atalean, alokairuarengaitiko kenkaria onartuko jake errenta txikienei, baita hori apliketako behar besteko kuotarik ez badabe be. Horretarako, 2.800 eurorainoko ordainketea jaso ahal izango dabe, zergarik ordaindu ez badabe be. Aldi berean, etxebizitzarengaitiko kenkariak mugatu egingo dira errenta handienetarako.
Aurrezkiari jagokonez, aurrezki-errenta handienen zerga-tasea handitu egingo da, % 25etik % 28ra. Ganera, PFEZan familia bateragarri egiteko eta seme-alabak zaindu ondoren lan-merkatura itzultzeko neurriak be sartzen dira, emakume eta gizonentzako kenkari espezifikoakaz.
Soziedadeen ganeko Zergari jagokonez, hiruko akordioak gitxieneko tasea % 15etik % 19ra igongo dau; enpresen aparteko mozkinetarako tributazinoa handitu egingo da, % 24tik % 28ra; eta kenkariak ezarriko dira energia barriztagarrietan inbertiduteagatik eta energia-eraginkortasunean hobekuntzak egiteagaitik. Ingurumen-inpaktu handia daben enpresek araudi barriak bete beharko ditue, eta, kasu batzuetan, karga gehigarriak euren gan hartu. Kontrara, 76.300 autonomok eta 31.300 mikro enpresak eta enpresa txikik hobera egingo dabe, eta, horri esker, autonomoek eta gaiztasun gehien dituen enpresek gastuen ehuneko handiagoa kendu ahal izango dabe.
EZTABAIDA PARLAMENTARIOA
Bozketak egin aurretik EH Bilduk zuzenketa-eskeen eztabaidea zabaldu (Osoko zuzenketa-eske bat eta 10 zuzenketa-eske parzial aurkeztu ditu) eta testuaren alde agertu diran hiru taldeen proposamena “onartuezintzat” jo dau. Iker Casanova oposizinoko lehenengo taldeko bozeroalearen eretxiz, PPren botoakaz onartutako aurreko barrikuspen fiskalaren “makillajea” da, hau da, “atzerapausua” eta “urte askotarako galdutako aukerea”. “Zergen progresibotasunaren kontra doa eta aberatsei egiten deutse mesede”, esan dau. Zerga-sistemak “gitxiago” batuko dau, Euskadin “% 33koa” dan presino fiskala ez dalako handituko. Euren zerbitzu publikoen kalitatearengaitik erreferenteak diran iparraldeko herrialdeetan, barriz, presino hori “%40 baino gehiagokoa” da. Horren aurrean, EH Bilduk, PFEZan, Soziedadeen ganeko Zergan eta kapital errentei zerga gehiago ezartean egindako aldaketen bitartez diru-sarrerak modu “globalean” handituko dituan bestelako eredua planteau dau.
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, akordioagaz erreforma fiskalak ezkerrera egitea lortu dau, Bizkaiko biztanleriaren ehuneko handiagoari mesede eginez. Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroalea bat etorri da EH Bildugaz, Bizkaiak “erreforma fiskal integrala behar dauela” esatean, “ekidadean oinarritutako” eredurantz joatea, baina bere taldearen jarrera “arduratsua” defendidu dau, beste alternatibea zein zan kontuan izanda, hau da, eskumara egitea. Bere eretxiz, adostutako “barrikuspenak” “ez dau ezelango aterik ixten” eta “funtsezko” aldaketak planteetan ditu errenta bajuen eta ertainen babesari jagokonez, kutxa publikoetan errenta altuen ekarpen handiagoa lortuta. Aldi berean, aurrera egiten da familia-kontziliazinoa eta etxebizitza eskuratzeko baldintzak hobetzeko eta energia-trantsizinoa bultzatzeko bidean. Talde moreak “taktizismo politikotzat” jo dau EH Bilduren Osotasunerako zuzenketa-eskea.
Batzordera bere taldeak planteautako 45 zuzenketa-eske parzialetako batzuk aurrera aterateko asmoz etorri dan Diego Pagadigorria Bizkaiko Talde Popularreko batzordekidea EH Bilduren Osotasuneko zuzenketa-eskea kritikauz hasi da, “ekonomia hazi daiten mobimendu desegokia” dala uste dauelako. Ukatu egin dau bere fiskalidade ereduak “aberatsei mesede egiten deutsenik”. Holan balitz “jenteak ez leuskigu botorik emongo”. Bere taldeak, bere aldaketakaz, “klase ertainei mesede egingo deutsen, ekonomiaren hazkundea bultzatuko dauen eta zerbitzu publikoei eusteko diru-bilketaren ehuneko handiagoa itzuliko dauen zerga sistemea planteau dau”. Pagadigorriak ez dau ukatu bere politika fiskalak zergak jaistea planteetan dauenik.
Goyo Zurro Batzar Nagusietako bozeroale sozialistaren eretxiz, adostutako zerga barrikuspena “gizartera eta egungo testuingurura egokitzen da”. Hiru lurraldeetan foru araua onartzea posible egingo daben hiru taldeen esfortzua eta lana eskertuz hasi dau bere berbaldia, eta EH Bilduren jarrerea kritikau dau, “ez adosteko estrategia argia” dauen Osoko Zuzenketea planteeteagaitik. Koalizino abertzaleak esaten dauenaren kontra, uste dau zerga barrikuspenak ez dituala baliabideak murriztuko. Bizkaiko Talde Popularraren aldaketei jagokenez, “zergen bereizketarik bako jatsierea” planteetearen ildotik doaz, eta, beraz, bere taldea ez dator bat.
Bere gobernukidearen eretxiz, “Bizkaiak aurrerapausua merezi dau bere zerga-sistemaren progresibidadea hobetzeko”, adierazo dau Aitor Arregi jeltzaleak. “Klase ertainei, autonomoei, errenta txikiei eta gazteei” mesede egiteko proponidutako aldaketak defendidu dituan bitartean, Arregik EH Bildu kritikau dau, “dana txarto hashtag-a” aukera errazaren alde egin dauelako, bere eretxiz, “gizarteari helarazo gura deutsien jarrera barriagaz –adostasunezkoa– talka egiten dauelako”. Batzordekide jeltzalearen eretxiz, koalizino abertzaleak zerga-barrikuspenak, antza danez, ekarriko dauen diru-sarreren beherapena kritiketan dauen bitartean, diru-bilketan “450 milioi euroko” murrizketea ekarriko leukien aldaketak planteau ditu.