BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKO BATEN LANDAKETA EKITALDIAN IZAN DIRA DONIBANE GARAZIN

  • Haretxaren ondorengoa udalerriko erdigune historikoan landatu da, Charles de Gaulle plazan.
     
  • Ekitaldian izan dira Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Rakel Goñi Lacar Mahaiko bigarren lehendakariordea, eta Behe Nafarroako komunidade politiko eta sozialaren ordezkaritza zabala, orain hilebete batzuk Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaritzari eskari ofiziala egiteaz arduratu zan Laurent Inchauspé Donibane Garaziko alkatea buru zala. 

(Donibane Garazi, 2025eko martiaren 15a). Gaurtik aurrera, Iparraldeak Euskadiko eskubide historikoen, askatasunen, bakearen eta demokraziaren euskal sinbolo unibersalena dan Gernikako Arbolaren ondorengo barria dauka. Batzarretxeko buru dan haretxaren 15 urteko oinordeko bat landatu da gaur goizean, Ipar Euskal Herriko udalerriak berak eskatuta, Zitadelaren oinean eta auzo zaharraren eta bertako harresien sarreran dagoan Charles de Gaulle plazan. 
 
Landaketa ekitaldian Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Laurent Inchauspé Donibane Garaziko alkatea egon dira, eta eurekaz batera herriko ordezkari politikoak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko ordezkariak, inguruko udalerrietako alkateak, eskualdeko agintariak eta Behe Nafarroako uriburuko herritarrak.
 
Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria pozik agertu da, gaurtik aurrera, Gernikako Arbolaren mendetako leinuak bere printzipio eta balio demokratikoen eraginak euskal geografiaren puntu horretara zabalduko ditualako, hain zuzen be, Iparraldeko lurretan, kasu horretan Donibane Lohizunen, beste oinordeko bat landatu eta urtebetera. Ekintza sinboliko horreekaz, haretx sagraduaren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek “askatasunaren, demokraziaren eta bakerako irrikaren haziak” barreiatzen jarraitzen dabe, Otaduik azpimarratu dauenez.
 
Donibane Garaziko alkatetzaren ekimenez landatutako haretxa, mundu osoan zabaldu diran 450 ale baino gehiagoren artean Ipar Euskal Herrian sustraiak bota dituen Gernikako Arbolaren dozena erdi ondorengoei gehitu behar jake, Foru parlamentuko erregistro eguneratuak jasoten dauenez. Azkena joan dan zapatuan, martiaren 8an, landatu eben Alonsotegin.

Haretxak daukan karga sinbolikoaz jaubetuta, orain hilebete batzuk Ipar Euskal Herriko alkateak gutun bidez eskatu eban Gernikako Arbolaren ondorengo baten landaketea, Behe Nafarroako uriburuak “gugan harrotasun handia sortzen daben euskal nortasunaren eta haren balioen sinboloa jaso eian”, idatzi eban gutunean.
 
Berbaldien ostean, Ana Otadui Biterik eta Laurent Inchauspék zugaitzaren landaketa sinbolikoa hasi dabe, Charles de Gaulle plazan, haretx sinbolikoaren sustraiak garatzeko aukeratutako lekuan lehenengo lur-paladak botaz. Hori gertatzen zan bitartean, Gogotik Taldeak Iparragirreren “Gernikako Arbola” ospetsua interpretau dau. Ondoren, ekitaldira konbidautakoek enborrari lur gehiago botetako ohitura jarraitu ahal izan dabe, eta amaitzeko, bertako Garaztarrak taldeko kideek ohorezko aurreskua dantzatu dabe.

Ekitaldia familia argazki bategaz eta Zugaitzaren Benetakotasun Ziurtagiria, landatutako alea Gernikako Batzarretxean dagoan egungo haretxaren ondorengoa dala egiaztetan dauen dokumentua, Donibane Garaziko alkateari emonez amaitu da.