EHU-KO ZERAMIKA MASTERREKO IKASLEEN “BESTE FORMA HORIEK” ESKULTURA-ERAKUSKETEA BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN
- EHUko Arte Ederren Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterreko 16 ikaslek talde-erakusketea aurkeztu dabe Bilbon, azken prestakuntza-aldian egindako lanetako batzuekin.
- Abuztuaren 31ra arte egongo da ikusgai Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea 6, beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.
(Bilbon, 2025eko garagarrilaren 3an). Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzinoa Masterra egin daben hamasei ikaslek prestakuntza-ibilbideari amaierea emongo deutsie Bilboko Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea 6, beheko solairua) gaur zabaldu dan “Beste forma horiek” talde-erakusketeagaz.
Modu iradokitzailean antolatu da erakusketea, eta buztinen eta zeramika-prozeduren aukera amaibakoak aztertzen dituen hainbat proposamen pertsonal batzen dira bertan. Protagonistak Leioako campusean emoten dan graduondoko ikastaro espezializauaren azkeneko promozinokoak dira. Zehazki, honeek dira parte-hartzaileak: O. Irati Petuya Ingunza, Valentina Rodríguez de Tezanos Pinto, Marina B. Bielli Sánchez, Nicole N. Nieto Herrera, Candela Eirea Orro, Sandra Ardila Ramírez, Madeleinne A. Rodríguez Montoya, Mónica Armengol Nicolás, Janire Mindegia Etxepare, Lina M. Maldonado Jacobsen, Josu Santamaría Luque, Inés Asensio Nogueira, Violeta Roca Rom, Javiera I. Jaras Castaños, Iñigo Alonso Bilbao eta Melisa Vezhdieva Gyultenova.
Bizkaiko Batzar Nagusietako aretoan ikusgai dagozan proposamenak Europa eta Latinoamerikako hainbat lekutatik datorren talde multikulturalaren ezagutzen, sensibilidadearen eta begiraden emaitzak dira. Erakusten diran lorpenen bidez, jagoken gizartearen irudiak bistaratzen laguntzen dituen esanahiak batzen ditue, hareen marjinak zabalduz. Euren lanetan, “sormen-autonomia nabaritu daiteke, bai eta bakotxak bere eremua topau gurean egindako baidaia be. Itxuraz ahulak diran materialak sormen solidoakaz bateratzen ditue, non hiru dimentsiotasunak dispositiboen ideiei eusten deutsen”, adierazo dau José María Herrera Jiménez masterreko zuzendariak katalogoan. Erakusketa horretan zeramikea erabilten da “planotik bolumenerantz igaroteko, mugak gaindituz, materialaren mugak errealitate artistiko barriak aurkitzeko leku komun gisa balioetsiz”, adierazo dau Herrerak.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak egin dau erakusketearen aurkezpena, Batzar Nagusietako aldi baterako erakusketen artean azkena, uda ostera arte behintzat. Erakusketeak “aukerea emoten deusku agirian dagoana baino harago begiratzeko eta beste aukera batzuk deskubriduteko zeramikearen hizkuntza zahar eta, era berean, biziaren barruan”, Batzar Nagusietako Lehendakariak bertaratutako artistei esan deutsenez. Talde-erakusketa hau, hainbat hilebetetako lanaren ostean atondurtakoa, “harrigarria da, sormen handiko askotariko artelanak ekarten ditugulako eta zeramikea aberastasun handiko materiala dala erakusten dogulako”. Pieza horreetan “materia dago, sua dago, teknikea dago… baina emozinoa be badago, eta pentsamentua, memoria, eta material honen bolumenagaz eta mugakaz alkarrizketan jarduteko gogo handia be”, laburbildu dau Otaduik.
Bizkaiko Batzar Nagusiek EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz orain hamarkada batetik dauken akordioaren emaitza da erakusketea. Akordioa, hain zuzen be, Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko sinatu zan. Oraingoan zeramika-masterreko ikasleen artelanak dagoz ikusgai. Batzar Nagusiek Bilbo erdian daukien erakusketa-aretoa lagatzen dabe EHUko ikasleen lana bizkaitarrengana errazago gerturatzeko. “Beste forma horiek” erakusketea abuztuaren 31ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado Amezaga kalea 6, beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera doan izango da.